Irungo ikasleak energia aurreztu eta bertako produktuen kontsumoa indartzeko lanean ari dira

Garapen Jasangarriko arloak antolatuta, Irungo Udalak berriro aukera emango die Irungo ikastetxeei urtero bezala Eskola Agenda 2030ean parte hartzeko. 2004-2005 ikasturtean sortu zen ekimena, eta bi helburu nagusi ditu: ikastetxeetako ikasleen artean jasangarritasun ohiturak sustatzea eta hiria alde horretatik zer egoeratan dagoen aztertzea.

Eskola Agenda 2030ean ikasturtean zehar hiriko hainbat ikastetxetako ikasleek Nazio Batuek ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) aztertzen dituzte. Oraingoan, zazpigarren helburua aztertuko dute ikasleek, energia eskuragarriari eta ez-kutsatzaileari buruzkoa. Hala, Irungo zazpi ikastetxek esku-hartze plan bat diseinatu eta garatuko dute sarean lan eginez.

Udal Foroa egin ondoren, Irungo ikasleek bi ekintza aukeratu zituzten 7. GJHri ekiteko. Alde batetik, herritarrei energia aurrezteko neurriak ezagutarazteko komunikazio-kanpaina bat egitea eta, bestetik, tokiko produktuen kontsumoa bultzatzea.

Esku hartze plana

Une honetan, Irungo ikasleak esku hartzeko plan bat garatzen ari dira, honako urrats hauek jarraituz: plangintza, garapena, komunikazioa eta ebaluazioa. Prozesu hau aurrera eramateko, ikasleek modu aktiboan eta sarean lan egiten dute. Udaberrian ikasleak Eskola Arteko Foroan bilduko dira egindako lana aztertzeko eta partekatzeko. Azkenik, Foroan egindako lana aurkeztuko diete udal ordezkariei.

Ekimenaren funtzionamendua

Eskola Agenda 2030 hiru ardatz nagusitan lantzen da. Ardatzetako bat curriculuma da; beste bat, ikastetxearen kudeaketa, eta hirugarrena, udalerrian parte-hartzea. Orain arte, askotariko gaiak landu dira: ura, energia, eskualdeko mugikortasuna, kontsumoa, elikadura jasangarria, etab.

Garapen jasangarrirako helburuak landuko dituzte ikastetxeek. Aukeratutako helburua curriculumean eta diagnostikoa ikastetxearen kudeaketan txertatu ondoren, jarduera-plan bat garatzen da, hobetu ahal bada hobetuz, eta, horretarako, hainbat jarduera egiten dira, bai ikasgelan bai kalean. Nolanahi ere, lortutako emaitzekin, konpromiso pertsonal batzuk hartzeaz gain, dokumentu bat ere sortzen da udal-ordezkarientzako proposamenak jasotzen dituena, eta ikasturte amaieran, entzunaldia egiten da udaletxeko Areto Nagusian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude