Aurrekontu Parte-hartzaileei esker Udaltzaingoak bitarteko berriak ditu

Sergio Javier Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzako ordezkaria Irungo Udal Komisarian izan da gaur goizean, Aurrekontu Parte-hartzaileei esker udaltzainen zereginetan aritzeko Udaltzaingoak gehitu dituen edo gehituko dituen bitarteko berriak aurkezteko.

Ordezkariak adierazi duenez, bitarteko berri horiek eskuratzea Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzarako Itunaren barruan sartzen da, zeina berritu egin den, eta horrek “nabarmen hobetuko du” Udaltzaingoak hirian ematen duen zerbitzua, kalitatea hobetu eta kopurua handituko baititu. Sergio Javierrek azaldu duenez, “jakin badakigu herritarren segurtasuna dela herritarrak gehien kezkatzen dituen gaietako bat, eta, beraz, herritarren ordezkari garen aldetik, gure betebeharra da ahalik eta talde onenarekin prest egotea, behar denean benetako konponbideak emateko, antolatzen diren ekitaldi ugarietan eta auzoetan estaldura handiagoa eta hobea emanez”.

Hain zuzen ere, hauek dira nobedade nabarmenenak: polizia-etxean larrialdi-gela bat sortzea eta lau motozikleta elektriko eskuratzea zaharrenak ordeztu eta gaur egungo ibilgailu-kopurua handitzeko. Era berean, aipatu behar da dagoeneko hasiak direla Udal Komisarian atxilotu-erreseinak jasotzeko gela bat eraikitzeko lanak.

Zigilu jasangarria duten aurrekariak

2010eko irailean, Irungo hiria Alkateen Itunari atxiki zitzaion. Itun horren bidez, hitzarmena sinatu zuten udalerriek konpromisoa hartu zuten 2020. urterako beren CO2 emisioak % 20 murrizteko.

Tokiko Gobernu Batzarrak 2012ko abenduan udalerrirako Energia Jasangarriaren Jarduera Plana adostu zuen. Plan horrek, besteak beste, ibilgailu-flotaren % 100 ibilgailu garbiekin berritzea du helburu, daudenak ordezkatuz, betiere une bakoitzean merkatuan dagoen eskaintza teknologiko espezifikoa kontuan hartuta

Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Irungo Udalak orain “Klima eta Energiarako Alkatetzen Ituna” deitzen den ekimenarekiko konpromisoa berritu du, eta gaur egun Ekintza Plan berri bat prestatzen ari da. Plan horrek berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko helburuak betetzeko jarduketak jasoko ditu, eta aldaketaren aurkako borrokan duen konpromisoa zabalduko du, 2030. urterako helburuak dituzten politikak ezarriz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude