Be Veggie jaialdi beganoa Ficobara itzuliko da abenduaren 6tik 8ra. Animalien esplotaziorik gabeko eta jasangarritasunarekin konprometitutako bizimodu % 100 begetal bat nahi dutenen topagune izango da. Aurtengo edizioak milaka lagun eta 60 erakusketari inguru bilduko ditu. Horrela, publiko guztientzako askotariko jarduerak proposatzen ditu.
Be Veggiek erakutsi du jendea erakartzeko gaitasun handia duela, estatu mailan. Euskal enpresez gain, gainerako ia autonomia-erkidego guztietakoak ere etorriko dira. Aipagarria da Kataluniako (% 18,97) eta Madrilgo (% 8,62) enpresen parte-hartzea. Gainera, Andaluzia, Aragoi, Asturias, Extremadura, Galizia, Gaztela-Mantxa, Kantabria, Murtzia, Nafarroa eta Valentziako erakusketariak ere etorriko dira.
Urtero bezala, Be Veggieren eskaintzan produktu eta zerbitzu beganoen alorreko azken joerak ekarriko dituzten erakusmahaiak eta bestelako proposamenak uztartuko dira, hala nola elikadurari, moda jasangarriari, osasunari eta ingurumenari buruzko hitzaldiak edota familia osoarentzako tailer hezitzaile eta ludikoak. Parte-hartzaileek sukaldaritza beganoaren erakustaldiak ikusiko dituzte showcookingetan, yoga-saioetan erlaxatuko dira, aukera gastronomiko % 100 begetalak dastatuko dituzte food trucketan eta zuzeneko musikaz gozatuko dute. Esperientzia bikain bat bizimodu begetal berritzaileena ezagutzeko, hari buruz ikasteko eta harekin konektatzeko.
Beganismoa ikuspuntu guztietatik
Hizlari nabarmenen artean, Be Veggien izango da Amanda Romero, Veganuaryren Espainiako zuzendaria. Mundu mailako ekimen horrek gonbita luzatzen dio jende guztiari urtarrileko hilabetean beganismoa probatzeko eta, nahi badute, jarraitzeko. Hitzaldian, Amandak munduaren luze-zabalean arrakasta izan duen kanpaina horren berri emango du, izan duen inpaktua azalduko du, eta erakutsiko du nola ari den ekimen hori aldaketa sustatzen, bizimodu kontziente eta jasangarriago baten alde lerrarazi baititu milaka pertsona.
Gainera, zuzenean grabatuko da Be Veggien Malditos Veganos podcast ezaguna. Sylcred (Sergio Guallar), Sekiam (Miguel Martí) eta Miriam J. Lastra izango dira protagonistak, eta beganismoaren ikuspegi gazte eta ausart bat eskainiko digute. Haiek berek diotenez, «Malditos Veganos podcasta beganismoa ulertzeko modu berri batetik sortzen da, “gure erara” egitea gustatzen baitzaigu. Bazeuden lehendik ere beganismoari buruzko beste hainbat podcast, eta “aktibismo” hau egiteko gure ukitua ematea erabaki genuen, gazteagoa eta ausartagoa. Izan ere, beganismoa oso kontu serioa izan arren, gertutik eta modu dibertigarri batean erakutsi nahi izan dugu».
Malditos Veganos podcastaren ondoren, aurtengo Be Veggieren beste berritasun bat iritsiko da: Espainiako V-Label sariak banatzeko ekitaldia. Abenduaren 7an izango da, larunbatarekin. Golardo horiek Espainiako Batasun Begetarianoak (UVE) ematen ditu, sektore beganoan berrikuntzaren eta jasangarritasunaren alorreko lider diren enpresen lana saritzeko. Maialen Gaztañaga Be Veggieko zuzendaria hautagaitzak ebaluatuko dituen epaimahaiko kide izango da. V-Label sarien deialdiak harrera bikaina izan du. Guztira, 29 enpresa eta 38 produktu aurkeztu dira, Marketina eta marka, Berrikuntza, Jasangarritasuna eta Kontsumitzaileen kuttuna kategorietan.
Edizio honetako beste erakargune bat Fashion Revolution ekimena izango da, formatu handiko egiaztagailu publikoarekin. Proposamen berritzaile horri esker, bisitariek une horretan soinean daramaten arroparen ingurumen-inpaktua egiaztatu ahalko dute.
Askotariko gailuetan funtzionatzen duen app baten bidez, erabiltzaileek beren arropari buruzko zenbait datu sartzen dituzte (osaera, jatorria, zainketak eta erabilera), eta berehala jasotzen dute berotze globalean duen inpaktuaren erradiografia bat. Soinean daramazun arroparen analisi hori egin nahi baduzu, ez galdu aukera eta jo www.cualeselimpactodetuprenda.com webgunera.
Be Veggie jaialdiaren egunetan, Emaus Gizarte Fundazioarekin elkarlanean, «Nik berrerabiltzen dut, eta zuk?» kanpaina aktibatuko da, parte-hartzaileei eskatzeko erakusketarietako batean instalatutako edukiontzi batean uzteko arropa, zapatak eta osagarriak. Bertan, ekonomia sozial eta zirkularraren onuren berri emango zaie. Jasotako baliabideei beste bizitza bat emango zaie, Emausen sei dendetan salgai jarrita Irunen, Arrasaten, Donostian, Errenterian eta Hernanin.
Ekimen honen bidez kontsumo jasangarria sustatzen da baina, horretaz gain, gizarteratzeko lanpostuak sortzen dira, emandako arropa kudeatu, tratatu eta saltzeko prozesua gizarte-bazterketan dauden edo geratzeko arriskuan dauden pertsonek egiten baitute, laneratzeko kontratuen bidez, eta, horrela, lan-merkatura sartzeko erraztasunak ematen zaizkie.
Arroparen kontsumoarekin lotutako beste proposamen bat ere izango dugu, Silvia eta Vanesaren eskutik. Bi ahizpa hauek antolatu dute My Vegan Closet, arropa beganoaren munduko lehen direktorioa. Horren bidez, modaren industriaren alorreko krudeltasunik gabeko alternatiba jasangarrien inguruan kontzientziatu nahi dute.
Horrez gain, Patricia Ortega dietista-nutrizionista ere Be Veggien egongo da. Bederatzi urtetik gorako eskarmentua du nutrizioaren alorrean, eta «Lortu elikadura % 100 begetal bat saiakeran hil gabe» izeneko hitzaldi interesgarria eskainiko du. Ekitaldi horretan, Patriciak bere ezagutzak partekatuko ditu, eta azalduko du nola izan elikadura begano orekatu, osasuntsu eta osatu bat. Horretarako, egunerokoan zer mantenugai eta elikagai multzo behar ditugun kontatuko du.
Be Veggieren programarekin bat egin du, halaber, Aida Gascón AnimaNaturalisen Espainiako zuzendari exekutiboak. Erakunde horrek 20 urtetik gorako ibilbidea du animalia guztien eskubideak ezartzen, zabaltzen eta babesten. Gainera, Zezenketen kontrako Nazioarteko Sarearen Espainiako koordinatzailea da, bai eta «Ez da nire kultura» legegintzako herri-ekimena sustatzeko batzordeko kidea.
Idazle beganoak Be Veggien
Be Veggieren edizio hau liburu berriz josia egongo da. Lau idazlek jaialdia aukeratu dute haur zein helduentzako beren azken lanak aurkezteko.
Rocío Cano soziologo eta aktibistak haurren haziera birpentsatzeko gonbita dakar, ikuspegi kritikotik eta konpromisotik, bere lehen liburuan «Criar también es política. Del veganismo al feminismo». Analisi sakon baten bidez, Rocíok askotariko gaiak lotzen ditu, hala nola beganismoa, feminismoa, ekologismoa eta askatasun sexuala. Liburua Andrea Arrizabalagak aurkeztuko du. EITBko kazetaria da, eta beganoa duela 5 urtetatik.
Bigaren liburua «No como animales» da, Alberto Peláez distantzia luzeko korrikalari beganoarena. Bertan azaltzen duenez, dieta % 100 begetala egiteak eragin positiboa izan du bere kirol-errendimenduan. Liburu hau, atletentzako inspirazio-iturri izateaz gain, baliabide baliotsua da jarduera fisikoari uko egin gabe bizimodu beganoan hasi nahi dutenentzat, informazio zientifiko eta nutrizionala baitakar.
Eguzkiñe Gago Povedanok Manuel haur sentikor eta dantzazalea aurkeztuko dira «El niño que quería bailar» ipuinean. Familiaren bizibidea zezenketen ingurukoa da eta beste plan batzuk dauzkate beretzat, baina Manuelen ametsa dantzari handi bat izatea da. Istorio samur honek askotariko gaiak esploratzen ditu, hala nola nork bere bidea aukeratzeko askatasuna eta animaliekiko errespetua, eta irakurleei bizitzaren funtsezko balioen inguruko hausnarketa egiteko gonbita luzatzen die.
Azkenik, Mery Ocaña ere Be Veggien izango da «El sueño de Dolfi»rekin. Protagonista izurde bat da, eta pasio handi bat dauka: zirkuluetan igeri egitea. Itxian bizi delako. Itzuli bat eskuinera. Itzuli bat ezkerrera. Baina, egun batean, Lola orka txikia helduko da bere igerilekura, eta leku zoragarri batez hitz egingo dio: ozeanoaz.
Showcookingak: jateko geldialdia
Sukaldaritza % 100 begetala da Be Veggie jaialdiko protagonistetako bat. Aurten, Idoia Garcia izango dugu Ficobako sukaldean. Donostiako Garraxi Tabernaren sortzailea eta sukaldaria da, eta 23 urtetik gora darama jaki begetariano eta beganoak eskaintzen.
Be Veggien izango den beste jatetxe bat Sarako Ephéméride da, sasoiko fruta eta barazkien proposamen batekin. Horrela, argi geratuko da sukaldaritza begetal askotarikoa dela guztiz, bai eta orekatua, koloretsua eta goxo-goxoa ere. Hori guztia, Marion Boidinen eskutik: autodidakta eta sukaldaritza begetarianoaren zale porrokatua.
Babeslekuen lana
Jaialdi begano bat izanik, beren lekua izan behar zuten animalientzako babeslekuek ere. Ezinbesteko lan bat egiten dute, eta animaliak babestu eta errespetatzearen garrantzia gogora ekartzen digute, tratu txarrak jasan dituztenei edo abandonatutakoei itxaropenez betetako espazio seguru bat eskaintzen baitiete.
Aurten honako hauek izango dira Be Veggien: La Vida Color Frambuesa, Fundación Santuario Gaia, Santuario Espíritu Libre, La Manada Cántabra, Frente L.A. Santuario animal, Katubihotz, Santuario Corazón Verde eta AnimaNaturalis.
Musika zuzenean: askotarikoa eta hunkigarria
Be Veggiek estilo desberdin askotako musika proposatzen du, giro minimalistetatik hasi eta erritmo afrolatinoetaraino, eta soinu-esperientzia ezin hobea izango da entzuleentzat. Artista gonbidatu bakoitzak bere estiloa eskainiko digu, emozioak eta musika lotuta, eta samurtasuna, energia eta sakontasuna biltzen dituen giro bat sortuta.
Ekin Torner, Ane Leux , Mariadrila, Lua Matheus, Ainhoa Etxezarreta eta Pilar Sánchezek eta Lucía Mauleónek osatutako duoa arduratuko dira 20241ko Be Veggieren musikaz.