‘Loturak ehuntzen’ ekimenak bere lehen auzo-topaketa jarriko du martxan datorren larunbatean, azaroak 7, Irungo Anaka auzoan. Bitar-bask elkarteak bultzatuta eta Irungo Udalaren zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, proiektu honek hainbat topaketa komunitario eramango ditu datozen hilabeteetan hiriko auzo ezberdinetara.
Ekimenaren helburu nagusia bizilagunak elkartzea, elkar ezagutzea eta auzokideen arteko harremanak sendotzea da, adina, jatorria edo kultura alde batera utzita, espazio publikoa elkarbizitzarako eta kohesiorako gune bihurtuz. Hitzordua Pedro de Aristegui enbaxadorearen plazan kokatuko da goiz osoan zehar, eta bertara gerturatzeko deia luzatu zaie familiario, lagun-taldeei zein banakakoei, bai Anakako bizilagunei bai Irungo gainerako auzoetako herritarrei.
Jarduera egitaraua prest
Goiza dinamizatzeko adin guztietara egokitutako jarduera-egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek. Ekitaldiak 10:30ean hasiko dira munduko jolasekin, eta 11:00etan Anakari buruzko bingo berezi bati bide emango diote. Jarraian, 11:30ean, plazan zehar ginkana bat egingo da Hirubide ikastetxeko ikasleen laguntzarekin, eta 12:30ean pintxoak dastatzeko eta solasaldian aritzeko gunea irekiko da elkarretaratzeari amaiera goxoa emateko. Horrez gain, haurrek protagonismo propioa izango dute egunean zehar, gune berezi batean parte hartu ahal izango baitute horma-irudi kolektibo bat margotuz eta auzoa hobetzeko proposamenak zein ideiak plazaratuz.
Argibide gehiago nahi dutenek 621 156 678 telefono-zenbakira deitu edo idatzi dezakete (baita WhatsApp bidez ere), edota zurine@bitarbask.org helbidera mezua bidali.



