7.000 bisitari inguru igaro dira Be Veggie jaialdi beganotik asteburu honetan

7.000 bisitari baino gehiago igaro dira asteburu honetan Ficoban egin den Be Veggie jaialdi beganotik. Bisitak %40 igo dira pasa den edizioarekin alderatuta. Azokaren datuek agerian utzi dute bizi-estilo beganoa, % 100 landarezkoa, animalien ustiapenik gabea eta ingurumenaren iraunkortasuna sustatzen duena, gero eta jarraitzaile gehiago dituel eta gainerako biztanleengan interesa sortzen duela.

Bisiten igoera aurreikusitako kalkuluen barruan sartzen zen, ez bakarrik jaialdiak aurten egun bat gehiago iraun duelako, baita enpresa erakusketarien gehikuntzagatik ere. Edizio honek 70 stand izan baititu, 2022an baino % 30 gehiago.

Pertsona beganoak, flexibeganoak, barazkijaleak edo kontsumitzeko eta bizitzeko modu berriak aztertzen ari direnak Ficobara hurbildu dira asteburu honetan. Gehienak Gipuzkoatik etorri dira, Donostialdea, Bidasoaldea eta Oarsoaldetik. Aipatzekoa da, halaber, bisitarien ia % 8 frantziarrak izan direla. Pertsonez gain, txakurrak ere ongi etorriak izan dira jaialdian. Lau hankako bisitarien kasuan ere igoera nabaritu da, iaz 100 txakur izatetik aurten 175 igaro baitira Ficobatik.

Aipatzekoa da, halaber, Be Veggieren programako 30 jarduera paralelok izan duten jarraipen zabala. Jaialdia bisitatu dutenek hitzaldi, mahai-inguru, showcooking edo tailerretan parte hartzeko aprobetxatu dute. Eta zuzeneko musikarekin eta food trucken proposamen gastronomikoarekin gozatu dute.

Bisitariak eta erakusketariak pozik

Egia esan, Be Veggiek aho zapore bikaina utzi du bai enpresa erakusketarien artean, bai jaialdian parte hartu duten pertsonen artean. Enpresen % 75 pozik edo oso pozik agertu dira ekitaldia nola joan den ikusita, eta % 87k adierazi dute Be Veggieren hurrengo ediziora itzultzeko interesa dutela. Bestalde, bisitarien % 85 baino gehiago pozik edo oso pozik agertu dira.

Be Veggiek agur esan du datorren urtera arte eta, horrela, amaiera eman dio 2023ko Ficobako azoka, kongresu eta ekitaldi handien denboraldiari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude