Bidasoa Irunek garaipen handia lortu du CSM Constantaren aurka (37-25), EHF European Leaguen bi puntu gehiago lortzeko eta talde errumaniarrari “golaverajea” irabazteko. EHF European Leagueko laugarren jardunaldia izan da atzo Artalekun jokatutakoa. Guztira, 1.384 zale bildu dira Irungo zelaian.
Bidasoako taldearen lehen zatia bikaina izan da, defentsan zein erasoan indar fisiko handia jarri duena aurkari porrokatu baten aurka. Hasiera oso parekatu baten ondoren (4-4, 6. min), 4-0eko partzial batek partida apurtu du horikoen alde. Dariel García bikain batek, 13. minutuan sartutako golen erdiak eskuratu duena (10-6), Artaleku bere eserlekuetatik altxatu du lehen zatiko zazpi golei esker, eta partidaren amaieran hamar gol sartu ditu. Aldeak handituz joan dira, zortzi tantoko errenta maximoa lortu arte, Macielek ate aurrean sartutako gol batekin hain zuzen ere. Partidako minutu handien ondorioz, Bidasoa Irunek zazpi puntuko aldea lortu du atsedenaldian (20-13).
Errenta handiarekin, bigarren zatian joera berdinetik jarraitu du eta aldeak handituz joan dira markagailuan Bidasoa Irunen aldeko 14 tantora iritsi arte (33-19, 49. min). Bi puntuak poltsikoan eta golaverajea alde, Artalekuk gozatu egin du, aspaldian gozatzen ez zuen bezala. Europako gau handi bat, ahalik eta ondoen amaitu da (37-25). Dariel Garcíaren partidaz gain, Boskos eta Asier Nieto jokalariak ere nabarmendu dira golari begira, bakoitzak sei gol eskuratuz.
Partida honen ostean, Bidasoa Iruni neurketa bakarra geratuko zaio selekzioen arteko geldialdiari aurre egin aurretik. Bidasotarrek Viveros Herol BM Nava taldeari egingo diote bisita igandean (12:30ean) Plenitude Ligako zortzigarren jardunaldia jokatzeko. Eskubaloia azaroaren 15ean, ostirala, itzuliko da Artalekura (20:00etan) Impulse BM Guadalajararen aurkako norgehiagokarekin.