Akabo inauteriak

Berrikuntzak izan ditu aurten sardinaren ehorzketak, Ondare Kultur Elkartearen eskutik

Sardinaren ehorzketak eman die amaiera Irungo inauteriei, otsailaren 9an. Arraina eta Zanpantzar erre dituzte San Juan plazan, inauterietako egitarauko azken jardueran. Aspaldiko ohitura da sardinaren ehorzketa, baina berritasunak izan ditu aurten. Ondare Kultur Elkarteak antolatu du lehen aldiz, eta garai bateko elementuak berreskuratu ditu, indar berria emateko asmoz.8

Euripean egin du sardinaren ehorzketaren kofradiak bere hileta-martxa. Hala ere, zintzo irten da Zabaltza plazatik, 19:30etan. Colon Pasealekua, Foru Kalea eta Kale Nagusia zeharkatu ondoren, San Juan plazan amaitu du ibilbidea. Lasto artean kokatu dituzte Zanpantzar eta sardina, eta su eman diete, inauterien amaiera irudikatzeko. Zanpantzarrek mosketari mozorro berezia aukeratu du aurten. Txorizoak jaten ibili da, ustelkeria kasuei erreferentzia eginez. Sardinak suziriaren mozorroa aukeratu du, agintariek iragarri izan duten susperraldi ekonomikoaren metafora gisa. Sardinaren ehorzketaren errekuperazioa irudika lezake, baita ere. Hori da, behintzat, aurtengo antolatzaileen helburua.

Sardinaren ehorzketa gainbeheran zihoan”
Iñigo Mangas, Ondare Kultur Elkarteko presidentea

Sardinaren ehorzketaren kofradia eraberritu du Ondare Kultur Elkarteak. Urte batzuk eman dituzte proiektua aurrera eraman nahian. Azkenean, aurten jarri dute martxan, udalaren baiezkoa jaso ondoren. “Garai batean Izoki elkarteak antolatzen zuen sardinaren ehorzketa. Baina duela lauzpabost urte ardura hori utzi zuen, eta ekitaldia gainbeheran zihoan”, azaldu du Iñigo Mangas Ondare Kultur Elkarteko presidenteak. Ohitura indarberritzeko asmoz, Izoki Elkarteko kideekin harremanetan jarri ziren. Horrela lortu zuten garai batean sardinaren ehorzketan erabiltzen ziren estandarteak eskuratzea.

Ekitaldiari ikusgarritasun handiagoa ematen saiatu gara”
Iñigo Mangas, Ondare Kultur Elkarteko presidentea

Pertsonaiak ere berreskuratu nahi izan zituzten Ondareko kideek. Horretarako, udal artxiboko argazkietan arakatzen ibili ziren. Akerrak, eta beltzez jantzitako alargunak ateratzen zirela ikusi zuten. Pertsonaia horiek berreskuratzen saiatu direla argitu du Mangasek. Gainera, beste pertsonaia batzuk gehitu dituztela onartu du: “Ekitaldiari ikusgarritasun handiagoa ematen saiatu gara. Ehorzketa bat dela kontuan hartuta, apaizak eta meza-laguntzaileak sartu ditugu”. Aurten larri samar ibili dira denboraz, udalaren konfirmazioa berandu heldu zaielako. Datorren urterako, ordea, proiektuaren egonkortzea espero du Iñigo Mangasek: “Aurtengoa lehen proba izan da. Jendeak kalean eta komunikabideetan ikusi gaitu, eta beharbada, datorren urtean, parte hartu nahi izango du”.

Ondareari eusteko asmoz

2011 urtean sortu zen Ondare Kultur Elkartea. Orokorrean, hiriko kultura eta ohiturak bizirik mantentzeko, eta horiek gazteen artean zabaltzeko helburuarekin. Lehen ekimena, Irungo alardean inspiratutako buruhandiak eta erraldoiak egitea izan zen. Sanmartzialetan eta auzoetako jaietan parte hartu izan dute horiekin. Bestelako lan ildoak ere jorratu dituzte. “Batetik, harrera etxeak bisitatzen ditugu errege bezperan, erregeen kabalgatan irteten gara, eta Disney pertsonaiekin elikagai bilketetan parte hartzen dugu”, argitu du Mangasek. Elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko Kalean Bai programan parte hartzen du Ondarek. Euskara ere hiriaren ondare den aldetik, helburu gisa du elkarteak. Jarduera gehienak euskaraz egiten saiatzen direla baieztatu du Iñigo Mangasek. “Euskara eskolako ikasgai bat besterik ez da gazte askorentzat, eta hori aldatu nahi dugu, eskolaz kanpo euskaraz aritzeko aukera eskainita”, erantsi du.

Orain arte ez dute lokalik izan, eta horrek asko zaildu du elkartearen bilakaera. Hasieran, buruhandiak eta erraldoiak Iñigo Mangasen gurasoen etxean gordetzen zituzten. Bilerak eta eskulanak, presidentearen beraren etxean egiten zituzten. Beranduago, garaje bat alokatu behar izan zuten. “Jende askorentzat, fikziozko elkartea gara. Prentsan ikusten gaituzte, kalean ere bai, baina gero ezin gaituzte kokatu. Horregatik ezin izan dugu gehiago hazi”, aipatu du Iñigo Mangasek. Orain, berriz, Landetxako haur hezkuntzako eskola zaharrean egoitza bat edukitzeko aukera emango die Irungo Udalak, beste zenbait elkarterekin batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude