Ostiral honetan, Gazteriako ordezkari Nuria Alzagak Udalak Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren kontura antolatu dituen ekimenak aurkeztu ditu. Azaroaren 20a da Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna; aurten, igandea.
“Udalak bat egin du Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunarekin, garrantzitsua iruditzen baitzaigu haur guztien eskubideak bistaratu eta nabarmentzea, bereziki egoerarik okerrenean daudenengan jarrita arreta. Horregatik, jarduera programa honen bitartez, haurrek oraindik ere badituzten arazoei helduko diegu, egunero-egunero haien ongizate, garapen eta heziketaren alde lan egitearen garrantziaz kontzientziatzeko”.
Azaroaren 19an, “Adi! Entzun gaitzazu!” lelopean, Irunek haurrentzako hamaika jarduera izango du aukeran, Zabaltza plazan, goizez: haurtxoko eta gaztelekuetako zerbitzuek haurren eskubideei balioa emateko jarduera bereziak antolatu dituzte, eta, gainera, fitxa batzuk eta online joko bat sortu dira, haurren eskubideetako batzuk familiartean eta hezitzaileekin lantzeko.
2023an, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 12. artikulua da ospakizunaren ardatza: haurren iritzia errespetatzeko aldarrikapena.
Txikis del Bidasoa elkartearekin eta beste eragile batzuekin batera antolatu da jardunaldia, 10 bat urtera bitarteko haurrentzat: 11:00etatik 13:00etara bitartean, dibertitu eta espresatzeko espazio ludikoak izango dituzte eskura, hala nola poesia, irakurketa, pintura eta antzerki tailerrak eta mugimendu librekoak. 13:00etan, berriz, Grimm anaien parkea antzezlanaren emankizuna hasiko da, Erre Produkzioena.
Jardunaldia Bidasoa inguruko hainbat eragilerekin elkarlanean antolatu da, Txikis del Bidasoa, Espacio Emhan, Jon Sáenz del Castillo, Rhythm Antzerki Musikala, Parean Elkartea, Txiribuelta Haur Ekintzak eta Asier Burguete barne, eta Bizkaiko eragileek ere parte hartuko dute, hala nola Kilimar Elkarteak eta Erre Produkzioek.
GazteARTEan zerbitzuen parte hartzea
Irungo haurtxokoetako hezitzaileek, hainbat saiotan, haurren eskubideak landu dituzte, eta, lanketa horretan oinarrituz, erabiltzaileek haurren iritzia errespetatua izateko eskubideari buruzko mural bat marraztu dute. Bada, jardunaldiaren esparruan jarriko dute ikusgai.
Martindozenea gaztelekuak, berriz, eskubideei buruzko beste mural bat egingo du, azaroaren 15ean eta 22an, Maialen Arocena artista irundarrarekin: lehenengo egunean, parte hartzaileek haur eta nerabeen eskubideei buruz hitz egingo dute, eta muralaren zirriborroak egingo dituzte, eta, bigarrenean, murala margotuko dute, gaztelekuan mahai jokoetarako erabiltzen den espazioko paretan; egun batean zein bestean, 17:00etatik 20:00etara bitartean. Parte hartu nahi duten nerabeek gaztelekuan bertan eman dezakete izena, WhatsApp bidez [690706471], posta bidez [gazteleku@irun.org], edo Instagram bidez [/gazteleku_martindozenea].
Azkenik, Artiako gaztelekuak beste tailer bat egingo du, mixed media delako teknika erabiliz (alegia, obra batean bi teknika artistiko edo gehiago konbinatuz), azaroaren 14an, 18:00etan, eta 21ean, 17:30ean: lehenengo egunean, parte hartzaileek haurren eskubideei buruz hitz egingo dute; bigarrenean, mihise batean irudikatuko dituzte beren ideiak, eta, nahi izanez gero, etxera eraman ahalko dute mihisea. Parte hartu nahi duten nerabeek izena eman beharko dute, gaztelekuan bertan, WhatsApp bidez [681946798], posta bidez [gazteleku_artia@irun.org], edo Instagram bidez [/gazteleku_artia].
Haurren eskubideei buruzko materiala
Haurtxokoetan partaidetza bidez egindako saioetan oinarrituz, 8 urtetik 11 urtera bitarteko haurrentzako fitxa batzuk diseinatu dira, babeserako, berdintasunerako, identitaterako, aisialdirako eta osasunerako eskubideak lantzeko joko eta materialak dakartzatenak eta familiartean zein hezitzaileekin erabiltzeko direnak, eta, era berean, haurren eskubideei buruzko online joko bat diseinatu da. Material horiek guztiak laster egongo dira eskuragarri, www.irun.org/gazteartean helbidean.
Irun, haurren adiskidea den hiria
Azaroaren 20an, Haurren Eskubideen Adierazpenaren eta Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren (historian gehien berretsi den nazioarteko tratatuaren) onarpenaren urteurrena da –hurrenez hurren, 1959an eta 1989an onartu ziren–. UNICEFek haurren adiskidea den hiri izendatu zuen Irun, eta Udalak Haur eta Nerabeen I. Plana prestatu du, hirian haurren eskubideak sustatzeko.
Programatutako jarduera eta tailerrak
- POESIA XUXURLATUA (Kilimar elkartea)
Poesia jolasa da, oparia, laztana, airea, musika, soinuak eta isiluneak. Poesiaren misterioa gurekin deskubritu nahi?
- JOLAS LIBRERAKO ESPAZIOA (Espacio Emhan)
Jolasteko espazio aberasgarri bat sortzea da helburua, haurrek entzunak izateko eta nahi bezala espresatzeko eskubidea erabili ahal izateko materialez osatutako espazio bat sortzea.
- GURE MAPA (Jon Sáenz del Castillo)
Hiriak helduok diseinatzen ditugu, gure beharretan oinarrituz, eta haurren neurrirako espazio batzuk sortzen ditugu. Zer diote haiek? Tailer honen helburua da parte hartzaileek hiriko puntu jakin batzuk identifikatu eta aztertzea eta kontatzea zer sentitzen duten edo zer-nolako eragina duen eskala aldaketak beraiengan. Gero, hiriaren mapa sentsorial batean irudikatuko dira esperientzia horiek.
- EMOZIOAK MARGOTZEN (Marte Laborategia)
Artegintza landuko da, galdera bat abiapuntu hartuta: zer-nola sentitzen gara entzuten ez digutenean?
- INTERPRETAZIOAN JOLASTEN (Rhythm Antzerki Musikala)
Tailer honetan, ahozko eta gorputzaren bidezko adierazpena landuko da: lehenengo, eszena bat eta, gero, abesti labur bat eta koreografia txiki bat.
- LIBURU TXOKOA (Parean Elkartea)
Zorionez, gero eta liburu gehiago sortzen dira genero ikuspegia kontuan izanik. Bada, Parean Elkarteak horrela sortutako liburuak ezagutarazteko gidaliburu bat prestatu du; hasieran, Katakrak argitaletxearekin elkarlanean, eta, gero, partaidetzaren bidez. Orain, guraso eta haurren esku jarri du, berau osatzen duten liburuekin batera, eta parte hartzaileek espazio atsegin batean irakurri eta ikusi ahalko dute. Gainera, irakurtzen dituzten liburuetako irudien txapak egiteko aukera izango dute.
- PSIKOMOTRIZITATEA (Txiribuelta Haur Ekintzak)
Haurrak mugitzeko, salto egiteko eta/edo arrastaka ibiltzeko espazio bat egokituko da.
- KLERAK (Txiribuelta Haur Ekintzak)
Colón ibilbideko galtzada haurrak espresatzeko mihise bat handi bihurtuko da.
- ERAIKUNTZAK (Txiribuelta Haur Ekintzak)
Eraikuntza pieza handiak erabiliz, kalean eraiki eta espazio publikoaz gozatu ahalko dute parte hartzaileek.
- Grimm anaien parkea (Erre Produkzioak)
Bazen behin parke bat garbitu behar zuen kale garbitzaile pare bat. Parkea itxita egona zen mende bat baino gehiago, baina ateak berriro zabaltzekoa zen. Edonola ere, kale garbitzaileei ez zitzaien burutik pasatu ere egin parkea Grimm anaien omenez eraikitakoa zenik eta haien ipuinetako pertsonaiak (Txanogorritxo, Mari Errauskin, Hansel eta Gretel, Loti Ederra, Edurnezuri…) beren bizitzan sartuko zirenik.
- KALE ANIMAZIOA (A&B Shows, Asier Burguete)