Amaitu dira Amaia Kultur Zentroko irisgarritasuna, autonomia eta segurtasuna hobetzeko lanak

Udan hasi ziren Amaia Kultur Zentroa berritzeko hobekuntza lanak. Lanen barnean, auditoriumeko ekipamendu  eszenikoa ordezkatzeaz gainera, irisgarritasuna hobetu eta sarrerako seinaleak eguneratu dira. Nuria Alzaga Irungo Udaleko lehenengo alkateordea eta Kulturako ordezkaria eta Jon Ugarte Obra, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako ordezkariak bertan izan dira gaur goizean lanen emaitzak ikusteko.

Nuria Alzagak nabarmendu duenez, lanei esker, Amaia Kultur Zentroak oso aurrerapauso kualitatibo handia egin du, “eta XXI. mende betean sartu da. “Irunera ikuskizunik onenak ekartzen segitu ahalko dugu, makineria eszenikoa eta argiztapena nabarmen hobetu baitira eta horri esker ikuskizunek are hobeto emango baitute agertokian”, gaineratu du Irungo Udaleko lehenengo alkateordea eta Kulturako ordezkaria.

Jon Ugarteren hitzetan, “Irungo Udalak konpromiso sendoa hartu du ekipamendu publikoetako irisgarritasuna hobetzeko, eta horren adierazgarri dira irundar guztiek kulturaz baldintza berdinetan gozatzeko urteetan egin dituen lanak eta, tartean, hau”.

Lanen helburua

Hiru proiektuen helburua ikuskizunen kalitatea hobetzea izan da, horretarako azpiegitura berriak instalatuz.

Batetik, auditoriumerako ekipamendu eszenikoa hornitu eta instalatu da. Lan hauek 578.188,44 euroko aurrekontua izan dute. Horrela, ekipamenduaren teknologia eguneratu da, eta ikuskizunen ekoizpena eta kalitatea ere hobetu da.

Egitura eta mekanika eszenikoak berritu dira (eskuzko hagak eta haga motordunak, motorrak, fokuak jartzeko poleak eta gainontzeko makineria eszenikoa), baita ehun batzuk, berriak suaren kontrakoak baitira. Agertokia argiztatzeko azpiegitura osoa eta ikus-entzunezko sistemak berritu dira, eta foku zaharren ordez askotariko LED fokuak jarri dira. Lan horien helburu nagusia segurtasuna hobetzea izan da, eta egungo araudira egokitzea, baita ekipamendu eszeniko berria jartzea, modernoa eta teknologia eszenikorik berrienetara egokitua.

Bestetik, irisgarritasuna hobetzeko ekipamendua instalatu da, 38.597,07 euroan. Pio XII.a plazako sarreretan, ate arinagoak jarri dira, baita arrapala bat eta barandak.

Azkenik, sarreretako seinaleak eguneratu eta modernizatu dira. Zehazki, 18.149 euro erabili dira, Euskadiren Helmugako Jasangarritasun Turistikoko II. Lurralde Planaren barruan, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruko NextGenerationEU funtsetatik lortuak. Era honetan, irisgarritasuna, autonomia eta segurtasuna hobetu dira, erabiltzaileak argiago ikusiko baitu non dagoen eta zer bideri jarraitu behar dion helmugara iristeko.

Lan hauek guztiek 2022 eta 2023ko proiektu bati jarraipena eman diote. Orduan, seinale irisgarri eta kognitiboak instalatu ziren, Amaia KZren barruan, eremu batzuk eta besteak identifikatzeko, goi-erliebea eta braille sistema baliatuz besteak beste, baita gidaritza sistema berri bat, erabiltzaileak smartphone edo tableta bidez orientatzeko. Honi esker, erabiltzaileek entzunez eta ikusiz jaso dezakete informazioa, inongo koderik fokatu behar izan gabe, aplikazioak helmen handia baitu.

Beraz, Irisgarritasuna, autonomia eta segurtasuna hobetu dira, erabiltzaileak argiago ikusiko baitu non dagoen eta zer bideri jarraitu behar dion helmugara iristeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude