Irunabar, Irungo Bertsoaren Bilgunea, Txingudiko Bertso Eskolaren kudeaketaz arduratzen da. Ikasturte berria urriaren 1ean hasiko dute eta izena emateko epea zabalik dago jada. Txingudi Badian bertso eskola ezberdinak dauzkate. Adrian Arruti eta Irati Alcantarilla irakasleek azaldu dutenez, ezagutza-maila desberdinak dituzten ikasleak onartzen dituzte eta ezinbesteko baldintza bakarra bertsotan trebatzeko gogoa izatea da.
Nola prestatzen ari zarete ikasturte hasiera?
Adrian: Iazko ikasleekin hartu-emanak izan ditugu iraila hasi eta orain arte. Haien jarraikortasunarekin batera, gure blogaren eta sare sozialen bitartez deialdia egin dugu kanpoko ikasle horrek izena eman nahiko balu gurekin bertsotan aritzeko aukera izan dezan.
Pandemiak bertsoen munduan eragina izan du?
Irati: Bai bertsoen munduan eta bai orokorrean. Beldur handiagoa nabaritu daiteke. Ni umeen irakaslea naiz eta azkenaldian zalantza asko ikusi ditut gurasoen artean haurrak bertso-eskolan apuntatzearen inguruan. Asko galdetzen digute ea klasean neurri guztiak betetzenmantentzen diren edo ez.
Adrian: Guk kokaleku ezberdinetan dauzkagu bertso-eskolak eta leku horien edukierara egokitu ditugu protokoloak. Aurreko ikasturtean hala ibili ginen eta ikusiko dugu ikasturtean zehar zer gertatuko den.
Zeintzuk dira aurreikusitako neurriak momentuz?
Adrian: Bi bertso-eskola Irungo AEKren egoitzan egiten dira eta han bederatzi laguneko edukiera daukate gela bakoitzeko. Urriaren 1ean hasiko gara eskolak ematen eta LABIak iragarritako azken neurrietara egokituko gara. Aurrerantzean gauzak aldatuko balira, moldatuko ginateke. Hendaiako gaztetxean egiten diren bertso-eskolen kasuan, berriz, ez dago edukiera arazorik, neurriak askoz zabalagoak direlako.
Zenbat talde daude Txingudi Bertso Eskolaren barnean?
Adrian: Kronologikoki sailkatu genitzake. Haurren bertso-eskola hasieran, heldu hasiberrien taldea, bat-batekotasuna lantzen hasteko taldea eta benetan bat-batean inolako arazorik gabe aritzeko gai direnak. Bestetik, aurrekoekin zerikusirik ez duen bertso tailer bat dugu, proiektuetarako erabiltzen duguna. Hau da, kantaldiak antolatzeko edo bertso paper lehiaketetan parte hartzeko.
Zer jakin behar da bertsolaritzan murgildu aurretik?
Irati: Nik kudeatzen dut talde hori eta nire ustez garrantzitsuena gogoz etortzea da. Bertan ikasten dira oinarrizko gauzak: bertso batek errimak dauzkala, bukaeratik hasi behar dela, doinuak kantatzen ditugu, … Asteazken gauetan ematen ditugu eskolak eta helduak direnez, lanetik edo egun osoaren ostean nekatuak egon daitezkeela ulertzen dugu, beraz, bertsoa deskonektatzeko jolas modura erabiltzen dugu.
Hortik aurrera, nola laguntzen dituzue bertsolariak haien ezagutzetan sakontzeko?
Adrian: Beti dago hobetzeko zerbait, baita bertsolari onenen kasuan. Lanketa kolektiboan hasi eta lanketa propioraino doa. Egoitz Zelaiak kudeatzen duen bat-bateko taldeetako batean “metabertsoa” deritzon bertsoaren egitura lanketan sakontzen da eta hori hobetzen saiatu beharko genuke guztiok, nahiz eta gero ez lortu.
Bertsolaritzak ez du adinik?
Adrian: Ez. Txingudiko Bertso Eskolan adin guztietako pertsonak elkartzen direlako bertan. Bertsolari gazteenak bospasei urte izango ditu eta kide beteranoenak, aldiz, 74. Jaizubian elkartu ohi garenetan sekulako adin nahastea dago bertan.
Irati: Adin desoreka egon arren, segituan sortzen da taldea eta konplizitatea. Polita eta bitxia da nahasketa hori ikustea.
Zer egin behar da izena emateko?
Adrian: Gure webgunean irailean zehar bertso eskolen eskaintzaren berri eman ohi dugu, eskola bakoitzaren arduraduna nor den zehaztuz. Beraz, irakasleari telefonoz deitzearekin nahikoa da. Bestela, interneteko sarbidean emaila ageri da, irunabar@gmail.com, eta hortik gurekin harremanetan jartzeko ohitura du jendeak.
Nola aurreikusten duzue ikasturte berria emanaldiei dagokienez?
Adrian: Izurritearen aurretik bertso-eskolen egunak antolatzen genituen. Pandemiarekin ekintza horiek guztiak bertan behera geratu dira. Aurten ekintza horiek berreskuratu ahal izatea espero dugu. Irunabarreko kideak emanaldi guzti horiek berreskuratzeko lanean ari gara, ahal bezain laster jendaurreko emanaldiak itzul daitezen.
Irati: Bestetik, hilabeteko lehen ostegunetan Kabigorriko Bertso gauetan elkartu ohi ginen eta bertsolari berriak trebatuagoenekin taulara igotzeko aukera ematen zigun.
Elkartearen egoera ikusita, Txingudi badian bertsolaritzak etorkizuna bermatuta du?
Irati: Nik baietz esango nuke. Bai eskoletara datorren jende kopuruarengatik zein jendeak bertsolaritzarekiko duen inplikazioarengatik. Ikasle asko laster plazan edo nahi duten tokian kantatzeko prest egongo dira.
Adrian: Bai, espero dezagun. Zaletasuna bada eta ez da gutxi, baina norbanakoari dagokio plazan kantatzeko aukerak arakatzea edo beste maila batzuetan aritzea. Irunero eta Hitza hedabideekin baditugu hilabeteroko bertso jarriak eta hori ere bertsolaritza zabaltzeko beste modu bat bada. Uste dut orain daukagun egoera oso osasuntsua dela, nahiz eta egoera honetan plaza digitalak benetako plazari lekua irabazten ari zaion. Momentuz behintzat ondo gaudela esango nuke, ikusi beharko da hemendik bost edo hamar urtera egoera nolakoa den.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.