Irungo jaiak hasteko bi hilabete pasatxo falta direnean, Irungo Udaleko Kultura arloak 2024ko San Pedro eta San Martzial jaiak iragartzeko kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du. Proposamenak apirilaren 16tik maiatzaren 24ra bitartean aurkeztu beharko dira. Lanak formatu digitalean zein fisikoan aurkeztu beharko dira.
Aurten, ekainaren 20tik uztailaren 1era ospatuko dira Irungo jaiak eta horiek iragartzeko kartel lehiaketa antolatu da. Sariketan parte hartzeko interesa dutenek formatu digitalean, USB memoria batean, eta formatu fisikoan aurkeztu beharko dituzte kartelak. Lanak aurkezteko epea apirilaren 16an hasi eta maiatzaren 24ra bitarte luzatuko da. Kartel proposamenak Amaia Kultur Zentroan jasoko dira, Aureliano López Becerrako sarreran: asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara bitartean, eta, igandeetan, 11:30etik 13:30era bitartean. Era berean, posta bidez bidali ahalko dira, Irungo udaletxera [helbidea: San Juan Harria 1, 20304 Irun].
Ohikoa denez, kultura, diseinu, arte eta komunikazio munduko profesionalek osatutako batzorde artistiko batek atariko aukeraketa bat egingo du aurkezten diren lan guztien artean. Ondoren, finalistak Udalaren webgunean jarriko dira, herritarrek sariduna bozkatzeko. Oinarriei buruzko informazioa Udalaren webgunean kontsultatu daiteke.