Irungo Udalak 2023ko Sanmartzialen balorazioa egin du behin jaiak igarota

Irungo alkate José Antonio Santanok, Kultura eta Gazteriako ordezkari Nuria Alzagarekin, Gizarte Ongizate eta Udaltzaingoko ordezkari Cristina Labordarekin eta Mugikortasuneko eta Kiroletako ordezkari Borja Olazabalekin batera, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako buruzagiekin batera, 2023ko San Pedro eta San Martzial jaien balantzea egin du.

“Oso balorazio positiboa egiten dugu aurtengo San Martzial jaiei buruz. Jaia eta giro ona izan dira nagusi egun handiak ongi baino hobeto ospatu dituen hirian. Eta hau posible izan da entitate eta irundar askoren partaidetzagatik eta dedikazioagatik, hain zuzen ere maila pertsonalean gogo guztia eta munduko ilusio guztia jarri dutelako ekaineko aste hauek oso garai berezia izan daitezela Irunen”, azpimarratu du alkateak.

Jarduera programa arrakastaz gauzatu da ehunetik gorako proposamenetan, zehazki 118 proposamen egin dira eta horietatik bakarra izan da ezeztatu dena eguraldi txarra zela eta.

Kultura eta Kirola arlotik ekimen guztietan izandako parte-hartze ona nabarmendu dute, kasu batzuetan izen-emateen kopuruaren marka hautsi delako, adibidez San Martzialeko igoera atletikoan edo ‘ez dago sarrerarik’ kartela zintzilikatu delako uztailaren 1eko pilota partiduan, 715 eserleku salduta.   Familientzako antzerki emanaldiak iazko asistentzia-erregistroen gainetik egon dira eta bakarrizketen jaialdia berriro ere izan da jende ugari bildu duen hitzordua, 3.000 lagun baino gehiago bildu baitziren.

Aipatzekoa da, beraz, programak harrera ona izan duela, oso anitza eta kalitatezkoa izan delako; gainera, aurten kontzertuen kartela indartu egin da eta asistentzia ere handiagoa izan da 2022koaren aldean. Ildo horretan, aipatzekoa da David Bustamanteren emanaldia, zeina hasiera ofizialaren aurreko asteburuan eman baitzen aperitibo gisa. Kalkuluen arabera, 9.000 bat lagun bildu ziren San Juan plazan, Kantabriako artistaren kontzertuaz gozatzeko xedeaz.

Egun horietan guztietan gauzek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzeko eta gerta zitezkeen egoerak kudeatzeko zereginak errazteko, jaietan zehar Babes Zibileko Udal Plana aktibatuta egon zen eta Udaltzaingoak zein Ertzaintzak indartu zuten elkarren arteko koordinazioa egunez eguneko jarraipena eginez. Nabarmendu behar da dena gauzatu dela aurreikusten zen moduan, ez da aipatzeko gorabeherarik edo gorabehera deigarririk izan, jaietako jardueren barruan ohikoak direnez aparte.  Era berean, balantze horretan gogora ekarri da aurten, iaz bezala, operatibo bat ezarri dela asistentzia sanitarioei dagokienez, eta zerbitzu hori ere normaltasunez eman dela.

Adibide gisa, ekainaren 28, 29 eta 30ean 38 esku-hartze egin ziren. Eman ziren arretak, nagusiki, lesioak sortu zituzten erorikoengatik, sinkopeengatik eta intoxikazio etilikoengatik izan ziren.

Era berean, gehitu beharreko gertakari gisa eta jaiegunetan gertatzen den bezala, Udaltzaingoak kudeatu ditu ebasketengatik edo lapurretengatik jarritako salaketak; hogei bat ebasketa izan dira, gehienak objektu pertsonalak, hala nola telefono mugikorrak. Aurten, berrikuntza gisa, Babes Zibileko Udal Plana luzatu egin zen Tourraren igarotzearekin batera, eta aurreikusitakoaren arabera garatu zen.

Gizarte Ongizateko arloak koordinatzen duen Adikzioak prebenitzeko dispositiboari dagokionez, aipatu behar da behar bezala funtzionatzen dutela prebentzioko alkoholemiek (264 izan ziren hilaren 24an) eta alkoholaren kontsumoaren arriskuen inguruan sentsibilizatzen duen Botiltzarra programak harrera ona izan duela. Guztira, 472 lagunek parte hartu zuten ekimen horretan. Era berean, 150 alkoholimetro banatu ziren, baita sentsibilizazio kanpainaren kartelak ere, zeinak ostatuetan banatu baitziren.

Jaietako balantzean ere aipatu da indarkeria matxistaren biktimei zuzentzen zaien arreta eta akonpainamendu zerbitzuaren jarduera. Nabarmendu behar da aurten ez dela dei bakar bat ere erregistratu, ezta Whatsapp mezurik ere arreta telefonoan.

Gainerako jarduerei buruz, aipatzekoa da materiala banatu zela, zortzi gune more ezarri zirela Irunen eta hainbat egunetan jarri zirela martxan. Gune horietan interesdunei hainbat azalpen ematen zizkieten, hala nola zein jarduketa neurri dauden indarkeria matxistari aurre egiteko, zertan datzan erakundeen arteko protokoloa eta harremanetarako zein kanal dauden edozein gorabehera gertatuz gero. Jaietan zehar 1.114 lagun pasa ziren gune horretatik eta ez zen inolako gorabeherarik erregistratu.

Gazteria arlotik nabarmendu dute aurten ekainaren 17an, En Tol Sarmiento taldeak Urdanibian emandako  kontzertuan 4.500 lagun bildu zirela eta 25, 26 eta 27an nerabeei begira, berariaz eta erreferentzia gisa ezarritako Gaztegunea programaren karpa eta Bengoren kontzertuan izandako parte-hartze handia; bestalde,   GazteTalent jarduera ere aipatu dute, non hainbat arte-diziplinaz baliatzen diren gazteek erakusten dute tokiko talentua, eta bestalde, diskofestak ere aipatu dituzte, gazteenek gozatzeko eremu berezi gisa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude