GazteARTEan zerbitzuak CBA Kultura eta Sorkuntza zentro berrira lekualdatu dira

Hilaren 11n, CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroak hamaika aukera eskaintzen die herritarrei. Horien artean, GazteARTEAn-en zerbitzuak daude, aurrerantzean hein handi batean bertatik jardungo direnak. Egoitza berria asteartetik larunbatera egongo da zabalik, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era. AsexoraT zerbitzua, berriz, ostegunetan emango da, arratsaldez, eta hileko lehenengo larunbatean, goizez.

Gazteek beren interes, nahi eta ametsetan oinarritutako proiektuak garatzeko programak sustatuko ditu, gazteek parte hartzeko, esperimentatzeko eta proposamen berriak sortzeko moduko giroa sortuta, eta, horretarako, gazteei zuzeneko arreta emateko zerbitzuak hartuko ditu barnean (IGazte, Konekta, etab.), baita aholkularitza zerbitzu espezializatuak ere (adibidez, AsexoraT).

Horrela, bitartekaritza, informazioa, aholkularitza eta lagun egitea izango ditu oinarri, eta gazteen artean eta gazteen eta Udalaren artean harreman eta konexioak sortzea bultzatuko du, konplizitate eta sinergiak sortzeko.

Gaur emandako prentsaurreko batean, horren guztiaren berri eman du Irungo Udaleko Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkari Sandra Caballerok, IGazte bulegoko kide Unai Rubiorekin, Konekta zerbitzuko kide Mikel Menta eta Aitziber Arruabarrenarekin eta AsexoraT zerbitzuko kide Maialen Dorronsororekin batera. Caballerok nabarmendu duenez, “Gazteria zerbitzurako, CBAren Kultura eta Sorkuntza Zentroak hiriko erdigunean espazio propio eta gazte bat izateko aukera eskaini digu, gure zerbitzuak hurbildu ahal izateko. Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkariak aipatu du gune hau hiriko gazteentzat erreferentzia-leku bihurtzea dela beren helburua, haien proiektuetan eta kezketan lagundu eta aholkuak emateko. Esperimentatu ahal izateko eta haiekin konektatu ahal izateko leku bat, beren ideiek, proiektuek eta ekimenek eragina izan dezaten zentro honen programazioan, hiriko gainerako lekuetan bezala” gaineratu du Caballerok.

Gazteria Arloaren aurtengo apustuetako bat Konekta bitartekaritza zerbitzua da. 16 urtetik 25 urtera bitarteko irundarrentzat da, eta, haren bidez, bi bitartekari gaztek gazteen ekimenei eta berauen garapenari bultzada ematen diete, gazteekin beraiekin batera. Lanerako ardatzak talentu emergentea babestea eta parte hartze aktiboa sustatzea dira, bai zentro berrian eta osatzen duten guneetan bertan, bai hiriko gazteen giroan.

Bestalde, AsexoraT zerbitzuak heziketa sexual eta afektiboa lantzen du, errespetuzko heziketa sexual eta afektibo arduratsu eta osasungarria sustatzen, oinarrizkoa den aldetik gazte irundarren garapenean.

Hain zuzen ere, zerbitzu horrek estreinatuko du GazteARTEan-en egoitza berria, baina, aurrerago, litekeena da aholkularitza zerbitzu gehiago ematea bertan: kulturalak, emantzipazioaren ingurukoak, sozialak…

CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroa

CBA berria egungoa halako bi da: 2.400 metro karratu gehiago, erabilera anitzeko zentro batean, eta askotara erabiltzeko aretoak, hala nola IrekiART, hitzaldiak emateko, ikus-entzunezkoak proiektatzeko eta askotariko formatuetako erakusketak egiteko plaza moduko bat; Irun Zuzenean, askotara konfigura daitekeen areto eszeniko bat, biltegiak, kamerinoak, komunak eta beste zerbitzu batzuk dituena; Gazteria Arloaren zerbitzuak emateko gune bat; Kontenporanea, sorkuntza artistikorako gune bat; eta CBAko liburutegiko egungo ikasketa gela handitzeko eremu bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude