Rakel Canalesek bere lehen liburua argitaratu du “Nada estaba bien” izenburupean. Idazteko zaletasuna liburu bihurtu du Ril Editores argitaletxearen laguntzarekin. Kontakizun laburren bidez emakumeen identitatearekin loturiko alde ezkutuak azaleratzen ditu, inposatutako roletatik ihes egiten duten bitartean. Rakel Canalesek bere lehen liburua argitaratzeko prozedura nolakoa izan den azaldu digu.
Nola sortu zitzaizun liburu bat argitaratzeko ideia?
Proiektuarekin hasi nintzenean ez nintzen argitalpenean pentsatzen ari. Noelia Lorenzo Pinorekin idazketa tailer batekin hasi nintzen Kabigorrin duela zortzi-bederatzi bat urte. Gero, urte eta erdiko geldialdi bat egin nuen oposizio batzuk prestatzeko eta behin amaituta, idazketara itzuli eta kontakizun gehiago idazten jarraitu nuen. Lehiaketetara aurkezten hasi nintzen, batez ere idazteko epemuga bat eta helburu txikiak izateko. Lehiaketa bat irabazi nuen, non sari ekonomiko garrantzitsu bat izan nuen eta gero Aixa de la Cruz-ekin tailer bat ordaintzeko aukera izan nuen horri esker.
Zergatik erabaki zenuen liburuari “Nada estaba bien” izenburua jartzea?
Egia esan, izenburua lehen kontaketaren lehen paragrafoan agertzen den esaldi bat da. Beste titulu bat nuen, baina niri ez zitzaidan gustatzen. Eta editorearekin hitz eginez, izenburu hau proposatu zidan eta ondo egokitzen zela iruditu zitzaidan, ez baitu argitzen gero protagonistak hobeto egongo diren ala ez.
“Zerbait idazten duzunean polita da gero bakoitzak bere erara interpretatzen duela”
Kontakizun txikiz osatutako liburua da, baina zein da horien arteko lotura?
Idazten hasi nintzenean ez nintzen gaiaz oso kontziente. Ni kontakizun bat idazten hasi nintzen, gero beste bat, gero beste bat, eta abar, eta hiruzpalau zirriborro nituenean, konturatu nintzen protagonistak beti emakumeak zirela, gorputza oso presente zegoela. Erotismoa ere bai, bikote harremanak, amatasuna. Eta tira, partekatzen zutenaz konturatu ostean, hurrengo kontakizunetarako gaiak finduz joan nintzen.
Beraz, kontakizun horiek askotan gizartean ezkutatuta dauden gaiak islatzen dituzte.
Bai, agian. Beno, nik uste dut gaur egun, Instagramekin eta sare sozialekin, emakumeen ahotsek garrantzi handia hartu dutela eta gero eta lasaiago eta askatasun handiagoz hitz egiten dela guk geuk uste dugunetik, nahi dugunetik eta sentitzen dugunetik abiatuta. Duela hamar urte, beharbada, ezin genuen hain modu naturalean adierazi.
Agian hori da izenburua iraganean idazteko arrazoia?
Izan liteke. Zerbait idazten duzunean polita da gero bakoitzak bere erara interpretatzen duela, eta agian orain horren zain nago, irakurleen feedbacka jasotzeko zain. Batzuetan Whatsapp bidez jasotzen ditut eta audioak bidaltzen dizkidate beren inpresioak kontatuz. Eta hori asko gustatzen zait.
Askotariko gaiak jorratzean, zure irakurleak ere askotarikoak izango dira.
Idaztean ez nintzen irakurleengan pentsatzen ari. Niretzat idatzi dut, nahi nuena eta nahi nuen bezala. Idazten nuen bitartean ez nuen pentsatzen egunen batean inork irakurriko ote zuen. Azkenean argitalpenen mundua masifikatuta dago eta zorte handia izan da argitaletxe batek lagundu izana.
Emakumeentzat ez ezik, gizonentzat ere interesgarria izan daitekeela uste duzu?
Jakina. Nik uste dut liburuak haiengana hurbildu nahi duen ororentzat direla. Mundu literarioan protagonistak gizonak zirenean, guri, emakumeei, ez zitzaigun galdetzen ea haien liburua irakurriko genuen. Gauza bera dela uste dut.
Argitaletxe baten laguntzaz argitaratu ahal izateak gauzak erraztu ditu?
Proiektua duela lau urte hasi zen. Hor hasi nintzen tailerrean Aixarekin, eta tailerra amaitu nuenean, bederatzi hilabeteko ikastaro oso baten ondoren, banuen kontakizun guztien zirriborroa, baina, noski, lantzea falta zen. Ondoren, beste urte bat eman nuen paragrafoak leuntzen, kentzen, aldatzen eta ozen irakurtzen. Izan ere, kontakizunak ozenean irakurtzea oso garrantzitsua da niretzat, egitura eta erritmoa nik pentsatu bezalakoa dela ziurtatzeko. Eta behin amaituta edo aurkezteko nahiko txukun zegoela uste izan nuenean, hainbat argitaletxe aukeratu nituen haiekin harremanetan jartzeko. Eta, tira, pixkanaka proposamen pertsonalizatuak bidaltzen hasi nintzen, eta zortzi hilabeteko saiakeren ostean, Ril Editoresek, Bartzelonako argitaletxe batek, kontaktatu ninduen. Nire eskuizkribua gustatu zitzaiela esan zidaten, eta argitaratu egin nahi zutela. Orduan horrek gauzak asko erraztu ditu, nik ez bainuen neure burua argitaratu nahi. Norbait nitaz fidatzen bazen, primeran. Bestela, nire kontu idazten jarraituko nuen niretzako bakarrik. Eta tira, egia esan, argitaletxeen munduko prozesua zein den jakiteko gogo handia nuen, ez bainuen ezer ezagutzen eta dezente ikasten baita. Asko ikasten da inoiz iristen ez diren erantzunen zain, edo ezezko bat jasotzen duzunean.
“Nik uste dut liburuak haiengana hurbildu nahi duen ororentzat direla”
Zein izan da irakurleen balorazioa orain arte?
Beno, oraingoz, erantzuna oso positiboa izan da, azkenean asko ezagutzen nauen jendea zelako, hau da, familia, lagunak eta abar. Oro har, denak oso gogotsu daude, eta asko hunkitu dira. Gero, bakoitzari kontakizun desberdin bat gustatzen zaio, beharbada identifikatuta sentitu delako, istorio hori bizi izan ez badute ere, nolabait iritsi zaielako. Hori polita izaten ari da.
Aurkezpenik egiteko asmoa duzu?
Bada, Irunen CBA liburutegiaren erantzuna jasotzeko zain nago, ea bertan aurkezpena egiteko aukerarik dugun, lagun eta senideentzat eta hurbildu nahi dutenentzat. Gainerakoan, Bilbon aurkeztu berri dugu, La Saturninan, Aixarekin.
Non lor daiteke liburua?
Irunen Elkar bakarrik daukagu, beraz, Elkarren bertan eros daiteke eta bestela edozein plataformatan ere eska daiteke eta etxera bidaltzen dizute.
Lehenengoa argitaratu ondoren, bigarren liburu bat argitaratzeko asmoa duzu?
Badut proiektu bat, baina, jakina, prozesu motela da. Bi urte behar izan nituen hau idazteko, eta, azkenean, prozesu osoa lau urte dira ateratzen den arte, eta, tira, lanarekin, familiarekin eta abarrekin, poliki noa. Denbora gehiago izatea gustatuko litzaidake, baina une honetan ezinezkoa zait, baina bai, badut beste proiektu bat abian.



