ALBERTO BARANDIARAN, kazetaria: “Jendeak ulertu behar du pederastia sistemikoa izan dela, eta elizak ezkutatu izan duela, urtetan”

Duela pare bat urte, Spotlight filma ikusi eta gero piztu zitzaien arra. 2000.hamarkadaren hasieran Boston Globe egunkarian Ameriketako Estatu Batuetako elizako pederastia kasuei buruz egindako ikerketa kontatzen du pelikulak. Tom McCarthyk zuzendu zuen, eta 2015eko film onenaren Oscar saria eman zioten. “Produkzio amerikar tipiko bat da, gidoi on bat eta aktore bikain batzuk dituena”, adierazi du Alberto Barandiaran kazetariak (Altsasu, 1964): “Baina kazetaritzari buruzko halako gogo berezi bat piztu zigun”. Ez duzu abusatuko. Pederastia kasuak Euskal Herriko elizan (Elkar) argitaratu du, Iñigo Astiz eta Miren Rubio kazetariekin elkarlanean.

Profesioarekiko pasioaz gainera, alabaina, barne-barneko beste emozio bat mugiarazi zion filmak. Oroitzapen zahar bat: “Txikitan, Irungo La Salle San Marcialen bizitako pasadizo ilun bat, inoiz ahaztu ez zaidana, eta hor zegoena. Trauma berezirik sentitu gabe ere, nik banuen kontzientzia bat, pelikulan kontatzen ziren haien antzekoa zen egoera batean egon izanarena”. Kazetari gisa heldu dio Barandiaranek gaiari, ordea. Gipuzkoan zalaparta handia eragin zuen Juan Kruz Mendizabal Kakux apaizaren auziari buruzko ikerketan ere parte hartu zuen, Berria egunkarian. Horixe kontatzen da liburuan, hain zuzen, Bizkaiko Gaztelueta ikastetxeko kasuarekin, eta hainbesteko sona eduki ez duten beste batzuekin batera.

60ko hamarkadatik XXI.mendeko azken urteetara arte elizgizonen partetik sexu abusuak jasandako biktimen testigantzak jasotzen ditu liburuak. Gainera, legelarien, soziologoen, pedagogoen eta beste zenbait arlotako adituen ekarpenak biltzen ditu, auziaren argazki orokor bat eskaintze aldera. José Ignacio Munilla Donostiako gotzainarekin elkarrizketa ere egin dute libururako. “Erresistentzia askorekin”, aitortu du Alberto Barandiaranek.

Zer nolako oihartzuna eduki du liburuak?

“Argitaratu aurretik, jada, konturatu ginen jende askok gogoa duela gai hauei buruz hitz egiteko. Baina badagoela jende asko, era berean, ezer atera ez dadin nahiago duena. Eta ez naiz elizako hierarkiari buruz hitz egiten ari, soilik. Liburua ez ateratzeko esan digun jendea ere egon da.

Sentsazioa dugu jende bati gogorra edo deserosoa egiten zaiola gaia. Tripetako zerbait da, sexua, lotsa, erruduntasun sentimendua, eliza… Oso konplexua da. Baina azpimarratu nahi nuke gure asmoa ez dela horia, ez dela morbosoa. Guk nahi duguna da orain arte kontatu gabeko zerbait azaleratzea, kazetaritza egitea, azken finean”.

“Mina, askotan, isiltasunaren ondorioa izaten da”
Alberto Barandiaran, kazetaria

Alberto Barandiaranek uste du kazetaritzaren premisetako bat dela inoiz kontatu gabeko hori azaleratzea. Batez ere, oinazea eragin baldin badu: “Mina, askotan, isiltasunaren ondorioa izaten da. Gordetako gauzek, ondo zabaldu eta transmititu ez direnek, min bat sortzen dute”. Gainerako bortizkeria kasuetan bezala, sexu abusuei dagokienez gertatu dena kontatzea garrantzitsua eta sanoa dela uste du kazetariak. “Gero bakoitzak bere ondorioak aterako ditu, denbora beharko da bakoitzak gogoeta egiteko. Baina esaten den bezala, orria pasatzeko, idatzita egon behar du”, nabarmendu du.

 

Jarrera aldatu al du eliza katolikoak, azaleratu diren kasuen ondoren?

“Gaur egun beste jarrera publiko bat dauka elizak: egindakoa onartu behar dela, argitzen saiatu behar dela, eta barkamena eskatu behar dela. Baina egia da, era berean, erresistentzia handiak daudela oraindik. Artxiboak eskatzen baldin badituzu, edo galdera zehatzak egiten baldin badituzu, esate baterako, eragozpen handiak jartzen dizkizute”.

Liburuan, metafora eginez, elizan estintorerik ez dagoela azpimarratu dute egileek. Eraikin askotan, beharbada, ez da inoiz suterik egongo. Baina estintoreak daude, badaezpada. Sexu abusuen aurrean, prebentzio neurriak falta direla uste du Alberto Barandiaranek: “Nik uste dut urrats batzuk eman direla, baina oraindik lan asko egin beharra dagoela. Bestalde, benetako kontzientzia bat falta da, ez bakarrik hierarkiaren artean, baizik eta gizartean ere bai. Jendeak ulertu behar du hauek ez direla kasu isolatuak izan. Sistemikoa izan dela eta elizak ezkutatu izan duela, urtetan”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude