Isis eta Osirisen mitoa

Argazkia: Tutankamunen ehorzketa-gelako iparraldeko hormako eszenak. Ezkerraldean, Tutankamunek, bere ka (bere arimaren itxura) jarraituz, Osiris besarkatzen du. (Iturria: Wikipedia).

Zer gertatzen zen heriotzaren ostean Antzinaroko egiptoarren ustez? Ba al zegoen hil osteko bizitzarik? Bazen infernurik? Azken mendeetan Egipton hainbat eta hainbat hilobi zoragarri aurkitu dira, ondorioz, gure artean oso zabalduta dago zibilizazio hartako herritarrek garrantzi handia ematen ziotela hil osteko bizitzari.

Baina zer uste zuten gertatzen zela zehazki? Nondik zetorren sinesmen hori? Egiptoko mito zaharrenen artean Isis eta Osirisena kokatzen zen. Honi buruz hainbat eta hainbat bertsio ezberdin sortu dira, haien artean K.o. II. mendean Plutarko historialari grekoak jasotakoa. Hark bildutakoaren arabera, Geb-ek eta Nut-ek, zeruaren eta lurraren jainko-jainkosek, bost seme-alaba izan zituzten: Osiris, Seth, Horus Zaharra, Isis eta Neftis. Amaren sabelean bertan anai-arrebak bikoteka batu ziren, Osiris Isisekin eta Seth Neftisekin. Baina oso jainko ezberdinak ziren elkarren artean. Osirisek nekazaritza, musika eta antzeko jakintzak zabaltzen zituen gizakien artean eta, ondorioz, ikaragarri maite zuten denek. Bere anaiak, Seth jainkoak, ezin zuen jasan egoera hura, eta anaia nagusiaren kontra azpijoko bat antolatu zuen. Haren omenez eskainitako ospakizun handi batera sarkofago eder bat eraman zuen. Oturuntzan zeuden gonbidatu guztiei asko gustatu zitzaienez, Seth jainkoak honako hau proposatu zien: “Frogatu sarkofagoa den-denok, sartu eta zuetako baten neurriak hilkutxaren neurriekin bat baldin badatoz hark beretzat hartu dezake artelan bitxi hau”. Esan eta egin, gonbidatu guztiak pasa ziren hilkutxatik, baina ez zen haien neurrikoa, denek zuten zabal, handi edo txiki. Bat baino ez zen falta probatzeko, Osiris. Sarkofagoan sartu bezain azkar ikusi zuen bikain zetorkiola kutxa, baina Seth jainkoak hori bazekien jada, izan ere Osirisen neurri zehatzak buruan zituela prestatu zuen sarkofagoa. Osiris bertan sartzean hiltzeak jarri zizkion berehala eta korrika Nilora bota zuen anaiaren gorpua, itsas hondoan galduko zelakoan.

Isis jainkosak gertatu zena jakin zuenean, senarraren gorpua lurralde osoan zehar bilatu zuen, baita itsasoaren beste aldean ere, baina aurkitu zuenerako jada hilda zegoen. Isisek gorpua momifikatu eta ehortzi egin zuen, baina Osiris hildakoen munduan berpiztu eta hil osteko bizitzaren jainko bilakatu zen. Geroztik, egiptoarrek beren hildakoak momifikatu eta beste mundurako behar izango zuten guztiarekin ehorzten zituzten, haiek ere beste munduan berpizteko. Bidea ez zen erraza, hala zioen behintzat mitoak, eta faraoien garaian hainbat liburu idatzi ziren hildakoei Osiris jainkoarenganako bidea erakusteko, hala nola, Hildakoen Liburua. Beste mundurako bidaia ondo burutzeko gidak ziren liburu haiek eta, dena ongi bazihoan (irudian ikusten dugun moduan), hildakoak azken juizio bat jasan behar zuen Osirisen aurrean. Bere bihotza balantzaren alde batean kokatzen zen, eta bestean Maat jainkosaren luma. Bihotza luma baino arinagoa bazen pertsona hori zuzena izan zen bere bizitzan zehar, eta beraz, Osirisek ondo hartuko zuen bere altzoan; aldiz, bihotza luma baino pisutsuagoa bazen hildakoak eginiko gaitzen zigorra jasaten zuen, eta bere arima torturatu eta jango zuen munstro baten esku geratzen zen.

Leire Lizarzategui

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude