Martxan da LANNAHI programaren hirugarren txanda Irungo Udal Euskaltegian

Irungo Udal Euskaltegiak abian jarriko du LANNAHI programaren hirugarren txanda. Langabezia egoeran dauden pertsonei begirakoa da programa eta, haren bitartez, euskara debalde ikasteko aukera ematen zaie. Hirugarren txandako ikastaroa apirilaren 12an hasi eta ekainaren 22an bukatuko da.

Ikastaroak, printzipioz, aurrez aurreko eta urrutiko jarduna uztartuz eskainiko dira. Ikasle eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko beharrezkoak diren prebentzio neurriak hartuko dira, eta izena emandako ikasle kopuruaren arabera, beharrezkoak diren egokitzapenak egingo dira.

Udala programa honen bost txanda eskaintzen ari da 2020-2021 ikasturtean: 3 ikasturtean zehar eta 2 udan. Ikasturtean zehar goizeko txandetan izena ematen dutenak egunero lau orduz arituko dira euskara ikasten eta arratsaldeko txandetan, aldiz, 3 orduz. Udan, ordea, egunero lau orduz arituko dira goizez.

LANNAHI programan izena eman nahi dutenek izen-ematea internet bidez egin beharko dute, martxoaren 1etik 11ra, SAC24h www.irun.org/sac zerbitzuaren bitartez Irun Txartela edo beste ziurtagiri digital batzuk erabiliz (NA elektronikoa, IZENPE txartela..), eta hori ezinezkoa bazaie, SACeko autozerbitzu terminaletan (San Martzial kalea, 2) egin ahalko dute matrikula egunero 8:00etatik 22:00etara.

Eskaria internetez egiteaz gain, mailaketa proba egin behar da, Udal Euskaltegian ari direnen edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik. Mailaketa proba egiteko 943 505273 telefonora deitu behar da hitzordua eskatzeko.

Programan parte hartu ahal izateko honako baldintza hauek bete behar dira: LANBIDEn lan eskatzaile bezala inskribatua egotea eta langabezian egotea, edo lanean egonda ere, jardunak lanaldiaren %50a ez gainditzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude