Atzo arratsaldeko 19.00etan 200 pertsona baino gehiago Irungo San Juan plazan elkartu ziren. Helburua, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat egitea. Bertan bildutakoek Donostiako epaitegi batek “euskararen kontra” hartutako erabakia salatu zuten.
AEK-k, Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak, Aitzondo Euskara Kultur Eltarteak eta Irunbar Irungo Bertso Bilguneak deitutako elkarretaratzea izan zen. Arratsaldeko 19:00etatik 19:20era Irungo udaletxearen aurrean bildutako herritarrek elkarretaratzea egin zuten. Elkarretaratzearen amaieran borobilean elkartu eta irakurritako komunikatuak horrela zioen:
“Tamalez, albiste txar batek batu gaitu gaurkoan. 54 lanpustu. 49 euskara eskakizun. Epaile batek astakeriatzat jo du. Normalizazioa erdiesteko bestelako bideak omen daude. Epaileek ongi jakingo dituzte, bai, ahaleginak eta bi egiten ari baitira urrats bakoitza zangotrabatzeko. Aski da!
Gainera, ezin dugu ahantzi adineko eta menpekotasuna duten pertsonen zaintzaz ari garela. Egoera zaurgarrian daude, eta zaintza duina emateko abiapuntu ezinbestekoa hizkuntza dugu. Ta beren lana ongi egiteko asmoz, euskara ikasi duten langile horien ahalegina, epaileak zer dio? Eta euskaraz lan egitea ez dugu ezta aipatuko ere.
Ez gara ari eraso isolatu batez. Enegarren kolpea dugu honakoa. Irunen ere izan genuen udaltzainen auzia. Duela egun batzuk suhiltzaile bati mintzamen-proba euskaraz egitea debekatu ez ezik, erantzun euskarafoboa ere eman zion Jaurlaritzak. Azterketari guztiek baldintza berberetan egiteko berme bakarra denok españolez egitea omen da. Harrapazank! Galdakoa, Eibar, Pasaia, Erandio… geografia eskola emateko moduan geundeke, baita Euskotrenen ere.
Nafarroako zonifikazioa, Merezimendu dekretua, Ipar Euskal Herriko egoera lazgarria, ofizialtasunik eza… Xirimiria bezala, pixkana-pixkana ari zaizkigu bustitzen, ohartzerako, itota nahi gaituzte. Isolatu eta bakartiak dirudite, baina ez, ongi definitutako estrategia baten emaitza baino ez da. Euskara eremu publikotik ezabatzea. Zerbitzuak ezin euskaraz eskaintzea, langileek euskaraz lan egiteko eskubidea urratzea. Euskaldunon hizkuntza-eskubideak ukatzea, alegia.
Sententzia sorta horren guztiaren atzean helburu bat eta bakarra dago: denok españolez bizitzera kondenatzea. Lagunok, argi izan dezagun: hemen bi eredu daude: Bata: guk sustatzen duguna: gizarte eleanitza, euskara ardatz duena. Bestea: haiek sustatzen dutena: gizarte elebakarra. Española ardatz eta bakarra duena. Guk eman eta eskaini egiten dugu, tresnak eta baliabideak ditugu euskara denok ikas eta erabil dezagun, ezagutza unibertsala baitugu helburu. Agian ez dira nahikoak, eta ez dira, baina, horregatik, instituzioei exijitu, eskatu behar diegu.
Haiek, aldiz, kendu. Euskara zokoratu. Guk euskara kohesiorako nahi dugu, integraziorako. Haiek, berriz, bereizketa nahi dute. Beraz, nor ari da hemen inposatzen?
Bukatzeko, eraso hauek guztiak, lazgarriak izangatik ere, balia ditzagun elkartzeko, batzeko, irmo erantzuteko. Izan ere, zure, nire, gure, euskaldunon, guztion eskubideak daude jokoan. Erasoen xirimiria olatu geldiezina bihur dezagun! Aitzina beti euskalduna!”
Oldarraldiaren hasiera
Gerora hizkuntza-eskubideen aurkako “oldarraldi judiziala” izendatu zena Irunen hasi zen, 2021ean, udaltzainen deialdi baten harira. Geroztik, langile publikoei hizkuntza-eskakizunak ezartzearen kontrako epaiak bata bestearen atzetik iritsi zaizkigu, Euskal Herriko hamaika txokotan. 2024ko udazkenean, oldarraldi judiziala bueltan da Irunen, zoritxarrez.
Kasu honetan, Donostiako epaitegi batek ebatzi du euskararen kontrako erabakia. Gipuzkoako Foru Aldundiaren organismo autonomoa den Kabia erakundeak adineko pertsonentzako eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako egoitzak kudeatzen ditu. 2022an hasi zuen 56 zaintzaile egonkortzeko deialdia. 49 lanpostutan ezarri zuten euskarazko hizkuntza-eskakizuna; B2 maila eskatzen zen horietako gehienetan, eta B1 maila batzuetan.
Bada, bertan behera geratu da egonkortze-deialdia, bi langilek jarritako salaketa aintzat hartu baitu epaileak, eta arrazoia eman die salatzaileei, ezarritako hizkuntza-eskakizunak neurriz kanpokoak zirela iritzita. Epai honek zuzenean eragiten digu Irungo herritarroi. Izan ere, deialdiak Gipuzkoako bost udalerritan kokatutako egoitzei eragiten die, eta tartean da Irungo Ama Xantalen egoitza, Kabia organismoak kudeatzen baitu 2020tik.