Anakako Caser Residencial egoitzan aurten San Pedro eta San Martzial jaiak ospatuko dituzte berriro. Pandemiak gizarte guztiari eragin badio ere, adinekoen egoitzetan bereziki sufritu dituzte Covid-19ak eragindako kalteak. Bi urteren ostean, Irungo festak ospatzeko ekintza bereziak berriz itzuliko dira egoitzara eta egoiliarrak pozarren daude.
Etenaldiaren ostean, Caser Residencial egoitzetan pixkanaka pandemia iritsi aurretik urtero errepikatzen ziren ekintzak berreskuratzen ari dira. Anakako egoitzarentzat, Irungo San Miguel auzoan kokatua dagoenez, San Pedro eta San Martzial jaiak egun bereziak dira. Jaiegunetan egoitzako ateen barnealdera festa giroa iritsi dadin, Caser Residencialek jarduera bereziez osatutako programa bat prestatu du ekaineko azken egunetan zehar egingo diren ekintzekin.
Ohitura zaharrak berreskuratuz, Anakako Caser Residencialen Sanmartzialak ospatzeko kantinera eta komandante bana aukeratu dituzte. Aurten Marisol González eta Martín Lekuona izan dira aukeratuak. Martín Lekuona komandanteak adierazi duenez, berari zuzenean iritsi zitzaion egoitzako komandante izateko proposamena. “Galdera egin zidatenean baietz erantzun nuen, izan ere, ez da nire bizitzan galoiekin desfilatuko dudan lehenengo aldia izango”. Proposamena ilusio handiz jaso zuela azaldu du 2022ko Anakako Caser egoitzako komandanteak.
Marisol González, aldiz, egoitzako kantinera izateko aurkeztu zen. Aukeratua bera zela jakinarazi ziotenean asko poztu zela azaldu du Caser Anakako kantinerak, “ilusio handia da niretzako egoitzan kantinera izan ahal izatea”.
Marisol eta Martín Irunen jaiotakoak dira, eta beraz, txikitatik bizi izan dituzte Irungo jaiak. “Ni bakarrik ez, nire aitona ere irundarra zen”, nabarmendu du Martín Lekuonak. Orain Anakako egoitzako komandantea denak alardean txilibituarekin desfilatzen hasi zela azaldu du. “Aita Santiago konpainiako kapitaina zen, bera izan baitzen konpainiako sortzaileetako bat, eta ni teniente izatera iritsi nintzen”, gaineratu du Martín Lekuonak.
Marisol Gonzálezek, alardearen barnean desfilatu ez badu ere, berari ere Sanmartzialak betidanik asko gustatu izan zaizkiola onartu du. “Txikitan eta gaztetan asko disfrutatu izan dut Irungo festa egunez”, azaldu du Caserreko kantinerak. “Irundarra izanik, egun horiek oso bereziak dira bertan jaiotakoentzat”, adierazi du Marisol Gonzálezek. Marisolek onartu du bere senarrak alardean desfilatzen zuenez desfilea ikustera Kale Nagusira ilusio handiarekin joaten zela. Egoitzako kantinerak adierazi duenez, “alardea eta Irungo jaiekin lotutako guztia beti asko gustatu izan zait”.
Prestaketak aurreratuak
Martín Lekuonak azaldu duenez, soldaduz jantzita desfilatu zuen urteetako jantzi osoa gordeta du etxean. “Nire anaiak esan dit etxean behar dudan arropa guztia dudala eta behar dudan egunetarako ekarriko didala”, azaldu du Lekuona komandanteak. Egoitzako langileei txantxetan esan die bera komandante izateak egoitzari ez diola inolako aparteko gasturik eragingo, “etxean alpargatak eta guzti ditu eta”.
Marisolek ere kantinera jantzia prest dauka dagoeneko. “Dagoeneko trajearen probak egin dizkidate eta ondo geratzen zait”, adierazi du kantinerak. Hala ere, jantziarekin ez dira egiteko guztiak amaitzen eta jaiegunetarako prestatzeko oraindik zeregin batzuk dituela onartu du. Kantinerak irribarre handi batekin azaldu du bere trajea “oso polita dela” eta asko gustatu zaiola bere burua trajearekin jantzita ikustea.
Anakako Caser Residencial egoitzaren barnean egoiliarrentzat antolatuko diren jaietako ekintza bereziez gain, kantinerak eta komandanteak kalean festa giroaz gozatzeko aukera izango dute. Ekainaren 18an Alarde Tradizionaleko San Migeleko eta ekainaren 25ean Anakako konpainien bisitak jasoko dituzte. Marisol Gonzálezek adierazi du egun seinalatu horiek iritsi eta auzotik konpainiarekin itzuli bat emateko gogo handia duela. “Egoitzako lagunak festak iritsi eta gurekin batera jaiak ospatzeko irriketan daude”, gehitu du Martín Lekuonak. Marisolek, berriz, jaietako azken eskari bat egin du: “jaiegunetan dena ondo atera dadila, arazorik egon ez dadila eta guztiek disfrutatu dezagula”.