Irungo Udaleko Obretako, Mantentze-lanetako eta Azpiegituretako Arloak irisgarritasuna eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeko lan sorta abiarazi du aste honetan hiriko hainbat puntutan. Esku-hartzeek 85.910 euroko esleipen-aurrekontua dute (BEZa barne), eta OCIDE IRUN SL enpresak gauzatuko ditu datozen hiru hilabeteetan zehar. Jarduketa hauen helburu nagusia oinezkoentzako igarobideak irisgarriago egitea, bide berriak sortzea, espaloiak zabaltzea eta ikastetxeen inguruko zoladurak hobetzea da, hiriko eguneroko joan-etorriak errazteko.
Hobekuntza nagusietako bat galtzadarekiko 3 eta 5 zentimetro inguruko tartea daukaten oinezkoen pasaguneak egokitzea izango da. Lan txiki baina eraginkor hauen bidez, arekako desnibelak kenduko dira lehendik dauden zintarriak edo lauzak bota beharrik gabe. Esku-hartze horiek Nafarroa eta Gipuzkoa etorbideetan, Aduana kalean eta Pikoketa kalearen zein Karrika Nagusiaren arteko bidegurutzean egingo dira. Horrez gain, oinezkoentzako pasagune berri bat sortuko da Hendaia kaleko 13. atariaren inguruan; izan ere, gaur egun eremu horretako igarobideak elkarrengandik 200 metrora daude, eta azpiegitura berriak auzotarren eskaerari erantzungo dio segurtasuna eta erosotasuna irabazteko.
Bestalde, Juan Thalamas Labandibar kaleko 37. zenbakian, Azken Portuko kiroldegiaren pareko autobus-geltokian, espaloia 3 metrora arte zabalduko dute. Inguru horretan bidegorria espaloitik igarotzen denez, oinezkoen espazioa asko estutzen zen, eta egoera konpontzeko bertako parterrearen zati bat kenduko da. Obra-multzo honetako lanik handiena, halere, Pagogaina kaleko atzealdean gauzatuko da, Hirubide ikastetxearen sarbidearen ondoan; bertako espaloia osorik birzolatu eta hobetuko dute, eta kalera sartzeko oinezkoen pasaguneak modu egokian berrituko dituzte.
Gorka Álvarez Obretako, Mantentze-lanetako eta Azpiegituretako ordezkariak nabarmendu du lan hauek, batzuk tamainaz txikiak izan arren, herritarren eguneroko ongizatean eragin zuzena dutela: “Oinezkoentzako igarobideak hobetzeak, tarte txikiak kentzeak, espaloiak zabaltzeak edo errepidea gurutzatzeko puntu berriak sortzeak hiria irisgarriagoa, erosoagoa eta seguruagoa izatea eragiten dute”. Ordezkariak gaineratu du Udalak herritarren premiei erantzuten jarraituko duela auzo guztietako oinezkoen espazioak duintzeko.



