Hiru tailer egingo dira urritik abendura HaurArtean egitasmoaren barnean. Gurasoentzako eta hezitzaileentzako ekintzak izango dira, familietan harreman osasungarriak sortzeko. Nuria Alzaga Gazteriako ordezkariak haurren garapen positiboa bultzatzeko tailerren nondik norakoak azaldu ditu gaur goizean emandako prentsaurrekoan.
Nuria Alzagak azaldu duenez, ekimen hau HaurARTEan programaren esparruan kokatzen da. Gazteriako ordezkariak azaldu duenez, “programaren helburua da ikasketa-komunitate lokal bat izatea, eta haurren eta nerabeen eskubideak ditu ardatz”. “HaurARTEan tailerrak profesionalek emango dituzte, eta haurtzaroan osasun ona izatearekin lotutako hainbat gai landuko dituzte”, gaineratu du ordezkariak.
Horrela, urriaren 18an, Carlos González pediatra eta idazle ospetsu espainiarrak elikaduran izaten diren mito eta sinesmenei buruz, haurren loari buruz eta negarren zergatiari buruz hitz egingo du. Hitzaldi horrek lagundu egingo du familiako eztabaida asko saihesten eta, azken batean, seme-alabez gehiago gozatzen. Beatriz Cazurro psikologo, idazle eta psikoterapeutak ere parte hartuko du. Bere tailerra azaroaren 30ean egingo da, eta ardatza izango da zer garrantzitsua den ulertzea bakoitzaren historia pertsonala eta horrek haurren ongizatean nola eragiten duen. Azkenik, abenduaren 14an, Leyre Cano ekintzailea, hezitzailea eta bideratzailea, familian arauak eta mugak eraginkortasunez ezartzeko giltzarrietan ardaztuko da, eta eguneroko ohiturak, eztabaidak eta desadostasunak aztertuko ditu.
Hiru tailerrak Palmera Montero Gunean egingo dira. Izena emateko epea urriaren 3an irekiko da, eta tokiak bete arte iraungo du irun.org webgunean. Gainera, kontziliazio-zerbitzua eskainiko zaie 3 eta 8 urte bitarteko haurrak zaintzen dituztenei. Halaber, Palmera Monteron beste areto bat gehiago jarriko da, Carlos Gonzálezen lehen haurtzaroari buruzko hitzaldia streaming bidez proiektatzeko, gurasoak beren haurrarekin hitzaldira joan ahal izan daitezen eta, irten behar badute, entzuten jarrai dezaten.
HaurARTEan komunitatearen asmoa da, prestakuntza eskaintzeaz gain, kalitatezko materiala jartzea haur eta nerabeen hazkuntzan eta hezkuntzan diharduten pertsonen eskura, kontsulta dezaten. Hala, podcast eta podcast-bideoak grabatuko dira Carlos Gonzalezekin, eta edozein gailutatik kontsultatu ahal izango dira GazteARTEan web orriaren bidez. Hor, dagoeneko jasota daude Hezkuntza Digital Positiboari, Errespetuzko Hazkuntzari eta Harreman Osasungarriei buruzko aurreko HaurARTEan tailerretan parte hartu zuten profesionalei egindako elkarrizketak eta Kamy Mateorekin Hezkuntza Positiboari buruz grabatutako podcast-ak.
Tailerrak
Urriaren 18an, Carlos Gonzáles, aita, ationa eta pediatra “Haurren hazkuntzari, loari eta elikadurari buruzko mitoak” tailerra emango du. Tailerra arratsaldeko 17:30etik 19:30era Palmera-Montero gunean egingo da gazteleraz. Errespetuzko ikuspegi batetik eta seme-alaben hazkuntzari buruzko ebidentzietan oinarrituta, Carlos Gonzalez pediatrak elikadurari, haurren loari eta negarren zergatiei buruzko mito eta uste komunak aztertuko ditu. Alferrikako borrokak saihestuz, zergatik gertatzen diren ulertuta, gure seme-alabez gozatzen ikasiko dugu. Izen-ematea urriaren 3tik urriaren 16ra egin beharko da, tokiak bete arte.
Azaroaren 30ean, Beatriz Cazurro, psikologoak, idazlea eta psikoterapeutak, “Haurren jokabideak: helduek haurren ongizatean duten eragina” tailerra gidatuko du. Gazteleraz arratsaldeko 17:30etik 19:30era Palmera-Montero Gunean egingo da. Gure historia pertsonalak, askotan, zalantzak, zailtasunak eta segurtasun gabeziak sortzen dizkigu, hazi eta hezteko jarraitu beharreko bideari dagokionez. Geure burua eta haurtzaroa ulertzea beharrezko pausoa da, haurren ongizatea sustatzeko eragile garrantzitsutzat garen aldetik. Izen ematea urriaren 3tik azaroaren 28ra egin beharko da, tokiak bete arte.
Leyre Cano, ekintzaileak, hezitzaileak eta bideratzaileak, “Aruak eta mugak familian: zola ezarri asertzioz” tailerra zuzenduko du abenduaren 14an, arratsaldeko 17:30etik 19:30era. Tailerra euskaraz emango da, aldibereko itzulpena egingo da gaztelaniara eta Palmera Montero Gunean. Familiaren esparruan arauak eta mugak eraginkortasunez ezartzeko gakoak aztertuko dira tailer horretan. Asertzioz komunikatzeko eta jarduteko prestatuko gara, eguneroko adibideak erabiliz. Egunerokoan sortzen diren errutinak, eztabaidak eta desadostasunak aztertuko dituzte, eta familiako erronka horiei aurre egiteko tresnak eta baliabideak eskainiko dira. Kasu honetan ere, izen ematea urriaren 3tik azaroaren 28ra egin beharko da, tokiak bete arte.



