Gure Esku Dagok Pirinioetako Bidea egitasmoa antolatu du uztailaren 2rako

2022ko uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi lerro bat osatuko dugu Higer lurmuturretik Creusera, Atlantikotik Mediterraneora. Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko dugu. Mobilizazio honek Katalunian eta Euskal Herrian egindako hainbat ekintza ditu aurrekari: ‘Llum i llibertat’ (2019), zeinetan Montserrateko 131 orratz argiztatu zituzten; ondorengo asteetan, ‘Argi dugu bidea’ lelopean, Euskal Herriko hainbat menditan -Aiako Harria, Txindoki eta Anboto, besteak beste-, elkartasunez egindako erreplikak; eta ‘Cims per la llibertat’ (2018).

Pirinioetako Bidea argiztatuz, nazioarteko komunitatearen arreta geureganatuko dugu herrion autodeterminazio eskubidearen alde. Mezu argi bat bidaliko dugu Pirinioetatik mundura: katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere. Lurralde bateko herritarren gehiengoak estatu berri bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar da herri borondate demokratiko hori bururaino eramatea. Demokrazia eta askatasun kontu bat da.

Erronka kolektibo bat, herri gogoa berpizteko
Uztailaren 2an, euskal herritarrok 100 gailurretik gora argiztatuko ditugu, baina argi esan behar dugu gure gailurra ez dagoela Pirinioetan, gure gailur edo helburua ‘zortzimilako’ bat da: herri gogoa berpiztu nahi dugu, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko. Honenbestez, 100 gailur argiztatzea baino askoz garrantzitsuagoa izango da guretzat 200 herri aktibatzea. Mobilizazioak erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika Euskal Herri luze-zabalean indartzeko balio beharko du: jende berria batzeko, taldeetan erreleboak emateko eta sarea indartzeko.

Irungo ekimena
Irundarroi Erlaitz eta Xoldokogainako tontorrak argiztatzea dagokigu. Bi tontor horietan ehundaka lagun biltzeko erronka dugu esku artean.

Horretaz gain Irunen beste ekitaldi bat ere egingo dugu, batez ere tontorretara igo ezin/nahi duen jendeari bideratua eta ekimenari bestelako dimentsio bat emateko asmoa duena. Tontorrak argiztatuko diren aldi berean ekitaldi berezia egingo duen Santiagoko bidegorrian dagoen Laien eskulturaren ondoan. Guretzat oso sinbolikoa den leku horretatik gure eskualdean argiztatuko diren hainbat tontor ikusiko ahalko ditugu: Jaizkibel, Xoldokogaina, Larhun, Erlaitz, Aiako Harriak…

Jende askok izena emango balu ekimena indartzeko bestelako ideiak ere baditugu: San Martzialeko ermita eta Aiako Harrietan kokatzen den Muganix tontortxoa ere argiztatu ditzakegu. Horiek Irundik oso ondo ikusten direnez ekimenari ikusgarritasun handiagoa emango lioke.

Erlaitzeko tontorraren argiztatzea

Erlaitzeko tontorra argiztatzeko 100 lagun inguru behar ditugu gutxienez. Argiztatzea iluntzearekin batera egingo bada ere (22:00ak aldera gutxi gora-behera) jendeak dexente lehenago bertaratu beharko du, dena ondo antolatu ahal izateko. Tontorra argiztatzeko jendeak eramango dituen frontalak erabiliko ditugu, eta horietaz gain farol berezi bat eramango du antolakuntzak. Farol honek 360 gradutan eta 40 km-ko distantzian argiztatzeko ahalmena
du. Farol berezi horren finantzaketa BDSKoop elkartearen laguntzarekin egin da. Erlaitzeko Lapuriturri informazio gunearen inguruan hainbat aparkaleku prestatuko ditugu kotxez igo nahi dutenentzat. Parkinetatik tontorrera igotzea oso erraza izango da, 15 minutuko ibilaldia besterik ez. Beraz, tontor honetara igotzeko ez da beharrezkoa mendizalea izatea.

Azpimarratu nahi dugu 18:30tatik aurrera jai giroa izango dugula bertan. Musika, erromeria, janari eta edariak eta giro bikaina. Beraz, bertan afaltzeko eta ondo pasatzeko aukera eskainiko dugu.

Gure Eskuren kide ugari egongo gara peto horiak jantzita antolakuntza lanetan. Jendeari non aparkatu adierazteko, igoeran laguntzeko, non jarri esateko, argiztatze momentua adierazteko, jeitsieran laguntzeko…Informazio gune bat jarriko dugu bertan.

Xoldokogainako tontorraren argiztatzea.
Xoldokogainako tontorra argiztatzeko ere 100 lagun inguru beharko ditugu. Argiztatzea iluntzearekin batera egingo bada ere (22:00ak aldera gutxi gora-behera) jendeak dezente lehenago bertaratu beharko du, dena ondo antolatu ahal izateko. Deialdi nagusia 19:30tan egin dugu, jende gehiena elkarrekin igotzeko. Jendeak Biriatu herriko plazara joan beharko du eta bertatik tontorrera ordu beteko ibilaldia egingo dugu. Ibilaldiak ez du
batere zailtasun teknikorik, baina igoera maldatsua da.

Tontorra argiztatzeko jendeak eramango dituen frontalak erabiliko ditugu, eta horietaz gain farol berezi bat eramango du antolakuntzak. Farol honek 360 gradutan eta 40 km-ko distantzian argiztatzeko ahalmena du. Farol berezi horren finantzaketa Antxeta Irratiaren laguntzarekin egin da..

Gure Eskuren kide ugari egongo gara peto horiak jantzita antolakuntza lanetan. Jendeari non aparkatu adierazteko, igoeran laguntzeko, non jarri esateko, argiztatze momentua adierazteko, jaitsieran laguntzeko…

Biriatuko herrian informazio gune bat jarriko dugu jendearen zalantzak argitzeko eta tontorrera bideratzeko.

Tontorretara joateko hainbat ohar garrantzitsu:
1- Gogoratu izena ematea, oso garrantzitsua da. Zergatik?

– Tontorrak txukun argiztatu ahal izateko jende minimo bat ziurtatu behar dugulako eta zenbat izango garen jakiteak asko lagunduko duelako antolakuntza lana.
–  Ekimena diruz finantziatu beharra dugulako eta guztion laguntza beharko dugulako. Izen emateak 10 euroko kostea izango du eta horietako 5 ekimena finantziatzeko izango dira.
–  Izena ematearekin batera partaide orori asegurua prestatuko zaiolako (gainontzeko 5 euroak). Mendian Federatuak daudenak ez dute atal hori ordaindu beharko.
– Izena emateko: www.gureesku.eus

2- Erosi ekimenaren kamiseta: www.denda.gureesku.eus

3- Gogoratu tontorrak argiztatu ahal izateko frontala, esku-argia edo antzeko zeozer eramatea.

4- Kotxez hurbilduko direnei kotxeak partekatzea eskatzen diegu, hau da kotxean bakarrik ez joatea. Horrek antolakuntza lanak eta aparkatzea erraztea ekarriko digu, baita kutsadura jaistea ere. Irunen burutuko dugun beste ekitaldia. Sarreran aipatu dugun moduan tontorrak argiztatzen ditugun aldi beren Irunen bertan beste ekitaldi bat burutuko dugu. Ekitaldi honek bi helburu nagusi izango ditu:

-Lehena, tontorretara igo nahi edo ezin duen jendeari ere ekimen erraldoi honetan parte hartzeko aukera ematea. Pirinioak argiztatzea herritarrak aktibatzeko aitzakia besterik ez da.
– Bigarrena, ekimenari beste dimentsio eta ikusgarritasun bat ematea. Irundik argiztatuko diren tontor ugari ikusiko dira eta ekimena benetan ikusgarria izango da. Ekitaldi honen bidez komunikatiboki irudi indartsu bat bilatu nahi dugu.

Ekitaldi berezia eta ederra izango da:
– Hasteko, burutuko dugun lekua (Santiagoko bidegorrian dagoen Laien eskulturaren ondoan izango da) guretzat oso sinbolikoa delako. 2018an Irunen burutu genuen herri galdeketa antolatzeko sortu genuen Hartu Hitza izeneko eragilearen logoan agertzen ziren bi laiak dira horiek. Oso leku polita gainera. Beraz, ekitaldia bertan egiteak iragana, oraina eta etorkizunarekin lotzea dakar ezinbestez.
– Bestetik, ekitaldian parte hartzen dugunok erabateko konexioan egongo garelako tontorretan egongo diren ehundaka lagunekin. Izan ere, leku horretatik gure eskualdean argiztatuko diren hainbat tontor ikusiko ahalko ditugu: Jaizkibel, Xoldokogaina, Larhun, Erlaitz, Aiako Harria eta beste batzuk. Irudia ikusgarria izango da. Agian, asko bagara, beraiek ere ikusi ahalko gaituzte.
– Azkenik, ekitaldi polita prestatuko dugulako. Sinplea, hunkigarria eta parte hartzailea. Oraindik ere diseinatzen ari gara, baina bertaratuak ere argiekin jolastuko dugu eta denok elkarrekin Txoriak Txori abestuko dugu.

Bestelako ideia osagarriak:
Jende askok izena emango balu ekimena indartzeko bestelako ideiak ere baditugu: San
Martzialeko ermita eta Aiako Harrietan kokatzen den Muganix tontortxoa ere argiztatu
ditzakegu. Horiek Irundik oso ondo ikusten direnez ekimenari ikusgarritasun handiagoa
emango lioke. Kasu honetan, Irungo Mendizaleak eta Erlaitz elkarteetako hainbat
mendizalek diruz lagundutako farol berezia erabiliko dugu

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude