Imagina dezagun Oiasson bizi garela, duela 2000 urte inguru, eta halako batean, herrian barrena zabaltzen hasi da gladiadore borroka bat izango dela Oiassoko foroan. Gladiadoreen arteko borroken berriak askotan iritsi izan badira ere, orain arte inoiz ez dira hemen gauzatu. Herriko jauntxo talde bat joan omen zen Pompelora gladiadoreen arteko borroka bat ikustera, eta Oiassotik pasatzen diren merkatari batzuek Tarrakon izaten diren borroka horien berri ere eman izan dute. Sekulakoak omen dira, borrokalari trebeak, eta a zer nolako kaskoak eta borroka tresnak eramaten dituzten! Kaskoari Galeae deitzen zitzaion eta 4 kilo inguru pisatzen zituen, brontzezkoak izaten ziren, benetan deigarriak. Baina horretaz gain, Manicae bat ere eramaten zuten ezpata zeramaten besoa babesteko eta hankak babestekoak ere janzten zituzten, batzuk lana lodiz eginak edo brontzez. Baina deigarriena ezkutua, edo Scutum-a eta Gladius–a edo ezpata ziren. Gladiadore batzuek Fuscinae edo tridentea erabiltzen zuten erasorako, edota Rete edo sarea. Hura ondo erabiltzeko sekulako trebezia behar zen. Beste makina bat borroka tresna ere erabiltzen zuten, oso deigarriak denak.
Indarraren, disziplinaren eta boterearen adierazgarri ziren gladiadoreak mota eta maila oso ezberdinekoak ziren, esate baterako, askotan heriotza zigorrera kondenatutakoak erabili ohi ziren borroka haietan, baita esklabuak ere. Gehienetan menperatutako gudari bat esklabu bihurtzen zutenean, askoz ohoretsuagoa zen ezpata batekin borrokan hiltzea, nagusi baten menpe mehategietan edo harrobietan lanean aritzea baino. Ikuskizun haien garrantzia eta oihartzuna zela eta, gladiadore eskolak jarri ziren abian. Eskola haietara gazte libreak ere gerturatzen ziren, borrokalari gisa ospea eta dirua lortu asmoz. Eta eskolan zeuden bitartean egunean hiru aldiz jateko aukera izaten zuten. Hori ez zen kontu makala garai haietan! Gerlari haien elikadura oso berezia zen gainera, esate baterako, garagar irinarekin egindako aia jaten zuten. Gihartuta egon beharrean koipea eduki behar baitzuten gorputzean.
Eskola haiek Erroman eta baita Pompeian ere ireki ziren. Pompeiako eskolan hainbat kasko eta tresna aurkitu dira, gladiadoreen prestakuntzari buruz informazio ugari eskainiz. Penintsulan Kordobako gladiadore eskolari buruz hainbat erreferentzia daude, eta Tarracon beste eskolaren bat ere ba omen zen.
Hermes izan zen ospe handiko gladiadoreetako bat, baita Flamma, edota Espiculo ere. Espiculori Neronek sekulako ondareak oparitu zizkion irabazi zituen borrokengatik.
Borroka haiek hiletetan hasi ziren, erritual modura, ospe handiko hildakoaren omenez egiten ziren zeremonia sakratuetan. Baina poliki-poliki erritu haiek publiko bihurtu eta anfiteatroetan ospatzen hasi ziren. Mota askotakoak gainera, animalien artekoak, animalia eta gizakien artekoak, gladiadoreen artekoak… Eta oso deigarriak ziren koliseoak urez bete eta itsasontzien arteko borrokak. Imajina dezakezue zer nolako prestaketa egin beharko zen horrelako festa bat antolatzeko? Argi dago ikuskizun haien atzean, erabilera politikoa zegoela, garai bakoitzeko enperadoreak herritarren babesa lortzeko eta euren buruari prestigioa emateko.
Zorionez, animalien edo gizakien arteko borroka odoltsu haiek ez dira gurera iritsi. Eskerrak! Hala ere, Francoren garaian ospe handia lortu zuten zezen korridak oraindik ere ospatzen dira. Diktadoreak espainiar identitatea bultzatzeko erabili zituen ikuskizun horiek, eta toreroak bilakatu ziren garai bateko gladiadoreak, animalien aurka borrokatzen zutenak. Franco hil zeneko 50. urteurrena ospatzen den honetan, gogoratzeko modukoa da zezen korriden erabilera, festa “patrio” modura. Odol festa hauek ulertezinak dira gehienontzat, eta bereziki gladiadore borrokak, gure ikuspuntutik onartezinak. Hala ere, 2.000 urtez hemen bizi izan diren euskaldunek seguru Gladiadore festa oso gogoko izango zutela, zezen korridak bezala; horiek telebistan eskaintzen zituzten etengabe, eta sekulako ikuskizun bihurtu ziren. Hala ere, festak gogora ekarriz nik askoz nahiago dut, Oiasson, gaur egungo Irunen ospatuko den euskararen nazioarteko egunaren festa. Urte guzti hauetan ikusi izan den borrokarik gogorrena euskarak aurrera egiteko bizi izan duena izan da. Gladiadoreak ikustera joaten ziren euskal-akitaniar haien hizkuntza zaharretik, kosta ahala kosta gaur arte biziraun duen egungo gure hizkuntzara, Franco diktadoreak galarazi bazuen ere… eta horrexegatik abenduaren 3an festa handi bat ospatuko dugu. Euskararen betaurrekoak jantzita urte eta mende guzti hauetan euskarak aurrera egin izana ospatzeko moduko kontua da. Euskararen prestigioa eta lekua kentzen saiatu baziren ere, ez zuten lortu. Eta Oiassotik Irunera gure hizkuntzak bere bidea egiten jarraitzen du, borrokan, gogotsu eta tinko. Bizirik.



