24. Korrikan Irun euskararen parte ere badela erakusteko prestatzen ari da

24. Korrikak 2026ko martxoaren 19tik 29ra Atharratzetik Bilborako ibilbidea egingo du. Bidean, “Euskara Gara” lelopean, Euskal Herri osoa zeharkatuko du eta martxoaren 24an eta 25ean igaroko da goizaldean Irundik. Iazkoan Irun Korrikaren abiapuntu izan ostean, Bidasoaldeko AEKnhasiak dira jada lanean aurtengo edizioa atontzeko. Maddi Sanz Korrikaren arduraduna da bertan eta, euskararen aldeko jarduera masiboa dela eta, esku artean dituzten egitasmoak aurreratu dizkigu.

23. Korrikan Irun ibilbidearen abiapuntu izan ostean, nola ekin diezue aurtengo edizioaren prestaketei?

Egia esan, duela bi urtekoa zoragarria izan zen. Herria modurik politenean hankaz gora jartzea lortu genuen. Gainera, jende askok parte hartzea lortu genuen, Korrika sare zoragarri bat bihurtzea, alegia. Hortik abiatu nahi izan dugu aurten ere jarraitzeko, dudarik gabe. Prestaketen aldetik, kontuan edukitzekoa da, lehenengo eguna denean, eskualdeko Korrika arduraduna izateaz gainera, lehenengo egun horren arduraduna ere bazarela. Hau da, lana handiagoa da, beraz, langile eta lanordu gehiago ere baditugu. Lehenengo egunean gauza asko antolatu behar dira jende asko aurreikusten duzulako eta aurtengo edizioa aldiz, beste gauza bat izango da. Beste erronka batzuk daude, jendea eguneko ordu txikitan kalera ateratzea ez baita erraza, baina askoz ere lasaiagoa izango da.

Orokorrean, noiz eta nola hasten dira Korrika baten prestaketak?

Korrikaren antolaketa ez da gelditzen; Korrika bat bukatu eta jada hurrengoarekin hasten gara. Korrika apirila edo martxo inguruan bukatu eta ikasturte horretako ekainerako jada hainbat gauza erabakita daude. Horrela, hurrengo ikasturtean, Korrikarik gabekoan, jada ibilbideak prestatzen hasten gara. Beraz, batez ere prestaketa orokorrarekin loturiko gauzak, ez dira gelditzen eta beste lan batzuk ordea, Korrikaren aurreko hilabeteetan egiten dira.

Zein da tokiko euskaltegien lana antolaketa horren barnean?

Hor eskualdeka antolatzen gara. Guk hemen Bidasoa daukagu eta, gure kasuan, Irun eta Hondarribia hartzen ditugu. Gure lana da Korrikak bertan egingo duen ibilbidea osatzea, antolatzea eta zatitzea. Bestetik, eragileekin harremanetan egotea lekuko-hartzeak antolatzeko. Era berean, eskualdea martxan jartzea: Korrika Batzordeak antolatzea, baita Korrika Txikia eta Gaztea, jendea Korrikarekin lotzeko.

“Korrikaren antolaketa ez da gelditzen; Korrika bat bukatu eta jada hurrengoarekin hasten gara”

Korrika Irunera iristeko hilabete bat falta denean, zeintzuk dira oraindik aurretik dituzuen egitekoak?

Ibilbidea itxita daukagu eta urtarrilean lekuko hartzeak banatzen hasi ginen eta, beraz, martxa onean doa, baina oraindik batzuk libre dauzkagu. Bestalde, Korrika Eguna, Korrika Txikia eta Korrika Gaztea antolatzea falta zaigu, udaletxean baimenak eskatuz, ordutegiak zehaztu eta dena lotzeko. Beraz, zirriborroa eta bizkarrezurra egina dagoela esan dezakegu, baina oraindik zehaztapen guztiak falta zaizkigu.

Korrika Batzordearen laguntza baliagarria zaizue antolaketan?

Korrika Batzordeak ezinbestekoak dira. Irunen eta Hondarribian, bakoitzean taldetxo bat daukagu eta talde horren egitekoa da Korrika bera egitea. Alde batetik, Korrika Laguntzaile kanpaina eta Korrika Lagun kanpaina antolatzen, kartelak jartzen laguntzen, informazioa zabaltzen eta, noski, erabakiak hartzen laguntzen digute. Zer egingo dugun eta herrian zer gogo edo tenperatura dagoen hartzen laguntzen digute. Horretarako behar-beharrezkoak dira beraiek.

Aurtengo ediziorako prestatzeko asmoz, beroketa ariketarik antolatuko duzue Korrikaren aurretik?

Asmo hori dago. Korrika Txikia eta Gaztea egingo dira, 24. Korrika Irundik igarotzen den egunen bueltan. Hori baino lehen, Korrika egun bat antolatzen ari gara Korrika Batzordearekin batera. Asmoa da martxoaren 21a, larunbata, horretarako aprobetxatzea, nahiz eta aurretik esan bezala, zehaztapen guztiak egiteko dauzkagun. Ideiak zirriborratzen ari gara. Aurten bereziki Auzo Elkarteekin ari gara lanean, lehengo urtean dena oso zentriko geratu baitzen, oso erdigunean, eta aurten Korrika auzoetara eraman nahi dugu. Lan polita egiten ari gara.

“Atzetik duen guztiaren ispilu izatea ere nahiko genuke, hau da, lanaren eta euskararen aldeko ekintza dela erakustea

Zehazki, aurten noiz eta nondik igaroko da Korrika Irundik?

Aurten desberdin tokatuko zaigu. Martxoaren 24an, asteartean, goizeko 3:45ean Korrika Gurutzetik sartuko da, Landetxa, Oinaurre, Larreaundi, Mosku, Arbes eta Palmera Montero zeharkatu ostean, Behobiako bidea hartuko du, Bidasoko bide zaharretik joanda lekukoa Berakoei emango diegu. Lanera joan aurretik indarrak hartzeko modu aproposa izango da. Hurrengo egunean, 24 ordu pasa berritan, martxoaren 25ean Hendaiakoei hartuko diegu lekukoa Santiago zubian. Iparralde hiribidetik igo, Colón pasealekua eta San Migueletik Hondarribira eramango dugu. Hondarribian bueltatxoa eman ostean, Letxunborrotik berriro Irunen sartuko da eta Gaintxurizketako gaineraino eramango dugu lekukoa Lezoren eskuetan uzteko.

Hiriko gazte eta txikiak ere aktibatuko dituzue.

Dudarik gabe. Ikastetxeak oso garrantzitsuak dira Korrikaren ekosisteman. Korrikak gaia ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoak eskaintzen ditu, baina haiek ere pilo bat ematen digute guri. Lekuko-hartzeak eskuratzen dituzte Korrikaro. LHko ikastetxe guztiekin Korrika Txikia antolatzen ari gara eta hilaren 24an, goizean izango da. Aurten Korrika Gaztea martxoaren 25ean ospatuko dugu eta, orain arte Eusliderren bidez antolatu izan dugun arren, aurten zuzenean ikastetxeekin harremanetan jarri gara eta Irungo DBHko 7 ikastetxeekin batera antolatzea lortu dugu.

Aurten Korrika goizeko ordu txikitan pasako denez, aurretik partehartzea sustatzea bereziki garrantzitsua izango da noski, ezta?

Bai, guk jendea animatzen saiatu nahi dugu, baina nik uste jendea bere kabuz ere animatzen eta ateratzen dela. Korrika bada oso erraietakoa den zerbait eta euskararen aldeko lasterketa bat izan arren, ertz asko ukitzen dituen gauza bat dela uste dut. Gure aldetik ahal ditugun erraztasun guztiak jarri nahi ditugu. Alde horretatik, gure asmoa da Korrika bi egunetan oso urruti uzten dugunez, bueltatzeko garraioa jarri ahal izatea, emozionatu eta ia Berara edo Gaintxurizketaraino doana bueltan ekartzeko. Gosari puntuak ere jarri nahi ditugu, jendearentzat ahalik eta goxoena izan dadin goizaldeko ordu horietan jaikitzea.

Esandako guztiarekin, zeintzuk dira zuen aurreikuspenak 24. Korrikaren atarian?

Alde batetik, lekuko-hartze guztiak goxoak izan daitezela, jende asko hunkitzen den momentua izan ohi delako eta halaxe izatea nahiko genuke guk ere. Horrez gain, atzetik duen guztiaren ispilu izatea ere nahiko genuke, hau da, lanaren eta euskararen aldeko ekintza dela erakustea. Herriko mila eragile batzen dituen gauza bat izatea nahiko genuke eta, noski, denontzat gozagarri suertatuko den ospakizuna izatea.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude