Emakumeok Zast proiektuak emakumeen elkarketa aprobetxatu du kirolaren praktika zabaltzeko

Kera eta Parean elkarteen lankidetzatik Emakumeok Zast izeneko proiektua jaio da. Kirolaren praktika aitzakia hartuta, Irunen bizi diren emakumeen arteko harremanak estutzeko topaketak antolatu dituzte. Kera elkarteko Palmira Dual eta Parean elkarteko Ainara Lopez pozik agertu dira proiektuaren lehen edizioaren emaitzarekin, ahal bezain laster proiektuaren bigarren edizioari ekiteko gogoz.

Ia elkarren arteko berririk ez izatetik lankidetza estuan aritzera pasatu dira Kera eta Parean elkarteak. Palmira Dualek azaldu duenez, iaz Kera elkarteak Irungo gainontzeko elkarteekin lankidetza indartzeko prozesua hasi zuen, eragileen arteko harremanak estutu nahian. Bi elkarteetako kideak elkar ezagutzeko hitzordua lotu zuten Kera elkartearen egoitzan eta amankomunean uste baino helburu eta proiektu gehiago dituztela ohartu ziren. Parean elkarteko Ainara Lopezek azaldu duenez, “beraiek emakume ijito kirolariak ikusarazteko proiektua martxan zuten eta, gu, berriz,  emakumeak kirolera gerturatzeko proiektu batean ari ginen lanean”. Indarrak batu eta elkarrekin murgildu ziren emakumeen artean kirolaren praktika indartzeko proiektu honetan.

“Kirola oso maskulinizatua dagoen espazioa da”

Ainara Lopez, Parean elkarteko kidea

Kiroletik saretzen

Talde bat eratu eta partaideen arteko harremana sortzeko ezer gutxi behar izaten da. Kasu honetan, kirola izan da emakumeen elkarketa sustatzeko aukeratutako bidea. Ainara Lopezen hitzetan, “kirola oso maskulinizatua dagoen espazioa da”. Gauza ezezagunek eragin ohi duten beldurra eta lotsa elkarrekin gainditu nahian, taldean kirola praktikatzea bultzatu nahi izan dute, batasunetik indarrak hartu eta batera lotsak gainditzeko. Palmira Dualek aipatu duenez, emakumeentzat onuragarria izango zen proiektua sortu nahi izan dute, “kirola praktikatzeaz gain, emakumeen arteko loturak indartu eta beste harreman sare batzuk sortzen lagundu nahi izan diegu, beren familia edo ezagunetatik harago”.

Kirol profesionalaz gain, kirola egitea ere espazio gozagarri bat dela erakutsi diete. Beraz, hausnarketak alde batera utzi eta zuzenean ekintzara pasa dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako dirulaguntza bati esker gauzatu ahal izan dute proiektua eta Ainara Lopezek azaldu duenez, “proposatutako ekintzen doakotasun hori oso beharrezkoa zen proiektua benetan mundu guztiari zabaldu ahal izateko”. Palmira Dualek gehitu duenez, “proiektuan parte hartzeko garaian gauza bakar bat eskatu diegu: gozatzeko gogoa ekartzea”.

Gorputza mugituz, aurreiritziak apurtuz

Emakumeok Zast programaren barnean hilabetean behin antolatutako ekintzetan askotariko emakumeek parte hartu dute, nahasketa kultural erabatekoa izan delarik. Batetik, emakume ijitoak kirola egitera animatu dituzte, Palmira Dualek azaldu duenez horretarako behar handia ikusi baitute: “ikerketa batek agerian utzi du emakume ijitoek 10 eta 15 urte gutxiagoko bizi itxaropena dutela kirolik egiten ez dutelako”. Datu hori hobetzen saiatzeaz gain, Irunera iritsi berri diren emakumeek hiriko kirol klubak ezagutu ditzaten ere balio izan du egitasmoak. Horri esker, zenbait emakume taldek izan ditzaketen behar zehatzez jabetzeko aukera izan dute. “Esaterako, ohartu gara Moldaviako emakume gehienek ez dakitela igeri egiten, beren jatorriko herrialdeak ez baitu itsasorik eta igerileku publiko gutxi dituztelako”, azaldu du Ainara Lopezek.

“Datorren urtean esperientzia errepikatzeko aukera badugu, are hobea izango dela imajinatzen dut”

Palmira Dual, Kera elkarteko kidea

Emakumeok Zast proiektuaren lehen edizioan hainbat kirol probatu eta praktikatzeko aukera izan dute. Ainara Lopezek azaldu du emakumeen parte hartzea bultzatzen duten klubekin harremanetan jarri zirela lehenengo, baina azkenean denetarik egin dute, baita parte-hartzaileek proposatutako ekintzak ere. Horrela, errugbian, pilotan, piraguan, padel surfean, eskubaloian eta hipikan ibiltzeko aukera izan dute, besteak beste. “Proposatutako jarduera guztietan parte hartzeko gogotsu ikusi ditugu”, aipatu du Palmira Dualek. Izan ere, proiektuari esker ondo pasatzeko aukera berriak ezagutu dituzte. “Ez da erraza emakumeak klubetara hurbiltzea eta proiektu honen bitartez pausu hori erraztea lortu dugu”, adierazi du Kera elkarteko ordezkariak.

Hain zuzen ere, Ainara Lopezek azaldu duenez, ordutegiaren aukeraketa ere ez da erraza izan, “askotan zaintza lanak gurutzatzen direlako eta etorri berri diren emakumeen baldintzak ez baitira errazak. Hala ere, ordutegi txarra izan arren, emakume asko proiektura batzea lortu dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, ekintzak ostiral goizetan egin dituzte eta ekintza guztietan 15 eta 20 pertsona arteko taldeak elkartzea lortu dute. Beste edizioren bat egitekotan, ekintza bikoizten eta bi ordutegi eskaintzen saiatuko direla adierazi dute, proiektua ahalik eta emakume gehienengana iritsi ahal izateko.

Palmira Dualek dio “behintzat noizbehinka emakume hauetakoren bat elkarrekin egindako kirolen bat praktikatzera ausartzen bada, oso pozik egongo gara”. Eta nahi hori errealitate bat da dagoeneko. Bi emakume Atxiki pilota elkartearen emakumeen taldera batu dira eta beste emakume batek familiarekin piragua bat alokatu du Santiagotarrak elkartean. Beraz, behin probatuta, esperientzia partekatua ohitura bihurtzea da helburua, banaka zein taldeka egiteko. Palmira Dualek azaldu du beti bi elkarteen babesa izango badute ere, emakumeek beren kabuz kirola egiten hastea nahiko luketela.

Era berean, Kera eta Parean elkarteko kideek azaldu dute hiriko kirol klubek besoak zabalik hartu dituztela. “Esan beharra dugu klubetan oso ondo zaindu gaituztela eta gure beharretara ondo egokitu direla”, nabarmendu du Ainara Lopezek. Hortaz, proiektuari esker alde biko aurreiritzi apurketa gertatu da. Klubak zerbait itxia direla pentsatzen da askotan, eta beraz, horrek askotariko emakumeak ezagutzea eragozten du maiz. Parean elkarteko kideak erantsi duenez, “adibidez, beloa daraman emakume batekin harreman natural bat izan dezakegula ikusteko modua da kirola”.

Bigarrenaren bila

Emakumeok Zast proiektuaren lehen edizioaren arrakasta ikusirik, Parean eta Kera elkarteak bigarren edizio bat antolatzeko aukeraren bila ari dira dagoeneko. Palmira Dualen hitzetan, “datorren urtean esperientzia errepikatzeko aukera badugu, are hobea izango dela imajinatzen dut”. Bien bitartean, elkarteen arteko lankidetzari eutsiko diote Ainara Lopezek adierazi duenez, elkarren artean zeinen ondo moldatu diren ikustea “altxor bat aurkitzea” bezalakoa izan baita. Beraz, oinarri sendoak finkatu ostean, etorkizunak esango du zein proiektutan elkartuko diren Keraren eta Pareanen bideak.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude