Udalak urrats berri bat eman du pandemiak kaltetutako ostalaritza sektoreari laguntzeko

Astelehen honetan, prentsaurrekoan, Mónica Martínez Bide Publikoko ordezkariak jakinarazi du terrazak eta mahaitxoak jartzea arautzen duen egungo ordenantzaren aldaketa ekarriko duela hilabete honetako osoko bilkurara. Ekimenaren xehetasunak lehen eskutik azaldu zitzaizkion ostalaritza-sektoreari joan den ostiralean, Irungo Udalean egin zen bilera batean. Hiritar Foroa eta Oiaso Elkarte Federazioa ere izan ziren bileran.

Mónica Martínezek azaldu duenez, “gure asmoa da, indarrean dauden murrizketen ondorioz sektoreak bizi duen egoera eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-larrialdia ikusita, bertako ostalaritzari laguntzen jarraitzea pandemia honen ondorioei aurre egin diezaieten. Horregatik proposatzen dugu terrazei eta mahaitxoei buruzko ordenantza aldatzea eta, hartara, arlo horretan salbuespenez hartu diren neurriak finkatzea”.

Azken hilabeteotan aplikatzen ari diren neurri batzuk sartu nahi dira ordenantzan. Neurri horiek, hartzaileei betebeharrik ez ezartzeaz gain, negozio-aukera positiboak sortzen dituzte, terraza erabiltzeko ordutegia luzatzen baita eta orain arte terraza jartzeko aukerarik ez zuten establezimendu batzuei ere aukera ematen baitzaie. Kontuan hartzen dira Eusko Jaurlaritzak gaur egun ezartzen dituen murrizketak, hala nola barrualdeetan edukiera mugatzea eta barran kontsumitu ezin izatea.

Honako puntu nagusi hauek aldatu dira proposamenean:

  • Terrazak jartzeko ordutegiak: Terrazak goizago jartzeko aukera planteatzen da, 10:00etatik 08:30etara aurreratuta. Kentzeko ordua ez da aldatuko. Mahai osagarriei dagokienez, astelehenetik ostiralera 8:00etara aurreratuko da jartzeko aukera, eta asteburuetan eta jaiegunetan, 9:00etara.
  • Fatxadako mahai osagarriak: Ordenantzak berritasun bat dakar: bi eserleku jartzeko aukera; orain arte, pandemia baino lehen, aukera hori ez zegoen aurreikusita.
  • 1) Mahai osagarriak: ordenantzak aukera finkatzen du oinezkoentzako eremuko elementu horiek (4 eserleku arteko mahai garaiak) 9 metro baino gehiagoko edo gutxiagoko zabalera duten kaleetan jartzeko, galtzadan, zirkulazioa nolabait murriztuta.
  • Mahaiak aparkatzeko lekuetan: Ordenantzak aparkalekuetan terrazak jartzeko aukera finkatzen du, ezarritako espazioen irizpide eta betekizunak betez, eta soil-soilik espaloi, plaza edo espazio libre berezietan terraza jartzeko lekurik ez duten ostalaritza-establezimenduentzat.

Ordezkariak nabarmendu du ekimen honen asmoa dela beste urrats bat ematea ” une zail hauetan hiriko beste sektore batzuekin bezala ostalaritzarekin ere bat eginda egoteko eta ahalik eta erraztasun gehien emateko beren jarduera egin dezaten; izan ere, hain zuzen, hori izan da gure lehentasunetako bat Alarma-egoera deklaratu zenetik”. Alde horretatik, Mónica Martínezek gogora ekarri ditu udalak Irun Aurrera planean sartutako beste ekimen batzuk, hala nola zuzeneko laguntza ekonomikoak edo % 95eko salbuespenak, pandemian zehar, eremu publikoa okupatzeko tasari dagokionez. Ordezkariak adierazi du 2022. urte honetarako ekimen hori aztertu egin nahi dutela, batez ere oraindik ere zer egoeratan gauden ikusita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude