Ostalaritza noraezean

SOS Ostalaritza kolektiboak mobilizazioa antolatu zuen azaroaren 7an Irungo San Juan plazan. COVID-19a dela eta, azken hilabeteetan hartutako murriztapen neurriak eta momentuko itxialdiaren aurrean sektorearen biziraupena ziurtatzeko laguntzak eskatu zituzten ostalariek, beste gauza batzuen artean. Elkarretaratzea segurtasun neurri guztiak errespetatuz egin zen.

Martxo eta apirileko konfinamenduarekin iritsi zitzaion ostalaritza sektoreari lehen itxialdian. Konfinamendua arintzeko neurriekin batera, negozioen pertsianak berriro altsatu eta lanean hasteko aukera izan zuten murriztapen zorrotzen artean. Udara hala edo hala pasa ostean, pandemiaren egoerak okerrera egitearekin batera, segurtasun neurri berriak hartzeko beharra agerian gelditu zen.

Azaroko hilabetearen hasierarekin printzipioz hilabeteko iraupena izango duen itxialdiaren albistea jaso zuten, Eusko Jaurlaritzak kutsaduren kopurua kontrolatzeko iragarritako neurri murriztaileen barnean. José Mari González Manolo tabernako jabeak azaldu duenez, mobilizazioa antolatzeko ideia ostalaritzaren itxialdia jakinarazi aurretik antolatzen hasita zegoen. “Irunen ia 300 ostalaritza establezimendu daudela ikusita eta hiriburura mugitzeko debekuaren aurrean, hirian bertan mobilizazioa antolatzea erabaki genuen”, adierazi du Manolo tabernako jabeak.

Pandemiaren testuinguruan ostalarien sektoreak bizi duen egoera larria salatzeko elkarretaratzea deitu zuen SOS Ostalaritza kolektiboak azaroaren 7rako. Horrela, Irungo San Juan plazan ostalaritza establezimenduetako jabe, langile eta hiritarrak elkartu ziren arratsaldeko 17:30etan hasi zen kontzentrazioan. Musukoak jantzirik eta pertsonen arteko distantziak uneoro errespetatuz, era baketsuan Euskadin 16.000 familia baino gehiagori jaten ematen dien sektorearen etorkizuna babesteko manifestatu ziren irundarrak.

Irungo elkarretaratzea antolatzeko hiriko ostalariek indarrak batu zituzten. Iñaki Galarza, Café Iruneko nagusiak azaldu duenez, “azken hilabeteetako gertakariak ikusita, zerbait antolatu beharra zegoela uste genuen”. Zabaltza plazan kokatutako Don Jabugo tabernako Eneko Mitxelenak azaldu duenez, konfinamenduan gertatu zen bezala ostalaritza establezimenduen itxiera beharrezkotzat jo da, baina, oraingoan ostalariak momentu okerragoan harrapatu dituela azaldu du. Osasun krisialdiaren zabalkundea ekiditeko neurriak hartzeko beharra ulertzen duten arren, Mitxelenak salatu duenez, “agintariei, murriztapen neurriekin batera, talka-plan bat prestatzea falta izan zaiela uste dugu”.

Ostalaritza sektorearen etenaldiak era eta dimentsio guztietako taberna eta jatetxeei eragin die. Aitor Manterola, Patxikune erretegiko nagusiak azpimarratu duenez, une konplikatu honetan neurriak hartzea beharrezkoa bada ere, ostalaritzaren etorkizuna kontutan izan behar da. “Jatetxea itxita egon arren, gastuak izaten jarraitzen dugu”, azaldu du Patxikune jatetxeko nagusiak. Jose Mari Gonzálezek gaineratutakoaren arabera, ostalaritzaren itxialdia beranduegi jakinarazi zaie sektoreko langileei. “Egun batetik bestera gure negozioak berriro ixteko agindua eman zaigu”, azaldu du Manolo tabernako jabeak. Izan ere, asteburuaren atarian, taberna eta jatetxe askok asteburuan zehar bezeroei eskaintzeko generoa prest zeukaten, hotz-ganberak elikagai galkorrez beterik baitzeuden.

Eskakizun partekatuak
San Juan plazako kontzentrazioan irakurritako manifestuaren arabera, ostalariek agintariei neurri ugari proposatu zizkieten momentuko egoerari aurre egin ahal izateko. Batetik, sektorea suspertzen laguntzeko neurriak eskatu zituzten, horretarako, adibidez, alokairuak eta hipoteken ordainketa laguntzeko planen sorrera proposatuz eta presio fiskala murriztea eskatuz. Bestetik, itxialdiaren iraupena eta baldintzen arabera ordaindu beharreko zergen kopurua murriztea edo ezabatzeko nahia adierazi zuten. Aldi Baterako Enplegu-Erregulazio espedienteei dagokionez, ordainketak garaiz egitea eta eskaera tramiteak errazteko beharra salatu zuten. Azkenik, beste zenbait herrialdeetan egin den bezala, ostalaritzaren sektorean BEZA aldi baterako murriztea eskatu zen.

Jaurlaritzaren erantzuna
Asteburuan Euskadiko hiri ezberdinetan ostalariek antolatutako elkarretaratzeen ostean, Eusko Jaurlaritzak 30 milioi euroko aparteko laguntza programa berri baten onarpena jakinarazi zuen. Horrela, establezimenduek, langile kopuruaren arabera, 3.000 eta 4.000 euro arteko diru-laguntzeko aukera izango dute. Laguntzak eskuratu ahal izateko establezimenduek, ordea, COVID-19agatik ezarritako murriztapenak desagertu eta negozioak berriro zabaltzeko aukera ematen denetik, ostalariek jarduerari lau hilabetez eusteko konpromisoa hartu beharko dute. Establezimendu bakoitzak jasoko duen diru-laguntzaren kopurua lokal bakoitzeko langile kopuruaren arabera zehaztuko da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuenez, iragarritako laguntza berriak aurretik Jaurlaritzaren eta beste erakunde batzuek iragarritako diru-laguntzekin bateragarriak izango dira.

Zalantzez jositako etorkizuna
Etorkizunean urrutiegi joan gabe, hiriko ostalaritza establezimenduak azaroko hilabeteari aurre egiteko irtenbideen bila dabiltza. Eskina osatuko Pablo Camporen hitzetan, “ez dakigu gure negozioak aurrera atera eta ordainketa guztiei aurre egiteko gai izango ote garen”. Ostalaritza jarduera guztiz etetea saihesteko irtenbide bakarra, taberna eta jatetxeek eskariak bezeroen etxeetara eraman ahal izateko egokitzea da. Beste batzuek, ordea, jatetxeko argiak itzali eta denboralea baretu arte itxarotea nahigo dute. Horixe da, Iñaki Galarzak azaldu duenez Café Irunen kasua. Urri erdialdetik Café Irun taberna itxita egon da, “azaroko hilabetera begira momentuz berdin jarraituko dugu kasu positiboen kurbak beheraka egiten duela ikusi eta berme minimo batzuekin ireki dezakegula ziurtatu arte”, azaldu du tabernako nagusiak, etorkizunak sektorea inguratzen duten ziurgabetasunak lehenbailehen argitzeko esperoan.

 

Erreportajearen bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude