Sentimenduek eta oroitzapenek Alarde Publikoko Bandako kantineraren pausuekin batera desfilatuko dute

Argazkia: Estudio Gover

Naiale Lopetegi Amostegi 2022ko Alarde Publikoko Bandako kantinera da. Sanmartzialak txikitatik bizitako festa dira berarentzat eta aurten are bereziagoak izango dira aurpegia aldez alde betetzen dion irribarreak iragartzen duenez. Alboan ama izango du, Amaia Amostegi, orain dela 35 urte kantinera izandakoa eta alabarekin batera berriro alardean desfilatzearen zirrara gogora ekarriko duena.

Naiale, nola erabaki zenuen Alarde Publikoko Bandakako kantinera izan nahi zenuela?
Naiale: Kantinera izatea betidanik buruan izan dudan zerbait da. Txikitatik ikusi dudan eta asko gustatu zaidan zerbait izan da. Oso gertutik bizi izan dudanez, beti buruan izan dudan zerbait da eta aurten nire momentua iritsi zela sentitu nuen eta pausua ematea erabaki nuen.

Aurretik ondo ezagutzen duzun nolakoa den Alarde Publikoan desfilatzea. Aurtengo esperientzia oso desberdina izaten ari da?
Naiale: Oraingoz egun handiak iritsi ez badira ere, prestaketetan asko nabaritu dut aldea. Beste urteetan ez dut hainbeste zereginik izan, bakarrik abestiak ikastea edo soldadu arropa prestatzea. Aurten aurretik lotu behar diren beste gauza asko dauzkat eta urduritasunagatik urte berezia izango dela nabaritzen dut.

“Kantinera izatea betidanik buruan izan dudan zerbait da”

Naiale Lopetegi, Alarde Publikoko Bandako kantinera

Nolakoa da kantinera izandako ama batentzat, alabarekin berriro dena bizitzea?
Amaia: Ni emozio askorekin bizitzen ari naiz dena. Sekulako ilusioa egiten zidan alaba kantinera izateak eta zozketaz aukeratzen denez, gertatu daitekeen zerbait da baina ez da ziurra. Ez duzu ilusio handiegirik egin nahi, baina aukeratua izan zenean poztasuna izugarria izan zen. Berriro nik bizitako guztia bizitzen ari naiz berarekin eta oso hunkituta nago.

Alabari aholku asko ematen ari zara?
Amaia: Nik bizi izan nuena ez da Naialek biziko duenaren berdina izango. Berak jada desfilatu du eta nik kantinera izan aurretik ez nekien nolakoa zen desfilatzea. Aitak aurretik esaten zidan zerbait imajinaezina zela, eta kantinera izan nintzenean konturatu nintzen zeinen ondo pasatzen den eta nolako emozioak dauden. Hala ere, uste dut Naialek, beste urteetakoarekin alderatuta, aurten erabat ezberdina den zerbait sentituko duela. Nik, prestaketetatik hasita, dena disfrutatzea aholkatuko nioke, oso azkar pasatzen delako eta ohartzerako ez zara ezertaz konturatu.

Amak bere urtean erabilitako zerbait eramango duzu?
Naiale: Bai, barrika. Beti salan jarrita egon ohi da, familiak Sanmartzialak asko bizi ditugulako eta beti oso presente daude. Nik zer nahi nuen galdetu zidaten, hau da, berea eraman edo berri bat izan nahi ote nuen, eta ez nuen bitan pentsatu, amarena eraman nahi nuela argi izan nuen eta horrela egingo dut.

Nola doaz prestaketa lanak?
Amaia: Nik uste dena bideratua dugula dagoeneko. Ile apaindegia eta makillatzailea aurkitu ditugu, soina ere martxan dago, gustuko duen soineko zuriaren bila ari gara, etab.

Naiale: Dena guztiz lotua ez badago ere, pixkanaka gauzak gainetik kentzen ari gara.

Kantinera izan zinenetik gauzak asko aldatu dira?
Amaia: Oinarrizkoena ez da aldatu, nahiz eta orain gauzak non eskatu behar diren ez dakidan. Horregatik, aurreko urteetan kantinera izan direnekin hitz egin dut. Izan ere, 35 urte pasa dira ni kantinera izan nintzenetik.

Bi urteko etenaren ostean, aurtengo sanmartzialak are bereziagoak izango dira?
Amaia: Nik uste jendeak festak iristeko sekulako gogoa daukala.

Naiale: Beti dira sanmartzialak bereziak, baina aurten are gehiago.

Etxean zuentzat egun bereziak izan dira beti eta, aurten aitona faltako zaizuenez, nola biziko dituzue?
Naiale: Zapore gazi-gozoa izango dute. Aitona aurreko azaroan joan zitzaigun.

Amaia: Hunkitu arren, oso pozik gaude eta bera hemen egongo balitz oso pozik egongo zen ere. Alai egon arren, tarteka aitonaz gogoratuko gara eta gurekin eramango dugu.

“Alai egon arren, tarteka aitonaz gogoratuko gara eta gurekin eramango dugu”

Amaia Amostegi, Naialeren ama eta kantinera izandakoa

Zuek elkarren alboan desfilatzeko asmoa duzue?
Amaia: Orain arte ez dut berriro desfilatu kantinera izan nintzenetik, baina aurten berarekin zatitxo bat egin nahi dut, hain azkar pasatzen den horietako bat.

Alardearen ibilbidearen barnean toki kuttunik baduzue?
Naiale: Nik uste gure kasuan, ibilbide osoa berezia bada ere, guretzako oso berezia dela elizaren zatitxoa. Beti ikusi izan dugu hor, aitonarekin ere bertan ikusten genuen. Gainera, zati horretan bandak protagonismo handia hartzen du eta oso emozionantea izan da beti guretzako.

Amaia: Arrankada ere oso polita da, baina nik ezin dut alarde guztia bere alboan egin, beraz, besteei ere lekua utzi behar diet.

Zer eskatzen diezu 2022ko festei?
Amaia: Dena ondo ateratzea. Tolerantzia. Guri gustatuko litzaiguke alarde bakarra izatea, baina ikusten da momentu hori ez dela iritsi. Ez dakit noizbait iritsiko den, baina errespetua egotea eskatzen dugu guztiok ondo pasatu ahal izateko.

Naiale: Amak esandakoarekin bat egiten dut. Badakit aurtengo Sanmartzialak oso bereziak izango direla. Beraz, gertukoak ondoan eduki nahi ditut, hau da, lagunak eta familia eta, ahal den heinean, eskatuko nuke denok jaiak elkarrekin pasatzea eta ondo pasatzea.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude