Katea auzoko Antoju baserrian kokaturiko errota honek lau mende baino gehiagoko bilakaera luzea du eta bere burdinola galdu badu ere, errotarria eta mekanismo osoa bere horretan mantentzen ditu. Xabier Berroak bere birraitonaren ondarea babesteko eta etorkizunean egitura konplexu hori berriro martxan jartzeko dituen asmoak azaldu ditu.
Noiz sortu zen Antojuko Errota?
Antojuko Errota 1580. urtearen ingurutik egon da martxan. Errota Elatzeta mendiaren magalean kokatua dago eta Mokozorrotz errekaren iturburutik ura hartzen duen erreka da. Esan daiteke, beraz, XVII. mendearen inguruan martxan jarri zen errota dela. Eta ez errota bakarrik, 1638. urteko testamentuetan ageri denez, forja moduko bat ere bazuen. Horrek bide ematen digu esateko azpiegitura honek gehiegizko tamaina duela, bi lanetarako egina baitzegoen.
Beraz, atzetik bilakaera eta historia luzea duen errota da Antojukoa.
Bai, esan daiteke, historian zehar errota honek errotari asko izan dituela, baina ez jabe asko, ordea. 1900. urtera arte bai Antoju baserria eta bai Antojuko Errota jabetza beraren barnean egon dira, baina maizter edo errotari asko izan ditu. Nola ez, 1899ko eta 1900. Urteko tartean bi baserrien ibilbidea banandu egin zen eta jabe ezberdinak izan ditu ordutik. Bitartean, errotak bere eraldaketak izan ditu, orain adibidez, ez du burdinolarik. Errota, berriz, mantendu egin da eta errotarri bakarra dugu.
Non lortu duzu errota honen iraganarekin loturiko informazio guztia?
Errotarekin loturiko informazioaren zati bat gure familiaren bitartez iritsi zaigu. Izan ere, gure familiakoak izan dira, 1900. urtetik gutxi gorabehera, bertako jabeak. Baina gainontzekoa biltzeko lan asko egin dute errotazale askok. Adibidez, guk ezin dugu jakin errotarri bat nondik datorren edo zein jatorri izan dezakeen. Lehengo astean bisitan etorri zen adituak kontatu zigun errotarria Frantziatik edota Erro aranetik ferrokarrilean ekarria izan daitekeela. Orduan, erroten inguruko hipotesi asko daude, baina Gipuzkoako lurraldean bada gai honen inguruan asko dakien jendea eta gaia ikertzen ari dena, egun mantentzen diren errota guztiak bisitatuz informazioa jasotzen ari direnak.
Errota hau, beste asko bezala, Irungo eta Katea auzoko bizimoduaren isla dira, baina ez hain aspaldiko garaienak, ezta?
Bai, atzera pauso bat egin eta lehengo bizimodua ezagutzeko aukera dira, baina oso atzera egin beharrik gabe. Nire birraitonaren bizitzaren zati bat errota zen, nahiz eta aurretik bai bilakaera eta ibilbide luzea egin duen errota izan. Esan beharra dago Irunen garai batean errota asko zeudela, gaur egun hirian hau bezalako ur-errota pribatuak gutxi diren edo galtzekotan dauden arren. Hiriaren eraldaketaren ikuspegia eskaintzen du, noski, eta iraganaren puska bat da.
Zer ehotzen zen bertan?
Errota honen berezitasunetako bat konfigurazioa da. Normalean Gipuzkoako eta inguruko beste ur-errotek bi errotarri izan ohi zituzten, bata garia irintzeko eta bestea artorako. Gure kasuan, bakarra dugu eta azkeneko urteetan bertako artoa irintzeko erabili zen. Egun ikusi daitekeen konfigurazioan tolarea ikusi daiteke, sagardoa egiteko tresna.
Noiz egon zen azkenekoz martxan?
Ba azkenekoz nire birraitonak eta birramonak erabili zuten 2005. urtera arte, gutxi gorabehera. Harrezkero, geldirik dago, baina esan dezakegu errota osorik dagoela, mekanismo eta egitura osoa mantendu direlarik, erabiltzen utzi zenean bezalaxe. Inguruko errota askok aldiz, egitura mantentzen dute, baina ez dute barruko mekanismorik, edo izatekotan, oso egoera kaxkarrean daude, berriro martxan jartzea ezinezkoa delarik.
“Ba azkenekoz nire birraitonak eta birramonak erabili zuten 2005. urtera arte, gutxi gorabehera”
Nolakoa da Antojuko Errotaren mekanismoa?
Gure kasuan, errotaren berezitasuna da daukagun antepara edo presaren pareta. Gutxi gorabehera, 10 bat metroko altuera izango du eta luzeran beste hainbeste. Beste errota askotan ur-hartzea errotan bertan izaten da edo oso gertu. Gure kasuan, 220 metroko kanala dugu, Mokorrotz errekatik hartuta ura, presaren bitartez. Datu teknikoetan sartuta, presak 15 metroko zabalera eta 40-50 metroko luzera izango du. Errota honen beste berezitasun bat da hustuketarako gunea 70 metro ingurura kokatua duela. Altuera ere aipatzekoa da, 10 metroko altuera duen presari esker, ur gutxi dugun erreka honetan, altuera horrek errota martxan jartzeko aukera ematen du. Lehenago azaldu bezala, errotarri bakarra izateko, bai presa eta gainontzeko azpiegitura guztiak handiegiak direla dirudi. Ur gutxirekin eta nahiko justu zegoenean, ordu eta minutu batzuetan lan egiteko aukera ematen zuen soilik. Ideia bat egiteko, errota honen irintzeko gaitasuna 2.400 fanega edo italdi ingurukoa da, hitz laburretan, 100.000 kilotik gora, baina bakarrik 600 bat egiten zituen.
“Nire ilusioa berriz ere Antojuko Errotak bertako arto irina sortzea izango litzateke”
V. Gipuzkoako Erroten Egunaren inguruko programazioaren parte izan da Antojuko Errota. Nola iritsi zaizue aukera hori?
Oiartzungo Yurrita elkarteko Alex, bere ingurukoekin batera, izugarrizko lana egiten ari da Gipuzkoako errotekin loturik. Haien eskutik eta baita Gordailuko Asier eta Xabierren eskutik Behe Bidasoko erroten katalogo bat osatzen hasiak dira, egun bertako erroten egoera zein den aztertzeko, gero eta errota gutxiago baitaude, Irunen adibidez. Lehendabizi errota bisitatzera etorri ziren eta beraiekin hizketan, aurten Gordailuan errotarien biltzarra egingo zela baliatuz, aukera eman ziguten elkarlanean pare bat bisita gidatu egiteko, bertako jendeak Irunen dauden errotak ezagutzeko aukera izan dezan.
Ezbairik gabe, sekulako fruituak eman ditu aurreko eguneko bisita gidatuak. Bertan parte hartu zuten, guk bezala, errota geldituta daukaten eta martxan jarri nahi duten errotari askok, eta beraiek nola egiten ari diren kontatu ziguten. Ikertzaile askok ere hartu zuten parte, Gipuzkoako erroten katalogoa osatzen lagundu dezakeen informazioa ematen. Eta nola ez, hain denbora gutxian hainbeste aldatu den Irungo hirian, denboran atzera egiteko aukera ematen dizun txoko hau ezagutu nahi zutenak ere izan ziren bertan.
ETBko Herri Txiki, Infernu Handi saioan Antojuko Errota ere izan zen protagonista.
Helburua ez da telebistan agertzea, baina askotan gutxi eginez ateak irekitzea lortzen da. Azkenean, Gipuzkoan egoera honetan dauden errota pribatuak daudela jakinarazteko modu bat da, horiek egoki mantentzeak bere zailtasunak dituelako. Lehen lan publikoa egiten zuen errota pribatu honek, orain irindu beharrean, bere lana publikoari erakusteko balio dezake, hemen bertan nola bizi ziren erakutsiz.
Baduzue etorkizunean errota martxan jartzeko asmorik eta, hala bada, nola egingo duzue?
Ez, gauza ez da erraza; nahiko konplikatua da. Zalantzarik gabe, asmoa errota mantentzea da, martxan egon ez arren. Nire ilusioa berriz ere Antojuko Errotak bertako arto irina sortzea izango litzateke, artoa gainera mantendu dugu. Asmoa, beraz, errota honen ura berriro martxan jartzea da. Horretarako, errotaren azpiegituran lanak egin behar dira, hori ez da hain konplikatua. Konplexuagoak dira presaren paretetan egin beharrekoak, hainbeste urtez geldirik egon ostean, zirrikituak dituzte eta gaizki eginez gero, azpiegitura hori kaltetzeko aukera gehiago dago, mantentzeko baino. Beraz, gauzak poliki-poliki egin beharko ditugu, ez da bi urtean egingo, baina espero dugu errota hau berriro martxan jartzea.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Online ikusgai duzue.



