David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak eta Miren Echeveste Berdintasuneko ordezkariak beren arloek sanpedro eta sanmartzialak direla-eta datozen asteotan abian jarriko dituzten prebentzio-kanpainen berri eman dute ostegun honetan.
David Nuño ordezkariaren hitzetan, «gaur Udalak asteetan egin duen lanaren emaitza aurkezten dugu. Helburua argia da: gure hirian guztiok nahi ditugun festak zapuzten dituzten jokabideak saihestea, ahal den heinean. Jairik gabeko bi urteren ondoren, aurreko urteetako ildoa berreskuratuko dugu, jai-giroan alkohola eta beste droga batzuk kontsumitzeak dituen arriskuak murrizten saiatzeko».
Hilaren 25ean, arratsaldean, herri-bazkariaren ondoren, prebentziozko alkoholemiak egingo dira Ficoban. Nahi dutenek beren alkoholemia maila neurtu ahalko dute, Ficoban instalatuko den karpara joanda. Alkoholemia tasarekin batera, arriskuak prebenitu eta murrizteko langileek legediaren inguruko informazioa ere emango diete (gidatzeko gehieneko alkoholemia tasak, galtzen diren karneteko puntuak, etab.). Horrez gain, alkoholari buruzko informazio orokorra ere emango diete (batik bat, gorputzetik guztiz kanporatzeko behar den denbora), eta informazio hori jasotzen duen material grafikoa banatuko dute.
Bestalde, aurreko urteetan bezala, Udalak TESTING programa abian jarriko du ekainaren 23an eta 28an. Hilaren 18an, Urdanibiako plazako kontzertuan, eta 30ean BOTILTZARRA programa gauzatuko da. Prebentzio-programa bat da, bide publikoan alkohola kontsumitzen ari diren adingabeei zuzendutakoa, batik bat.
Azkenik, jaietako programan Eusko Jaurlaritzak editatutako «Aukeratu zure udako argazkia – Elige tu foto de verano» orrialde erdiko kartela sartu da, jaietan arriskutsuak izan daitezkeen gehiegikeriak bazter utzita gozatzeko. Era berean, askotariko materialak banatuko dira txosnetan eta tabernetan (kartelak, erabilaldi bakarreko alkoholimetroak, alkohol-tasa ezagutzeko erregeletak, etab.). Material horiekin batera, Gizarte Ongizateko ordezkariaren gutun bat ere igorri zaie ostalariei, adingabeei alkohola saltzea debekatuta dagoela gogorarazteko. Gutun hori bera bidaltzen zaie, halaber, hiriko janari-dendei, debekua aipatuta.
Indarkeria matxistaren aurka
«Jaietan indarkeria matxistaren ondoriozko erasoak prebenitzeko eta gertatzen badira azkar erantzuteko, protokolo bat prestatu dugu: informazio-puntu bat jarriko da, indarkeria matxistari buruzko eskuorriak banatzeko. Horrez gain, jaietan indarkeria matxisten aurrean erantzuteko neurriak jasotzen dituen dokumentu bat ere emango da» esan du, bestalde, Miren Echevestek. Puntu horretako langileak indarkeria matxistaren ondoriozko egoerak kudeatzeko gaituta egongo dira.
Jarduera hau honako egun hauetan egingo da:
-Ekainaren 18an, Urdanibia plazan, 22:30etatik goizaldeko 2:30ak arte, bertan eskainiko den kontzertua dela eta.
-Ekainaren 23an, Urdanibia plazan, 22:30etatik goizaldeko 2:30ak arte, bertan eskainiko den kontzertua dela eta.
-Ekainaren 25ean, Ficoban, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara, bertan egitekoa den herri-bazkarian.
-Ekainaren 25ean, Urdanibia plazan, 22:30etatik goizaldeko 2:30ak arte, bertan eskainiko den kontzertua dela eta.
-Ekainaren 26an, Istillaga plazan, 22:30etatik gauerdira arte, Gazteguneko jarduerek iraun bitartean.
-Ekainaren 28an, Urdanibia plazan, 22:00etatik goizaldeko 2:00ak arte, bertan eskainiko den kontzertua dela eta.
-Ekainaren 30ean, Urdanibia plazan, 22:30etatik goizaldeko 3:00ak arte, Diskofesta dela eta.
Gainera, akonpainamendu-zerbitzu bat ere egongo da, indarkeria kasuren bat gertatuko balitz ere. Indarkeria matxistan espezializatutako hiru profesionalen arreta izango dute jaietan horrelako indarkeria jasaten duen pertsonek. Lehen harrera egingo diete eta aholkuak emango dizkiete, eta erietxera, poliziarengana edo epaitegira lagunduko diete, biktimek nahi izanez gero. Dagoeneko martxan diren baliabideak osatzeko zerbitzu bat da, eta haren bidez arreta emango zaie berehala eta modu puntualean biktimei, kasua dagokion baliabidera bideratu arte, biktimak nahi badu.
Zerbitzua aktibo egongo da ekainaren 18ko 17:00etatik ekainaren 19ko 17:00etara, 24 orduz. Ondoren, jaiegunetan berriz aktibatuko da, ekainaren 23ko 17:00etatik uztailaren 2ko 17:00 arte, eguneko 24 orduetan, etenik gabe. Akonpainamendu-zerbitzu hau eskatzeko, 607.07.02.02 telefonoarekin jarri behar da harremanetan, deituta edo WhatsApp mezua bidalita.
Gainera, telefono morearen irudia inprimatuko da pegatinetan, gero banatzeko. Zenbaki hauek jasoko dira bertan:
- Telefono morea: 607. 07.02.02
- Irungo Udaltzaingoa: 092
- SOS DEIAK: 112
Horrez gain, 100.000 ezpainzapi banatuko dira, «EZ beti da ez: No siempre es NO» mezuarekin, hiriko taberna eta txosnetan barrena, eraso matxisten inguruan kontzientziatzeko eta jai integratzaile batzuen alde egiteko. Bestalde, paper plastifikatuan jasoko da indarkeria matxistaren inguruko informazio guztia eta eraso matxistei erantzuteko neurriak biltzen dituen dokumentua, puntu moreetako informazio berarekin.
Amaitzeko, Echeveste ordezkaria herritarrei zuzendu zaie: «jendea dibertitzea eta ederki pasatzea da Udalaren nahia, baina beti errespetuz eta gizalegez. Eta errespetuaz ari garenean, guk ez bezala pentsatzen eta sentitzen dutenak izan behar ditugu gogoan, guretzat deserosoa izan arren. Delitu homofoboen, gorroto-delituen, eraso matxisten eta sexualen gorakada handia ikusten ari gara herrialde osoan. Oso arduratuta gaude horregatik, eta Udaleko zerbitzuak elkarrekin koordinatzen ari dira, bai eta beste erakunde batzuekin ere, prebentzioa eta erantzunak hobetzeko. Oso argi izan behar dugu, ordea, eraso matxistak eraso fisikotik haratago doazela. Irainak, txistuak, mespretxatzeko keinuak ere eraso matxistak dira. Eta, horren harira, gure mezua argia izan behar da: ZERO TOLERANTZIA edozein errespetu faltaren aurrean. Edozein eraso onartzen badugu, egoeraren arabera onargarriak diren erasoak eta errespetu faltak daudela esaten ariko gara. Eta hori onartezina da».