FICAB XXIV, urteurren garrantzitsu baten atarian

Hala da, aurten 24. edizioa ospatzen dugun honetan, etengabe gogoan dugu datorren urteko ospakizuna, izan ere, Arkeologia Zinemaldi honek 25 urte beteko baititu, alajaina!  Hasiera-hasieratik arkeologia zinemaren bidez zabaltzeko helburu hura, erabat errotu da, eta gaur egun zinemaldi arkeologikoan erreferente izateaz gain, mundu mailan Arkeologia Jaialdi garrantzitsuenetako bat izatera iritsi gara.

Hasiera apal haietatik, gaur egunera arteko ibilbidea luzea izan da. Orduko formatuak ere aldatu dira, eta gaur egun digitalizazioak lan egiteko modua erraztu badu ere, zinemaldiak bizi izan duen gorakada izugarria izan da, eta erronka handia da zinemaldia urtez urte handitzea eta indartzea.

Betidanik filmak aukeratzeko orduan,  indusketekiko edo ikerketekiko zorroztasun zientifikoa erabatekoa izan da; baita  kalitate zinematografikoa ere. Animaziozko filmak, birsorkuntza historikoa erakusten dutenak, fikziozko istorioak, eta batez ere dokumentalak. Luzera, modu eta tankera guztietako dokumentalak. Aurre-historiatik hasi eta gerra zibileko memoria historikoa ere erakusten duten arkeologia lanak, baina ahaztu gabe, Egipto, Grezia, erromatar garaia, bisigodoak, Erdi Aroa, Ameriketako zibilizazioei buruzko filmak, edota beste hamaika konturen ingurukoak, poliki-poliki gu eta gure ikusleak aditu izaten lagundu digutenak.

Aurten film kopuru ikaragarria jaso dugu eta oso maila altukoak gainera, eta hautaketa prozesua ez da batere erraza izan. Neurri handi batean hori, zinema arkeologikoak bizi duen une bikainaren adierazgarri da. Bereziki Frantzian edo Italian  oso zabala da horrelako dokumentalen eskaintza. Baina beste lurralde batzuetara ere zabaltzen ari da.

Urtero, ordea, erronka berriren bati egin behar izaten diogu aurre, baina denek zer ikasia ekarri digute eta aukera ezin hobeak utzi dizkigute; pandemiak esaterako onlineko jaialdia utzi zigun. Eta aurtengo erronka jaialdiaren leku aldaketa izango da. Amaia KZko lanak direla-eta, egoitza berri baten bila hasterakoan Ocines-Mendibil iruditu zitzaigun egokiena. Zine areto erosoak, kalitateko proiekzioak eta Irungo erdigunean. Aldaketa honek ere utziko du bere arrastoa, seguru.

Beste berrikuntza bat ere badugu aurten, oso pozgarria gainera. EITB gure jaialdiaren laguntzaile berria bihurtu da. Gure ibilbidearekin oso lotuta dagoen sari bat banatuz, alegia, genero ikuspegia hoberen edo gehien sustatzen duen filmari emango zaion saria. Gure zinemaldian arkeologiak zer-nolako iraultza bizi izan duen gertutik ikusi dugu. Hainbat film izan ditugu ikusgai, non orain arte ez bezala, emakumeak ziren ehorzketa garrantzitsuen protagonistak, edota orain arte planteatu ere egiten ez zen bezala, emakumeak ziren leize-zuloetako pinturen egileak. Horietako aurkikuntza askotan, zorionez, emakumeekiko begirada piztu da. Emakumeek rol garrantzitsuak betetzen zituztela erakutsi da, eta horrek historiaren kontaketa irauli du. Zine arkeologikoak zabalkunde lan hori egiten sekulako ahalegina egin du, eta benetan eskertzekoa da. Eta ez bakarrik gaiak jorratzeko orduan da garrantzitsua emakumeen presentzia, baita emakume zuzendarien edo emakume ikerlarien begiradak ere asko du eskaintzeko. Eta are gehiago gurea bezalako zinemaldi batean, non jaialdi honen historian zehar, hasiera-hasieratik, emakumeen zuzendaritza eta lidergoa izan diren nagusi, zinemaldiaren 24 urte hauetan zinemaldia beti emakumeek zuzendu baitute. Mertxe Urteagaren ideia hau berak jarri zuen martxan, eta 2010etik 2016ra bitartean bera izan zen zuzendaria, ondoren Maria Jose Noainek hartu zion erreleboa 20218ra arte, eta 2019tik aurrera Aizpea Goenaga da zuzendaria.

Jaialdiko Sari Nagusia, Hezkuntza Sailaren Saria, Zientzia dibulgazioaren Arkeolan saria, EITB Saria genero ikuspegia sustatzeko, eta Ikusleen Sari berezia. Publiko fidela, zorrotza eta gogotsua, gure hazkundearen bultzatzailea izan dena, eta izaten jarraituko duena, erronka berriei aurre egiteko. Irungo Udalaren babes leialarekin eta Donostiako Aquariumaren eta ONCEren laguntza paregabearekin.

Dena prest dugu: filmak azpititulatuta eta erakusteko prest, programa martxan, kartela, online filmak ikusteko plataforma, epaimahaia, gurekin filmen ondoren solasean arituko diren adituak, ikastetxeek prestatu dituzten ARK MO film laburrak,… den-dena prest dugu. Orain argiak itzali eta Bidasoko Nazioarteko Arkeologia Zinemaldiaz gozatzera gonbidatzen zaituztet. Ondo pasa eta asko FICABeatu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude