Bihar hasiko dira Pio XII.a plaza irisgarriago egiteko lanak

Irungo Udalak jakinarazi duenez, bihar, hilak 23, Pio XII.a plazako irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko dira. Tokiko Gobernu Batzarrak Urbycolan enpresari esleitu zizkion, joan den otsailean, 176.046,12 euroan, eta, aurreikuspenen arabera, hiru hilabete iraungo dute.

Bizikidetza eta Segurtasun Planaren esparruan egingo dira, zeina aurreko legealdian hitzartu zen hiria eraldatzeko (hiriko zenbait tokiren diseinua, itxura eta argiztapena hobetzeko). Kasu honetan, planak auzotarren, elkarteen eta merkatarien eskaera bati ere erantzuten dio.

Proiektuaren barruan, plazaren hegoaldeko zatia eta ondoko bideak berrurbanizatuko dira, plazaren irisgarritasuna eta itxura orokorra hobetzeko. Era berean, segurtasuna hobetuko da, argi foku berriak jarrita.  Gainera, kaleko altzari batzuk kenduko dira, hala nola pibote eta jardinerak, ikuspena hobetzeko.

Erdigunean, bidegurutze handi bat sortuko da, zirkulazioa moteltzeko eta plazara sartzen diren oinezkoak arin eta seguruago ibiltzeko. Ildo beretik, irisgarritasuna hobetzearren, Serapio Mujika kalean, oinezkoentzako pasabide beheratu bat eraikiko da, Aureliano López Becerra kalean dagoenarekiko simetrikoa. Espaloi zati batzuetan ere egingo dira lanak, zolagaina berritzeko eta gainazala indarreko araudira egokitzeko; zehazki, arrapala bat eraikiko da egungo eskaileren ordez. Azkenik, parterreen forma pixka bat aldatu, eta itxura orokorra hobetuko da. Edonola ere, egungo landare eta zuhaitzek zutik jarraituko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude