Be Veggie 2024 jaialdi beganoa abenduaren 6an, 7an eta 8an egingo da Ficoban. Programaren prestaketa aurrera doa, bertaratzen direnen interesa piztuko duten proposamen berritzaile ugarirekin. Edizio honetan ere, zenbait konpainia begano ezagunek parte hartuko dute Be Veggien, beren produktu eta zerbitzuak aurkeztuta, eta gainera askotariko jarduerak eta hitzaldiak antolatuko dira, beganismoa ikuspegi askotatik aztertzeko.
Hizlari nabarmenen artean, Be Veggien izango da Amanda Romero, Veganuaryren Espainiako zuzendaria. Mundu mailako ekimen horrek gonbita luzatzen dio jende guztiari urtarrileko hilabetean beganismoa probatzeko eta, nahi badute, jarraitzeko. Hitzaldian, Amandak munduaren luze-zabalean arrakasta izan duen kanpaina horren berri emango du, izan duen inpaktua azalduko du, eta erakutsiko du nola ari den ekimen hori aldaketa sustatzen, bizimodu kontziente eta jasangarriago baten alde lerrarazi baititu milaka pertsona.
Gainera, zuzenean grabatuko da Be Veggien Malditos Veganos podcast ezaguna. Sylcred (Sergio Guallar), Sekiam (Miguel Martí) eta Miriam J. Lastra izango dira protagonistak, eta beganismoaren ikuspegi gazte eta ausart bat eskainiko digute. Haiek berek diotenez, «Malditos Veganos podcasta beganismoa ulertzeko modu berri batetik sortzen da, “gure erara” egitea gustatzen baitzaigu. Bazeuden lehendik ere beganismoari buruzko beste hainbat podcast, eta “aktibismo” hau egiteko gure ukitua ematea erabaki genuen, gazteagoa eta ausartagoa. Izan ere, beganismoa oso kontu serioa izan arren, gertutik eta modu dibertigarri batean erakutsi nahi izan dugu».
Malditos Veganos podcastaren ondoren, aurtengo Be Veggieren beste berritasun bat iritsiko da: Espainiako V-Label sariak banatzeko ekitaldia. Abenduaren 7an izango da, larunbatarekin. Golardo horiek Espainiako Batasun Begetarianoak (UVE) ematen ditu, sektore beganoan berrikuntzaren eta jasangarritasunaren alorreko lider diren enpresen lana saritzeko. Maialen Gaztañaga Be Veggieko zuzendaria hautagaitzak ebaluatuko dituen epaimahaiko kide izango da. V-Label sarien deialdiak harrera bikaina izan du. Guztira, 29 enpresa eta 38 produktu aurkeztu dira, Marketina eta marka, Berrikuntza, Jasangarritasuna eta Kontsumitzaileen kuttuna kategorietan.
Edizio honetako beste erakargune bat Fashion Revolution ekimena izango da, formatu handiko egiaztagailu publikoarekin. Proposamen berritzaile horri esker, bisitariek une horretan soinean daramaten arroparen ingurumen-inpaktua egiaztatu ahalko dute.
Askotariko gailuetan funtzionatzen duen app baten bidez, erabiltzaileek beren arropari buruzko zenbait datu sartzen dituzte (osaera, jatorria, zainketak eta erabilera), eta berehala jasotzen dute berotze globalean duen inpaktuaren erradiografia bat. Soinean daramazun arroparen analisi hori egin nahi baduzu, ez galdu aukera eta jo www.cualeselimpactodetuprenda.com webgunera.
Arroparen kontsumoarekin lotutako beste proposamen bat ere izango dugu, Silvia eta Vanesaren eskutik. Bi ahizpa hauek antolatu dute My Vegan Closet, arropa beganoaren munduko lehen direktorioa. Horren bidez, modaren industriaren alorreko krudeltasunik gabeko alternatiba jasangarrien inguruan kontzientziatu nahi dute.
Proposamen horiekin batera, beste aukera ugari ere eskainiko dizkie Be Veggiek bisitariei, jaialdiaz jo eta su gozatzeko: proposamen % 100 begetalez betetako erakusmahaiak, produktu eta zerbitzu beganoen azken aukerak ezagutzeko; elikaduraz, moda jasangarriaz, osasunaz eta ingurumenaz ikasteko hitzaldiak; familia guztiarentzako jarduera hezitzaile eta dibertigarriz betetako tailerrak; sukaldaritza % 100 begetaleko showcookingak, gastronomia beganoaren errezeta eta teknika berriak deskubritzeko; erlaxatzeko eta nork bere gorputzarekin konektatzeko yoga; eskaintza gastronomiko begetal handi batez gozatzeko foodtruckak; eta zuzeneko musika, gozatzeko eta erlaxatzeko.
Informazio gehiago lortzeko eta berritasun guztien berri izateko, bisitatu gure webgune berritua: www.beveggie.eus, eta jarraiguzu Instagramen, TikToken, Facebooken eta Youtuben. Eta, gogoan izan: ez huts egin bizitza begetalaren ospakizun honetan!