San Juan plaza Bakearen Egunaren ospakizunen erdigunea izan da gaur

Gaur, urtarrilaren 30ean, Indarkeriarik gabeko eta Bakearen Eskola Eguna ospatzen da. Horregatik Irungo San Vicente de Paul, El Pilar eta La Salle ikastetxeetako ikasleak eta irakasleak San Juan plazan elkartu dira. Hiru ikastetxeek elkarlanean eguna ospatzeko ekintzak antolatu dituzte.

San Vicente de Paul ikastetxeko ikasleak arduratu dira aurkezpen lanak egiteaz. Ikasleen arteko elkarrizketa bat irudikatuz ongietorria egin diete gaur eguerdiko 12:00etan San Juan plazan bildutako guztiei. Urtero moduan, Bakearen Eguna “familian” ospatzeko elkartu direla azaldu diete bertaratutakoei jarraian. Ikasleek urtero bakearen eguna ospatzeko dagoen beharraz hausnartu dute ekitaldiaren aurkezpen mezuan.

Ikasleek beren esku ez dauden gerrak, injustiziak eta gatazkak aipatu dituzte. Hala ere, beraien inguruan gertatzen diren “liskar txikiak” konpontzeko gaitasuna dutela gogoratu dute. Horrela, boterea, gehiago edukitzea edo besteen gainetik egotea bilatu ordez, elkar lagundu, barkatu eta desberdintasunak onartzeko bidea aukeratu nahi dutela adierazi dute.

Festa-giroko salaketa

Ekitaldiaren hasierako gogoetaren ostean, El Pilar eta La Salleko ikasleek ikaskideen izenean hitz batzuk irakurri dituzte. El Pilarreko ikasleek bakea abesti batekin konparatu dute, pertsona bakoitzak kolore berezia duela azaltzeko. Horrela, aniztasunaren aldeko mezua irakurri dute, “adiskidetasunean, elkar onartu eta bakearen abestia osatzeko”.

La Salleko ikasleek berriz, gaur gerra jasaten ari diren munduko haur guztiak eta inguruan egoera bidegabeak jasaten dituzten haurrak gogora ekarri dituzte. Horrela, bakearen mezulari izan dira ikasleak, edonon bakearen beharra dagoela adierazteko.

Ikasleen hitzak eta “Nork agindu du?” abestia entzun ostean, bakearen aldeko azken keinua egin dute ikasleek. Izan ere, bi ikaslek bakea irudikatzen duen uso zuri bat askatu dute udaletxeko balkoitik. Era honetan, bakearen deia lau haizetara zabaldu dute, usoaren hegaldiarekin batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude