Bona Dearen sakrilegioa

Argazkia: 1.Bona Dearen eskandalua, Augustyn Mirys (1700 1790). https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/f/f4/Augustyn_mirys_bona_dea_scandal.jpg

Erroma, K.a. 62. urteko maiatzaren 1a. Urtero bezala, gau hartan Bona Dea jainkosaren omenezko jaialdia ospatuko zuten hiriko emaginek; beraiek baino ez, guztiz debekatuta baitzegoen gurtza hartan gizonen presentzia. Festa Pontifex Maximusaren etxean ospatzen zen, eta maiatzaren 1eko gaua iritsi baino lehen Erromako apaiz goren hura eta bere etxeko beste gizon guztiak lagun baten etxera joaten ziren ospakizun femenino sakratu hura ez zapuzteko.

Alabaina, urte hartan erromatar nobleziako gazte bat prest zegoen ohiturei kontra egiteko. Gazte hau, Klodio, izen handiko familiakoa (gens Claudia), Ponpeia deituriko emakume batez maitemindu zen. Baina, tamalez, Ponpeia jada ezkonduta zegoen, Julio Zesarrekin hain zuzen ere. Zesar oraindik ez zen 50-40ko hamarkadetako jeneral ahalguztiduna, baina izen on eta kontaktu askoko politikaria zen jada eta, gainera, urte hartan berari zegokion Pontifex Maximus kargua.

Gazteak, beraz, isilpean ibili beharra zeukan eta, horretarako, Klodiok Maiatzaren 1eko ospakizuna momentu bikaina izango zela erabaki zuen, gau hartan Zesar etxetik kanpo egongo baitzen. Hala, Klodio soinekoekin jantzi, aurpegia margotu, burua belo batez estali eta Zesarren etxean aurkeztu zen, jaia hasi berria zela. Atean bikote gaztearen plana ongi ezagutzen zuen Ponpeiaren mirabe batek ikusi eta sartzen utzi zion. Neskatilak atarian itxaroteko eskatu zion berak Ponpeia abisatzen zuen artean, baina Klodio, grinatsua eta egonarri gutxikoa, etxean zehar bueltak ematen hasi zen bere maitearen bila.

Zafla! Aurrean Aurelia aurkitu zuen, Zesarren ama. Honek, jakina, ez zuen ondo ikusi Klodio eta bere errainaren arteko azpijoko hura eta alarma jo zuen. Bat-batean sekulako saltsa bilakatu zen Bona Dearen jaialdi hura: nobleziako emagin guztiek, haserrez gorri irain honen aurrean, Klodio ostikoka bota eta beraien etxeetara jo zuten, senarrei gertatutakoa kontatu eta sakrilegio haren aurrean konponbide bat eskatzeko.

Biharamunean Klodiori sakrilegio kargua leporatu zioten, salaketa benetan gogorra, erromatarren artean heriotza zigorra eskatzen baitzuen. Baina Klodio etxe onekoa izanik, diru eta kontaktu ugari zituen bere defentsaren alde jokatzeko. Bere errua hiri osoak ezagutzen zuen jada, beraz kasua argudioen bidez irabaztea ezinezkoa izango zela ikusirik, Klodiok bere eskura zituen baliabide guztiak erabili zituen herria zirikatu eta bere aldeko protestak bultzatzeko.

Herritarren babes honek nobleziako beste kide guztiak kezkatu zituen, orain dilema gogor bati egin behar baitzioten aurre: argi zeukatenez sakrilegio kargua zuzena zela, haserrea ez erakartzeko modu bakarra Klodio kondenatzea zen; baina, bestalde, herria bere alde egonik, haren kontrako edozein ekintza suizidio politiko bat izango zen. Hala, gertakizun benetan bitxiak suertatu ziren epaiketa hartan, horien artean ezagunena Zesar beraren testigantza.

Esan bezala, Zesar garai hartan Hiriko piramide politikoan gorantz hasia zen, baina bere boterea oraindik sendotzeke zegoen eta ez zitzaion Klodio etsaitzat izatea komeni. Era berean, Hiriko kargu erlijioso gorena izanik ezin zuen halako nahaspilan sartuta ibiltzea jasan ezta ere. Beraz, jaialdiko gertakizunen berri izan eta berehala dibortziatu zen. Horrexegatik hain zuzen ere, epaimahaiak Klodio errudun ote zen galdetu eta berak ezetz erantzun zuenean han zeuden hiritar guztiak harritu egin ziren. Epaileek, txundituta, gertakaria sinesten ez bazuen zergatik dibortziatu zen galdetu zioten, eta honi Zesarrek gaztelaniaz ezaguna dugun esaldi honekin erantzun omen zion: “La mujer del César además de serlo debe parecerlo”.

Leire Lizarzategui

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude