Udal Euskaltegia
Irungo Udal Euskaltegian irailaren 18ra arte zabalik egongo da 2020/21 ikasturtean izena emateko aukera. Urritik ekainera ordu kopuru desberdineko ikastaroak eskaintzeaz gainera, LANNAHI ikastaro trinkoak eskainiko ditu aurten ere Udal Euskaltegiak.
Udal Euskaltegian modulazio desberdineko ikastaroen artean aukeratu ahalko da ordutegi eskaintza zabalarekin. Hau da, egunero ordu eta erdi, 2, 3 edo 4 orduko ikastaroak, astean 2, 3, 4 eta 5 eguneko ikastaroak ordutegi desberdinetan, larunbat goizetan C1 azterketa prestatzeko ikastaroa … Ikastaroak urriaren 1ean hasi eta ekainaren 22an bukatuko dira. Ikastaroen prezioa moduluaren araberakoa da baina asistentzia eta aprobetxamendu ona duten ikasleek euskara ikasteko udalak ematen dituen bekak eskuratu ahal izango dituzte. Beka honen bitartez matrikula prezioaren %100a arte jaso dezake ikasleak.
Ikastaroak aurrez aurre eskainiko dira. Ikasle eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko beharrezkoak diren prebentzio neurriak hartuko dira. Horretarako, izena emandako ikasle kopuruaren arabera, beharrezkoak diren egokitzapenak egingo dira (eskolak txandaka ematea…).
Udalak, gainera, urriaren 1etik abenduaren 22ra ikastaro trinkoak debalde eskaintzen dizkie langabezia egoeran dauden ikasleei edo gehienez ere %50eko lanaldia duten ikasleei LANNAHI programaren bitartez. Programa hori Euskara Arloak martxan jarri zuen euskara ikasteko ahaleginean ari diren edo aritu daitezkeen irundarrentzako. Ikastaro hauek goizez egunero 4 ordukoak edo arratsaldez egunero 3 ordukoak izaten dira.
Udal euskaltegiko ikastaroetan interesa duten pertsonek, hala nola LANNAHI programan interesa dutenek irailaren 18ra arte izen-ematea egiteko aukera izango dute. LANNAHI ikastaroetan apuntatzeko asmoa dutenek izenematea internetez egin beharko dute HAZ24h zerbitzuaren bitartez , Irun Txartela edo beste ziurtagiri elektroniko batzuk erabiliz (NAN elektronikoa, IZENPE txartela..). Hortaz gain, San Martzial kaleko egoitzako HAZeko autozerbitzu terminalak erabili ahal izango dituzte izen-ematea egiteko.
Gainerako ikastaroetan interesa duten pertsonak irailaren 18ra arte Urdanibia plazako 5. zenbakian kokatutako Udal euskaltegira hurbildu beharko dira. Harrera bulego ordutegian egingo da, hau da, goizetan 10:30etatik 13:30etara eta, arratsaldez ,16:30etatik 19:00etara.
Udal Euskaltegian eskainitako ikastaro guztientzat mailaketa proba egitea beharrezkoa izango da. Mailaketa probak udal euskaltegian egingo dira irailaren 3tik 18ra, goizez 10:30etatik 13:30etara eta arratsaldez 16:30etatik 19:00etara.
Irungo AEK
Irungo AEK euskaltegian irailaren 25era arte zabalik egongo da 2020/2021 ikasturteko ikastaroetan izena emateko aukera. A1etik C2ra bitarteko euskara maila guztiak eskaintzen dira Irungo AEKn. Gainera, mintzarako talde bereziak antolatuko dira ere. Hortaz gain, ikastaroak aurrez aurre egiteko aukeraz gainera, era konbinatuan, online eta autoikaskuntza formatuan egiteko aukera eskaintzen da.
Osasun krisialdia dela eta, eskoletan musukoa uneoro erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Gainera, ikasleen arten metro eta erdiko distantzia gordeko da eta klase bakoitzeko ikasle kopurua 6 eta 8 ikasleen artekoa izango da. Ikasleek astean zehar iraupen ezberdina duten ikastaroen artean aukeratu ahalko dute, hau da, 5, 6 eta 9 orduko formazioak eskaintzen dira.
Izen-emateak era presentzialean egingo dira, nahiz eta interesdunek 943628834 telefono zenbaki finkora deituz, 688746633 telefono mugikorrean WhatsApp bidez edo irun@aek.eus posta-ekektronikora idatziz informazioa eskuratzeko aukera izango dute ere. Izen-emateak egin edo ikastaroen inguruko informazioa lortu ahal izateko Irungo AEKko bulegoa astelehenetik ostiralera goizez 10:00etatik 13:30ak arte eta, arratsaldez, 17:00etatik 20:00ak arte. Larunbatetan, berriz, 10:00etatik 13:00ak arte.
Herri Jakintza
Nafarroa hiribidean kokatutako Herri Jakintza euskaltegian izen-emate epea irailaren 28an itxiko da. Bertan izen ematea egin ahal izateko, 943635266 telefono zenbakira deitu edo euskaltegira hurbiltzea komeni da. Konfinamenduaren ostean, Herri Jakintza euskaltegia ekainaren 8an martxan jarri zen berriro ere eta uda osoan zehar irekita egon da lau talderekin.
Herri Jakintza euskaltegian A1etik hasita C1era bitarteko euskara maila guztietako ikastaroak eskaintzen dituzte, azterketa ofizialen prestakuntzara bideraturik. Astean zehar iraupen ezberdina duten ikastaroak daude aukeran, zehazki, 6, 7,5, 9 eta 12 orduko ikastaroak. Ikasturtea urriaren 5ean hasiko da. Aurrekoetan bezala, kasu honetan ere aprobetxamendu onarengatik diru-laguntzak jasotzeko aukera izango dute ikasleek.
Momentuko osasun egoera dela eta, neurri bereziak hartu dituzte ikasturte berrira begira. Ikasgelak handiak izan arren, ikasgela bakoitzeko ikasle kopuru maximoa 8 pertsonakoa izango da. Musukoa uneoro erabili beharko da euskaltegi barruan. Momentuz, eskolak modu presentzialean emango dira eta, egoerak okerrera egingo balu, klaseekin modu erdi-presentzialean edo online egiten jarraitzeko modua bilatuko lukete.