Alberdania argitaletxeak hiru hamarkada daramatza euskal literaturaren unibertsoa aberasten, Irundik mundura kalitatezko lanak eskainiz. Bere ibilbide luzean 1.200 izenburutik gora argitaratu ditu, eta horietatik % 80 euskarazko sorkuntzak izan dira. Gaur egun, aro berri bati ekitearekin batera, logoa eta bildumak berritu ditu bere esentzia independenteari eusteko. Argitaletxearen gaurko egoeraz eta erronkez hitz egin digu Oier Etxebeste Giménez Alberdania argitaletxeko editoreak.
Nola jaio zen Alberdania Irunen eta zein izan da argitaletxearen helburu nagusia sortu zenetik?
Alberdania argitaletxea 1993an jaio zen Inazio Mujika Iraola eta Jorge Giménez Bechen eskutik, adin guztietarako literatura eskainiz, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Urte horietan biak parte hartzen ari ziren Lur argitaletxean entziklopedia orokor bat osatu nahian eta argitaletxearen martxa ezagutzearekin batera, poeta, ilustratzaile eta literatura zale batzuekin hasi ziren harremanetan, eta okurritu zitzaien beste argitaletxe bat sortzea. Egun ziklo berri bat ernatzen ari da Alberdanian, Aritz Galarraga, Gorka Bereziartua, eta Miren Mujika editore eta kolaboratzaileekin.
Zer garrantzi du argitaletxea Irun bezalako hiri batean egoteak argitaletxearen eguneroko lanean?
Alberdaniaren egoitza Irunen egotea ez da kasualitatea, sortzaileetako bat, Jorge, Irundarra zen, eta jada Irunen edo Bidasoaldean baziren sortzaile eta idazle ugari. Alberdaniako hasierako katalogoko autore askok jada parte hartu zuten Irunen sortutako literatur aldizkari batean, “Irungo Udaleko Euskara Kontseiluaren aldizkarian” hain zuzen ere, Joxan Elosegi eta Jorge Giménezek sortua, izenez Plazara aldizkaria.
Argitaletxe baten barnean, zeintzuk dira liburu bat argitaratzeko faseak eta zeintzuk dira bertan parte hartzen duten profesionalak?
Liburu bat argitaratzea lan kolektiboa da: editoreak, idazleak, zuzentzaileak, diseinatzaileak, inprentak, banatzaileak eta komunikazio arduradunek elkarrekin egiten dute lan liburua irakurleengana iristeko.
“Alberdaniaren egoitza Irunen egotea ez da kasualitatea, sortzaileetako bat, Jorge, Irundarra zen”
Proposamenak aukeratzeko orduan, zer irizpidetan oinarritzen zarete?
Alberdaniak proposamen bat aukeratzeko, hainbat faktore ditu kontuan: testuaren kalitatea, katalogoarekiko koherentzia, irakurle potentziala, eta bideragarritasun ekonomikoa.
Erraza da idazle berrien talentua detektatzea?
Ez, ez da beti erraza idazle talentua detektatzea. Bilatzen duguna da, kalitate literarioa, originaltasuna, estilo propioa eta istorioaren indarra. Talentua detektatzea esperientzia, irakurketa kritikoa eta intuizioa eskatzen duen prozesua da.
“Asmoa euskararen kultura espazioan hutsuneak betetzea da”
Edukiaz gain, liburuaren azala eta estetika zaintzea garrantzitsua izango da, ezta?
Bai, gainera azalak batzuetan, liburuaren gaia edo giroa iradoki dezake. Diseinuaz ari garela, esan beharra dago iazko urte amaieran, Alberdanian, logo aldaketarekin bat, bilduma klasikoen diseinuak berritu ditugula. Eta sail berri bat sortu dugu, saiakera laburrena, non argitaletxearen lehen urteetako diseinuaren erreplika izango duten liburuok, portada bertikalki moztuta, alde bakoitzean kolore banarekin.
Nola jasotzen duzue irakurleen feedbacka edo iritzia argitaratutako lanen inguruan?
Nagusiki argitaletxeak irakurleen iritziak ekitaldien bidez, sare sozialen bidez, liburu-denden bidez, kritikaren bidez eta salmenten datuen bidez jasotzen ditugu.
Zer pisu du euskarazko sorkuntzak argitaletxearen katalogo osoan?
Formatu guztiak kontuan hartuz, 1.200 izenburutik gora eskaini ditu Alberdaniak, eta liburuen % 80a euskaraz argitaratu dira.
Itzulpengintza alorrean, zer irizpide jarraitzen dituzue munduko literatura euskarara ekarri eta Alberdaniaren zigilupean argitaratzeko?
Itzulpenak ez dira soilik merkatu arrakasta baten araberako hautuak, askotan euskararen normalizazioaren ikuspegitik egiten dira. Baina hautua, beti ere, idazle kuttun, edo testu aberasgarriak aukeratuta egiten da. Asmoa euskararen kultura espazioan hutsuneak betetzea da.
“Argitaletxe independente batek duen oztoporik handiena merkatuan ikusgarritasuna eta banaketa lortzea da”
Zein da gaur egun Alberdaniak duen libururik arrakastatsuena edo “enbaxadore” nagusia?
Asko dira, baina bat aipatzearren, Kutsidazu bidea, Ixabel, iaz, 100.000 aleak gainditu zituen, eta horren harira, argitalpen berria argitaratu genuen.
Nola lortzen du Irunen dagoen argitaletxe batek bere liburuak Euskal Herriko eta kanpoko liburu-denda guztietara iristea?
Tokiko dendetara eta kanpoko merkatuetara iristearen muina, banaketa eta marketin estrategian dago. Kanpoko liburu denda guztietara ez gara iristen, baina guztiek jasotzen dute gure liburuen berri, eta dendariak badu aukera liburua bere dendan izateko. Online salmentek toki gehiagotara iristen laguntzen dute, edo liburuaren informazioa hedatzen.
Apirilean ospatzen den Liburuaren Eguna edo liburu azokak garrantzitsuak dira zuenak bezalako argitaletxeentzat ere?
Liburuaren eguna eta liburu azokak salgai jartzeko, publikoa erakartzeko, marka ezagutarazteko eta harreman profesionalak egiteko une estrategikoak dira argitaletxeentzat. Azoka handietan, adibidez, ehunka liburu saltzen dira egun bakarrean, eta salmenta horiek urteroko diru-sarreren portzentaje garrantzitsua izan daitezke.
Zuek argitaratutako lan batek sariak eta errekonozimenduak jasotzeak ba al du eraginik argitaletxean?
Alberdaniako katalogoko 14 liburuk jaso dute Euskadi Literatura Saria eta beste bik, Literatura Sari Nazionala, eta bai, beti da bulkada liburuarentzat. Errekonozimenduak, salmentak handitzeaz gain, ikusgarritasuna zabaltzen du, irakurleek eta banatzaileek kalitate eta erreferentziazko argitaletxe gisa ikusten gaituzte, eta etorkizuneko aukerak sortzen dira. Itzulpenak, kontratuak, kolaborazioak…
Nola egokitu da Alberdania liburu elektronikoaren (e-book) garaira?
Alberdania liburu elektronikoaren garaian egokitu zen, 2010. urte inguruan. Ordutik, produkzio guztia ebook formatuan argitaratzen dugu nazioarteko plataforma nagusietan eskuragarri jarriz. Audioliburuak ere eskaintzen ditugu, 28 izenburu hain zuen ere, adin guztietako irakurleak (edo, kasu honetan, entzuleak) kontuan hartuz.
“Hala ere, gurea bezalako argitaletxe txikiek originaltasuna eta kultura aniztasuna eskaintzen dugu”
Zein da gaur egun argitaletxe independente batek duen oztoporik handiena sektorean?
Argitaletxe independente batek duen oztoporik handiena merkatuan ikusgarritasuna eta banaketa lortzea da. Liburu sektorea neurri handi batean argitaletxe handien taldeek kontrolatzen dute, eta horiek dendetan, komunikabideetan eta merkatuan presentzia handiagoa dute. Hala ere, gurea bezalako argitaletxe txikiek originaltasuna eta kultura aniztasuna eskaintzen dugu.
Alberdania ezagutzen ez duen bati, zein liburu gomendatuko zenioke zuen etxearen esentzia ulertzeko?
Alberdaniaren esentzia ulertzeko onena da itzulpen garrantzitsu bat eta euskaraz sortutako lan bat irakurtzea. Adibidez, Joxan Elosegik euskaratutako Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak, edo Lur mortuak, eta euskaraz, Anjel Lertxundik sortutako edozein eleberri edo saiakera.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



