Euskararen kontrako sententzia dela eta, elkarretaratzea deitu dute bihar arratsalderako

Euskararen normalizazioaren kontra egiten duen sententzia bat onartu dela jakin ostean, elkarretaratzea antolatu dute biharko, urriaren 29ko, arratsaldeko 19:00etarako San Juan plazan. Sententziak Iruni zuzenean eragingo diolakoan, euskal hiztunen kontrako erasoa salatzeko kontzentrazioa egingo dute.

Euskararen normalizazioaren aurka egiten duen sententzia dela ulertuta, euskaldunen eskubideen kontrako erasoa dela eta eskubide murrizketa dakarrela salatuko dute. Oldarraldi juridiko-politikoa honi kontra egiteko asmoz, AEK-k, Betti Gotti euskara kultur elkarteak, Aitzondo Irungo euskara taldeak eta Irunabar Irungo bertsoaren bilguneak elkarretaratze hau deitu dute.

Gertatutakoaren testuingurua

Gerora hizkuntza-eskubideen aurkako “oldarraldi judiziala” izendatu zena Irunen hasi zen, 2021ean, udaltzainen deialdi baten harira. Geroztik, langile publikoei hizkuntza-eskakizunak ezartzearen kontrako epaiak bata bestearen atzetik iritsi dira, Euskal Herriko hamaika txokotan. 2024ko udazkenean, oldarraldi judiziala bueltan da Irunen.

Kasu honetan, Donostiako epaitegi batek ebatzi du euskararen kontrako erabakia. Gipuzkoako Foru Aldundiaren organismo autonomoa den Kabia erakundeak adineko pertsonentzako eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako egoitzak kudeatzen ditu. 2022an hasi zuen 56 zaintzaile egonkortzeko deialdia. 49 lanpostutan ezarri zuten euskarazko hizkuntza-eskakizuna; B2 maila eskatzen zen horietako gehienetan, eta B1 maila batzuetan.

Bada, bertan behera geratu da egonkortze-deialdia, bi langilek jarritako salaketa aintzat hartu baitu epaileak, eta arrazoia eman die salatzaileei, ezarritako hizkuntza-eskakizunak neurriz kanpokoak zirela iritzita.

Epai honek zuzenean eragiten digu Irungo herritarroi. Izan ere, deialdiak Gipuzkoako bost udalerritan kokatutako egoitzei eragiten die, eta tartean da Irungo Ama Xantalen egoitza, Kabia organismoak kudeatzen baitu 2020tik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude