Ainhoa Pardo López, dantza irakaslea:“Inauteriak erakusleiho bat dira akademian egiten duguna erakusteko”

 

Argazkia: Ainhoa dantza akademiako dantzariak 2019. urteko Inauterietan. Iturria: Pablo Moratinos.

Ainhoa dantza akademian Inauteriak ospatzeko azken prestaketetan murgilduak daude. 80ko hamarkadako musikarekin, dantzekin eta jantziekin murgilduko dituzte Inauteri giroan Irungo kaleak. Ainhoa Pardo Lópezek dantza akademia batentzat Inauterien prestaketak dakartzan erronkak eta buruhausteak azaldu ditu, besteen laguntzarik izan ezean, ezinezkoak liratekeenak.

Zenbat urte daramatza zuen akademiak Inauterietan parte hartzen?

Akademiarekin hasi ginen urte berean Irungo Inauterietan parte hartzeko aukera eman zitzaigun, baina nik hasiera batean ez nuen batere argi ikusi. Nirekin dantzan hasi zen neskato baten amak bere senarraren laguntza eskaini zidan, berari galdetu gabe. Beste pertsona baten laguntza izan nezakeela ikusita, Inauterietan parte hartzera animatu nintzen. Harrezkero, 21 urte igaro dira, eta oraindik ere haren laguntza dut; beraz, ia familia gara dagoeneko.

21 urte hauetan Irungo inauterien bilakaeraren lekuko zuzenak izan zarete.

Hasieratik gauza asko aldatu eta hobetu dira. Lehen, adibidez, desfilea amaitutakoan aurkezten genituen karrozak, baina horrek ez zuen zentzu handirik, aurrez ikusitako zerbait aurkezten baitzen. Bestalde, Irun asko aldatu da, eta horrekin batera desfilearen ibilbidea ere aldatuz joan da, eta orain pasa ezin diren lekuetatik pasatzen ginen lehen. Parte-hartzaileen kopurua ere asko handitu da, eta hori ondo dago, baina egia da oztopo bat izan daitekeela, egin nahi duzuna baldintzatzen duelako. Ikastetxeek parte hartzen jarraitzen dute, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zait, ikastetxe batentzat ez baita erraza horrelako zerbait antolatzea. Guretzat, dantza eskola gisa, nire kasuan ez da diru sarrera bat, inauteriak erakusleiho bat dira akademian egiten duguna erakusteko, eta horrek motibatzen laguntzen du.

Argazkia: Proko Gómez

Eskarmentuari esker prestaketei erraztasun handiagoarekin aurre egiteko aukera duzuela esango zenuke?

Hala izan beharko luke, baina ez da errealitatea. Urtero inauteriak prestatzea erronka handia izaten da. Gezurra dirudi, baina urte batetik bestera gauzak ahaztu egiten zaizkizu, hau da, nola egin behar diren eta nola ez, eta konturatzen zarenerako akats berberak errepikatzen dituzu. Hala ere, ziur nago horren guztiaren atzean eboluzio positiboa izan dugula.

Zenbateko aurrerapenarekin hasten dituzue prestaketak?

Nire kasuan, zalantzati samarra naizenez, irailaren erdialdea ezartzen dut gaia erabakitzeko muga gisa. Bestela, asko atzeratzen gara. Neska-mutilekin azaroaren erdialdean hasten gara dantzak prestatzen. Aurten pixka bat lehenago hasi gara, urriaren amaieran, koreografia oso landua delako eta denbora gehiago behar dugulako.

Dantza akademia bat izanda, koreografiak garrantzi handia izango du, noski, ezta?

Bai, akademia gisa, uste dut garrantzi handia eman behar diogula dantzari, zer egiten dakigun erakusteko. Niretzat ere garrantzi handia du musikak, ia garrantzitsuena dela esango nuke. Garrantzitsua da aukeratutako gaiak musika berezia izatea, polita izatea.

“Urtero inauteriak prestatzea erronka handia izaten da”

Argazkia: Proko Gómez

Ez du erraza izan behar hainbeste jende antolatzea.

Parte-hartzaileen kopurua asko handitu da, eta horrek, alderdi batzuetan, asko mugatzen du. Asko garenean 5 zutabe egiten saiatzen naiz, baina koreografiaren zenbait alderditarako mugatu egiten zaitu, esaldiak 8koak baitira. Mozorroei dagokienez, gutxiago ginenean eskuz mozorro asko egiten genituen eta gauza gehiago aprobetxatzen genituen. Orain, ordea, ezin dut nahi dudan guztia egin. Horregatik, beste formula batzuk bilatu behar dira, hala nola gauza sinpleagoak erabiltzea edo zuzenean erabiltzeko prest datozenak. Beste modu batera egitea ezinezkoa da, urte osoko lana suposatuko lukeelako.

Mozorroak aukeratzeko orduan, zeri begiratzen diozu?

Denak du eragina. Alde batetik prezioa, horregatik saiatzen naiz gastuak ahalik eta gehien jaisten, parte-hartzaileek ahalegin handirik egin ez dezaten. Halaber, oso garrantzitsua da erosoak izatea, haiekin dantzatu behar baita. Azkenik, jakin behar dugu Irunen gaudela, ez Rio de Janeiron, eta, beraz, otsailean hotz egiten du ia beti. Iaz, kasualitatez, arropa asko eraman genuen eta bero egin zuen; askotan ez dakizu nola asmatu.

“Zaila da bakarra aukeratzea, urte bakoitza baita berezia bere erara”

Ahalegin handia, egun pare batean bakarrik gozatzen dena, ezta?

Bai, azkarregi pasatzen da. Amaitzen denean, sentimendu gazi-gozoarekin geratzen zara, zein azkar gertatu den ikusita. Prestakizunetan gogo eta denbora asko inbertitzen da. Igandean, azken orduan, asko jaitsi ohi naiz animoz, baina, aldi berean, pozik nago jendeak gozatu duelako.

Ba al da oroitzapen bereziak ekartzen dizkizun urterik?

Zaila da bakarra aukeratzea, urte bakoitza baita berezia bere erara. Helduenen taldean gogoratzen hasten garenean eta gure bizipenak partekatzen ditugunean konturatzen gara edizio bakoitzak zerbait berezia izan duela. Nik, bereziki, oso oroitzapen politak ditut country urteaz; izan ere, asko gustatzen zait countrya, eta asko gozatu nuen. Jantziek asko lagundu ziguten gaian sartzen.

Zer ikusi ahal izango dugu aurtengo Inauterietan?

80ko hamarkadara joatea erabaki dugu, garai horretako musika asko gustatzen zaidalako eta abesti txar bat bera ere ez dagoela uste dudalako. Hori ere erronka handia izan da; izan ere, 5 minutu eta erdiko nahasketa bat egiten saiatu naiz, eta jarriko nituzkeen abestien % 98 tintontzian utzi ditut. Niretzat oso garrantzitsua da helduek ere inauteriez gozatzea, eta iaz Disney egin genuenez, oso polita iruditzen zitzaidan helduenek beren garaiko abestiak dantzatzeko aukera izatea. Dantzak hunkitu, abestu eta oroitzapen onak ekartzea nahi dut.

Zer espero duzu sentitzea inauteriak amaitzean?

Inoiz ez dut pentsatu arrakasta izan behar duenik. Baina egia da urtero ahal izan dudan gehiena egin dudala, eta horrela egiten duzunean, arrakasta ziurtatuta dagoela.

Argazkia: Ainhoa dantza akademiako dantzariak 2023ko Inauterietan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude