CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroko IrekiART aretoan “Reencuentro” izenburua duen Jon Benet, Jonbismo, artista bisualaren erakusketa ikusgai dago. Irungo Udalak Kultura Zerbitzuak urriaren 3an eta 4an, ostiral eta larunbatarekin, egingo diren doako bi bisita gidatu antolatu ditu, artista irundarraren beraren eskutik. Bisitetan parte hartzeko ez da beharrezkoa aurretiaz izena ematea.
Bisitak CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroan bertan izango dira, IrekiART aretoan, urriaren 3an, ostiralarekin, 19:00etan, eta 4an, larunbatarekin, 12:00etan, eta, parte hartzeko, ez da beharrezkoa izena ematea.
Prozesu artistiko oso pertsonal baten parte den eskultura sorta bat da erakusketa, eta artistaren praktika digitala eta hazten ikusi duen lekuaren materia naturala bat egiten ditu. Jonek bidean ikasi duenaren eta haurtzarotik haren baitan iraun duenaren artean eraikitako identitate bati forma emateko beharretik sortu da proiektua: Iruni, jaioterriari eta inguruko mendiei lotutako paisaia, egitura, material eta emozioak. Modelatzeko eta hiru dimentsiotan inprimatzeko teknika garaikideak eta Irun inguruan bildutako elementu naturalak konbinatzen dituzte obrek (adarrak, harriak, zura…), eta, horrela, gai organikoen eta digitalen arteko sinbiosia sortzen da.
Jon Benet, Jonbismo
Jon Bismo artista bisual irundarrak eskultura digitalaren eta hiru dimentsioko artearen esparruan dihardu. Ideia Berritzailerik Onenarentzako Irun Saria irabazi zuen, eta teknika bisual berritzaileak eta estetika kolorista eta esperimentala uztartzen ditu. Pull & Bear konpainiarentzat eta beste marka batzuentzat lan egin du, eta nazioarteko estudioekin kolaboratzen du, freelance. Jonbismo artea, teknologia eta komunikazioa hibridatzen dituen sortzaile belaunaldi berri baten adierazgarri da, eta gero eta zabalagoak diren erakustokietara eta gune digitaletara darama Irunen izena.
Kultura eta Sorkuntza zabalduz
CBA berria egungoa halako bi da: 2.400 metro karratu gehiago, erabilera anitzeko zentro batean, eta askotara erabiltzeko aretoak, hala nola IrekiART, hitzaldiak emateko, ikus-entzunezkoak proiektatzeko eta askotariko formatuetako erakusketak egiteko plaza moduko bat; Irun Zuzenean, askotara konfigura daitekeen areto eszeniko bat, biltegiak, kamerinoak, komunak eta beste zerbitzu batzuk dituena; Gazteria Arloaren zerbitzuak emateko gune bat; Kontenporanea, sorkuntza artistikorako gune bat; eta CBAko liburutegiko egungo ikasketa gela handitzeko eremu bat.



