Irungo Udaleko Bide Publikoko arloak jakinarazi duenez, indarrik gabe geratu dira 2023an tabernei eta jatetxeei bide publikoan terrazak eta mahaiak jartzeko eman ziren lizentziak. Baimen hori berritu nahi duten establezimenduek berriz ere izapidetu beharko dute eskaera. Ordainketa zatikatzeko aukera emango zaie.
Pertsona juridikoek eta fisikoek, egoitza elektronikoaren bidez egin ahalko dute eskaera. Era berean, pertsona fisikoek aurrez aurre ere egin dezakete eskaera, HAZean. Baimena zabaldu nahi bada, bertan ezarritako mugak gaindituta, eskaera berri bat aurkeztu beharko dute.
Eskaera motaren arabera epemugak ezberdinak izango dira. Urte natural osoko baimena eskatzeko, eskaera 2024ko otsailaren 15a baino lehen egin behar da. Udako denboraldiko baimena eskatzeko, maiatzaren 1etik urriaren 31ra bitartean terrazak jartzeko, eskaera 2024ko apirilaren 15a baino lehen egin behar da.
Baimenak
Baimenek urtebeteko indarraldia dute gehienez ere, eta interesdunak berritzeko eskaera aurkeztu behar du epe hori igarotzen denean. Bestela, instalazio guztia kendu behar du, eta bide publikoa aurreko egoeran utzi. Edozein momentutan eska daiteke elementuak instalatzeko baimena, baina bide publikoa okupatzeko baimena jaso arte itxaron behar da.
Espedientea izapidetu eta baimena eman ondoren, dagozkion inspekzioak egiten dira, gutxienez hiru kontrol urtean. Aurrenekoa otsail-martxoetan, maiatzaren 1etik urriaren 31ra bitartean luzatzen den udako denboraldiaren aurretik; bigarrena udan zehar egiten da; eta azkena, aldiz, azaro partean. Hori guztia bide publikoan terrazak eta mahaiak instalatzeko modua arautzen duen udal-ordenantzaren arabera egiten da, bai eta gizalegezko portaerak eta bide publikoa erabili, okupatu eta garbitzearekin lotutako kontuak arautzen dituzten udal-ordenantzen arabera ere.