Jasandako abusuak kontatzearen garrantzia azpimarratu dute biktimek
Kontzientzia pizteko, sarritan, halako esperientziak gertuko sentitu behar izaten ditu hainbat jendek. Bada, Irunen ere, izan dira sexu abusu kasuak. Alberto Barandiaranek ziurtzat du bere tutoreetako bat “abusatzailea” izan zela, 1970eko hamarkadan, Irungo La Salle San Marcial ikastetxean. Bizipen hari eskaini dio Ez duzu abusatuko liburuaren lehen atala. Badira, gainera, irakasle harekin esperientzia txarrak eduki zituzten beste ikasle ohiak ere.
Oroitzapen txarra utzi dio La Salle San Marcialek, orokorrean, Alberto Barandiarani. Deskribapen grisa egin du, eta 70eko hamarkadan eskola “frankista” zela adierazi: “Bortizkeria, diziplina gaizki ulertua, umiliazioa… Agintearen eta hierarkiaren kontrako gorroto sakon bat utzi du nigan”. Aldi berean, irakasle onak ere eduki zituela baieztatu du. Gogoan ditu, bereziki, ostiral arratsaldeetako txistu eta euskara klaseak. “Peio eta Pantxoa, Imanol, Urko eta kantari horien musika entzuten genuen, giro erdi klandestino batean”, azaldu du: “Bi mundu ziren, eskola berdinean. Bazirelako etxean pistola ondo gordeta zutela zioten irakasleak ere bai”.
Ezpainak zeloz estali edo mingaina hariz lotu izan ziotela aipatu du Alberto Barandiaranek. “Irakasle batzuek arautzat zuten indarraren erabilera”, berretsi du Jose Luis Zabala ikasle ohiak: “Ohikoa zen hori, garaiko hezkuntzan”. Sexuari dagokionez, oso gai “konfliktiboa” zela gogoratu du Barandiaranek: “Garai hartako irakaskuntza erlijiosoak zikiratu egin gintuen. Institutura iritsi ginenean, emozio aldetik motzak ginen. Ez genekien neskekin egoten, hitz egiten, barre egiten”. Zentzu horretan, José García irakaslearekin eduki zituzten sexologia klaseen inguruko oroitzapen ona du Barandiaranek: “Guretzat mundu berri bat deskubritzea izan zen hura, interesez eta urduritasun handiz entzuten genuen”.
Anaia Valeriok ere sexuaren inguruan hitz egiten zien. Oso bestelako modu batean, ordea. “Guk bagenekien kontatzen zituenak ez zirela gauza normalak”, onartu du Alberto Barandiaranek: “Esaten zigun ikasgelan hitz egiten genuena ezin zela bertatik atera”. Garaiko EGBko zortzigarren mailan eduki zuen tutore, La Salle San Marcialeko azken ikasturtean. 13 urterekin. Gogoan du anaia Valerioren tutoretzek ikasleen artean eragiten zuten beldurra: “Orduan ez genuen abusu hitza erabiltzen. Ukitu nau, edo gehiegi hurbildu da, esaten genuen”. José Luis Zabalak baieztatu du bera ez zuela ukitu. “Oso selektiboa zen”, aipatu du.
Nola aurre egin
Xabier Etxeberria, behintzat, hautatu zuen. “Txikia nintzen, eta nahiko txolina, haur mentalitatea nuen”, aitortu du. Klase baten ondoren, berarekin geratzeko eskatu zion Valeriok. Kontuz ibiltzeko esan ziola azaldu du Etxeberriak. Inuzenteegia zela, eta munduan zehar jende gaiztoa zegoela, modu txarrean hurbildu eta besarka zezakeena. Eta besarkatu egin zuen. “Bere zakila sumatu nuen”, baieztatu du Etxeberriak. Askatu zuenean, korrika alde egin zuen.
“Paralizatuta gelditzen zara, ez dakizula zer egin”
Xabier Etxeberria
Hurrengo egun batean, bakarrik geratu ziren berriro, eta besarkatzeko eskatu zion Valeriok, bere konfiantza frogatzeko. Berriro alde egin zuen Xabi Etxeberriak. “Hurrengo batean, nirekin haserre, errietan egin zidan, gelako pailazoa nintzela esanez. Lur jota geratu nintzen”, azaldu du. Ez zuen etxean ezer kontatu, beldurrez: “Paralizatuta gelditzen zara, ez dakizula zer egin”. Lagun bati azaldu zion, baina garrantzia kendu nahi izan ziola aipatu du Etxeberriak: “Gerora, askotan pentsatu izan dut zergatik ez nuen etxean kontatu. Konfiantza nuen gurasoekin”.
Hurrengo urteetan anaia Valeriorekin topo egiten zuenetan, izerditan hasten zela baieztatu du Etxeberriak: “Oso urduri jartzen nintzen”. 18-19 urterekin, ordea, barruan zuena bota zion behin: “Esan nion banekiela nitaz aprobetxatu nahi izan zuela”. Valeriok dena ukatu zuen, eta oso oker zebilela erantzun. Etxeberriak askotan pentsatu izan du, ordea, beste ikasle askorekin ere “horrela” ibiliko zela: “Ez bazuen gauza larriagorik egin”.
Alberto Barandiaranek ez du biktimaren kontzientziarik. Bai, berriz, arriskuan egon izanarena. Anaia Valeriok asteburu bat pasatzera eraman zituen Donostiako Angituako etxe batera. Afaldu zuten, eta lo egiterako orduan, ohe bat falta zela konturatu ziren: “Anaia Valeriok esan zidan bere logelara joateko. Nik ezetz erantzun nion, bera haserretu egin zen, eta ni berriz tematuta, ezetz eta ezetz”. Lagunek Barandiaran babestu zuten, eta haiekin lo egin zuen, azkenean. “Baina askotan pentsatu izan dut, agian, adorerik izan ez banu, edo lagunek babestu izan ez banindute, nire bizitza aldatu egingo zela”, esan du Barandiaranek.
Ezkutatu eta lekualdatu
Urte haren amaieran, Anaia Valerio lekualdatu egin zuten. Errioxako San Asensio herriko ikastetxera bidali zuten. “Ezin izan dut baieztatu sexu afera baten ondorioz izan ote zen”, onartu du Alberto Barandiaranek: “Baina argi dago irtenbide hori orokorra izan dela, elizak berak onartua. Salaketa bat zegoenean, denbora batez lekualdatzea. Lehenengo, ezkutatzen saiatzea, eta gero, tokiz aldatzea. Gaur egun badakigu prozedura ohikoa izan dela, argi dago elizaren estrategia hori izan dela urtetan”. Anaia Valerio itzuli egin zen. Lauzpabost urte beranduago Irunen egon zen. Eta handik gutxira, hil egin zen.
Hura argitzen ahalegindu da Alberto Barandiaran, Ez duzu abusatuko libururako. Besteak beste, garaian bere irakasle izandako Anaia Jorgerekin: “Harrituta entzun zuen nire kontakizuna. Behin eta berriro nabarmendu zuen berak ez duela ezer gogoratzen. Anaia Valeriok lagundu egin ziola Irunera iritsi zenean, eta erreferentzia bat izan zela gainerako anaien artean”. Irunero aldizkarirako elkarrizketa egiteko eskaera jaso duenean, Anaia Jorgek erantzun du ezin duela laguntza handirik eskaini, garai hartan ez zelako La Salle San Marcialen lanean ari.
Jarrera aldatu al da?
Gai korapilatsua da, eta jende askok zalantzak ditu, aspaldiko kasuak azaleratzearen inguruan. José Luis Zabala berak aitortu du hori. Xabier Etxeberriak, aldiz, bere testigantza baliagarria izan dadin espero du: “Gaur egun egongo da jendea horrelako abusuak jasaten ari dena. Gertatutakoak entzuten baldin badituzte, agian beste arma batzuk topatuko dituzte”. Nabarmentzekoa da Irungo El Pilar ikastetxean irakaslea dela, gaur egun. Baieztatu du bertan ez duela inoiz halako kasuen berri izan. Hala ere, onartu du ez dutela gaia behar bezain beste landu: “Lehen ere bazeuden bullying kasuak, baina orain kontzientzia dugu, eta aurre egiten diogu. Kasu honetan berdina behar genuke”.
Sexu abusuei dagokienez, gaur egun Irungo La Sallen “oso sentsibilizatuta” daudela baieztatu du Amaia de la Caba zuzendariak: “Edozein susmoren aurrean protokoloa irekiko genuke, eta lehenengoak izango ginateke egoera Hezkuntza ikuskariaren aurrean edota Ertzaintzaren aurrean salatzen, haurren babesa eta ongizatea bermatzeko”. Nabarmendu du La Sallen badutela kode etiko bat, non garbi agertzen den neska-mutilen eskubideak babesteko daukaten konpromisoa. Estintoreak behar dira, ikastetxe guztietan, sexu abusuak ekiditeko.