Zinema arkeologikoa protagonista izango da azaroko hilabetean Irunen

Bidasoako Zinema Arkeologikoaren Jaialdia azaroaren 16tik 21era iritsiko da hiriko aretoetara. FICAB jaialdiaren XX. edizioa COVID-19aren pandemiak eragindako egoerarengatik markatuta egongo da, formatu telematikora moldatu eta momentuko segurtasun neurri guztiak betez.

Irungo Amaia Kultur zentroa eta Oiasso Erromatar Museoaz gainera, Donostian, Aquariuma eta, lehenengo aldiz, Tabakalera izango dira jaialdiaren egoitzak. Gune horietan aurrez aurreko saioak egingo dira, higiene- eta osasun-berme guztiak betez. Aurreko urteetan bezala, saioak 17:00etan eta 19:00etan izango dira. 17:00etako saioak, “Gure sorreratik gaur egunera” izenburupean, Amaia KZko hitzaldi-aretoan egingo dira, CBAn egin ordez, handiagoa dela aprobetxatzeko.

Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariaren hitzetan, “inoiz ez genuen imajinatuko hogeigarren urteurrenaren edizio biribil honetara egoera honetan iritsiko ginenik”. Kultura ordezkariak azaldu duenez, FICAB jaialdiaren hasierako helburuak errespetatuz, kalitatezko kultur eskaintza baten aldeko apustua egin nahi da, eskaintzan, historia, arkeologia, zinema eta ikusle guztientzako entretenimenduarekin.

Bestalde, Festhome plataforma izango da XX. Ficaben online egoitza. Jaialdiko emanaldiez etxetik doan gozatu nahi duenak azaroaren 16tik aurrera sartu ahal izango da. Sail ofizialaz gainera, Orona Fundazioak babestutako jaialdiko hezkuntza-saileko filmak plataforma honetan egongo dira eskuragarri interesa duten ikastetxe guztientzat.

Sei dira Hezkuntza-sailean lehiatuko diren filmak: “Twelve decades of discovery”, “Tintin et le mystère de la momie Rascar Capac”, “First among equals”, “Mächtige Männer, onhemächtige Frauen ?”, “Ercolano e Pompei. Visioni di una scoperta” eta “Vellem esse gemma”. Hezkuntza-saileko film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko azpitituluekin. “Mächtige Männer, ohnemächtige Frauen?” filmak, gainera, proiektu pedagogiko bat izango du, ikastetxeek aukera izan dezaten historian zeharreko genero-gaiak lantzeko klasean.

ONCErekin elkarlanean
Edizio berezi honek berrikuntza gehiago ere badakartza. Besteak beste, lehen aldia izango da jaialdian film bat, “Ingeniaritza erromatarra: errepideak”, ikusmen urriko pertsonei egokituta emango dela, Gipuzkoako ONCEren laguntzari esker. Filmak audiodeskribapen-sistema bat dauka, gailu mugikorretan doan deskargatu daitekeena “AUDESC Mobile” aplikazioaren bidez. Hitzordua, asteazkenean, 19:00etan.

Jaialdiaren amaiera-ekitaldia azaroaren 21ean, larunbatean, egingo da, 18:00etatik aurrera. FICABen hogeigarren urteurrena ospatzeko, Bizinema Bang Bang-ek girotuko du eta “The Mummy” (1999) filma proiektatuko da.

Era berean, gogoratu beharra dago datorren asteazkenean, azaroaren 12an, 19:00etan, “Neandertal, el misterio de la Cueva de Bruniquel” proiektatuko dela, aste hauetan zehar FICABeko Epaimahaiaren Sari Nagusiaren irabazleen zikloko azken filma, oso erantzun positiboarekin garatzen ari dena.

20 urte zine arkeologikoarekin
Gainera, Oiasso museoan, “FICAB 20 urte” atzera begirako erakusketa dago, jaialdiaren ibilbidea eta alderdi ezberdinak errepasatzen dituena. Erakusketa honetan, “Allekoaitzeko Kobaundie” filmaren VR ikuskera eskaintzen da. David Soutok eta Greendong Productionsek egindako 360 dokumentala da, Aita Barandiaranek eta Paco Etxeberriak Aiako haitzuloan egindako ikerketa arkeologikoei buruzkoa.

Jaialdia 2001ean sortu zen Irungo Udalaren eta Arkeolan Fundazioaren eskutik, arkeologia eta Oiasso museo erromatarra gizarteratzeko zorroztasun zientifikoa eta dibulgazio-izaera uztartuko zituzten dokumentalen bidez. Bi hamarkada hauetan, 15.000 ikusle inguruk gozatu ahal izan dituzte doan arkeologia, historia eta kultur ondarearekin lotutako 53 herrialdetako 400 film baino gehiago. Hogei urte hauetan jaialdiak egoera zailak gainditu ditu, eta oraingoan ere aurrera egitea lortuko da, etorkizunean herritarrei kalitatezko zinemaldi arkeologikoa eskaintzen jarraitzeko.

Aquariumetik Gipuzkoara
Aurten ere, FICAB jaialdiak Donostiako Aquariumaren laguntza izango du; horrela, jaialdiaren irismena gipuzkoar publikoari zabaltzea lortzen du FICAB jaialdiak. Aquariumeko saio presentziala azaroaren 19an egingo da, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Aquariumean proiektatzen diren filmek lotura zuzena dute urpeko arkeologiarekin eta itsaspeko munduarekin. Jaialdiaren XX. edizioan, hauek izango dira Aquariumean proiektatuko diren zintak: “Deep time crabs”, “Arqueomanía: La Marmotta” eta “L’Odyssée de la Jeanne Elisabeth”.

Jaialdiko filmak Amaia KZn:

  • Astelehenean, hilak 16:
    – 17:00 “A arte rupestre nos Campos Gerais”, Karla Nascimento. Brasil. 2020
    – 19:00 «First among equals». Nikos Dayandas. Grezia. 2019
    – 19:40 “Des-extinción”, Alfonso Par, Espainia. 2019
  • Asteartean, hilak 17:
    – 17:00 “Os enigmas do Cabeço da Mina”, Rui Pedro Lamy, Portugal, 2019
    – 17:30 “Arqueomanía: Pirineos”, Manuel Pimentel. Espaini. 2020
    – 19:00 “À la rencontré du Neanderthal”, Rob Hope, Pascal Cuissot, Frantzia, 2019
    – 20:00 « Pyramid builders, new clues », Florence Tran, Frantzia. 2019
  • Asteazkenean, hilak 18:
    – 17:00 “Twelve decades of discovery”, Nikos Dayandas, Grezia. 2019
    – 17:15 “Arqueomanía: Escuela de gladiadores”, Manuel Pimentel, Espainia. 2020
    – 17:45 “Arqueomanía: Herculano”, Manuel Pimentel, Espainia. 2020
    – 19:00 “Ingeniería romana: carreteras”, José Antonio Muñiz, Espainia, 2020
    20:00 “Ingeniería romana: carreteras”, José Antonio Muñiz, Espainia, 2020
  • Ostegunean, hilak 19:
    – 17:00 “Konto Hona”, Omar El-Mishad, Egipto. 2020
    – 17:10 “Le refuge oublié”, David Geoffroy, Frantzia, 2019
    – 19:00 “Tintin et le mystère de la momie Rascar Capac”, Fréderic Cordier, Belgika, 2019
    – 20:00 « Mächtige Männer, ohnemächtige Frauen ? », Birgit Tanner, Carsten Gutschmidt, Alemania, 2019
  • Ostiralean, hilak 20:
    – 17:00 “Written in Stone”, Farhad Pakdel, Iran, 2016
    – 17:20 “Sauver Notre Dame”, Quentin Domart, Charlène Gravel, Frantzia, 2020-11-09
    – 19:00 “La Questione Aretina: storia de una fortezza construita contro una città”, Gaetano María Mastroncinque Italia, 2018
    – 19:25 “La Alhambra en juego”, José Sánchez Montes, Espainia, 2020

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude