Ekainean sanmartzial giroa nagusituko da Caser Residencial Anakako egoitzan

Ekaineko hilabetea iritsi eta Caser Residencialek Irungo Anaka auzoan duen egoitzako egoiliarrak Irungo jaiak ospatzeko prestaketa lanekin hasten dira. Izan ere, ekaineko hilabetea ekintza bereziez beteriko hilabetea da, guztiak sanmartzialekin loturik. Hortaz gain, egoitza girotzeko egoiliarrek apainketa lanekin laguntzen dute.

Urtero moduan, hiriko jaien harira, Anakako egoiliarren artean kantinera eta sarjentu bat aukeratzen dituzte. Egoitzako egoiliar, langile eta senideen artean hautagaiak bozkatu eta maiatzeko hilabetearen amaieran aukeratu zituzten Simone Remond kantinera eta Elias Lopez sarjentu. Bi egoiliar hauek protagonismo berezia izango dute egoitzan aurtengo sanmartzialetan.

Simone Remond, Caser Anakako kantinerak azaldu duenez, “hautatua izan nintzela esan zidatenean sorpresa hartu nuen, ez bainuen espero, baina, atsegina da gure adinarekin ere honelako gauzetarako hautatzen zaituztela ikustea”. Tarragonan jaio bazen ere, 1941 urtetik Irunen bizi da eta gazteetan sanmartzialak nola bizi zituen ondo gogoratzen du: “Goizeko 4:00etan dantzalditik atera eta zuzenean Diana ikustera joaten ginen, etxetik pasa gabe, ostean, Alardea ikusteko”. Gainera Ekainaren 15ean San Miguel eta 22an Anakako konpainiekin entseguak egiteko gogoak dauzkala onartu du.

Elias Lopez, aurtengo Caser Anakako Sarjentua, ordea, Izabako aranean jaio, baina, 56 urte daramatza Irunen bizitzen. Eliasek azaldu du ez duela inoiz alardean desfilatu, “40 urtez Irungo autobusetan lanean ibili naiz eta San Martzial egunean lan egin dut beti”. Hala ere, aurten Anaka eta San Miguel konpainiarekin batera desfilatzeko aukera izango du egoitzan barrena eta inguruko kaleetatik. Gelan soldadu trajea prest duela azaldu du Eliasek eta entsegu egunetan ilobak bera ikustera hurbilduko direla espero du.

Caser Anakako sanmartzialetako ekintzak:

Ekainak 20, osteguna:
San Martzialetako bingo berezia arratsaldeko 18:00etan 0 solairuan.

Ekainak 21, ostirala:
Irungo bideoen erreprodukzioa arratsaldeko 17:30etan erabilera anitzeko gelan.

Ekainak 22, larunbata:
Anakako konpainiaren alardea arratsaldeko 18:00etan.

Ekainak 24, astelehena:
San Juan eguna dela eta, desioen eskaria.

Ekainak 27, osteguna:
15 eta 22 egunetako argazkien proiekzioa arratsaldeko 17:30etan erabilera anitzeko gelan.

Ekainak 28, ostirala:
Caser Anakako kantinerei omenaldia, San Vicente de Pauleko majoretten emanaldiarekin arratsaldeko 17:30etatik aurrera 0 solairuan.

Ekainak 30, igandea:
Solairuetan San Martzialetako alardearen emankizuna eta menu berezia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude