Droga-menpekotasuna prebenitzeko eta horien kontsumoarekin lotutako kalte-arriskuak murrizteko jardueren ildoari jarraikiz, Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak doako ikastaro bat antolatu du ostalaritzako establezimenduen jabe eta langileentzat.
Helburua da laguntza ematea lokal horietan lanean dabiltzan guztiei instalazioetara doazen guztien segurtasuna sustatzeko. Ikastaroa bi egunetan egingo da, 3 orduko bi saiotan. Ekimenaren sustatzailea Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da.
David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariaren hitzetan, «Udalak prebentzioaren alorrean sustatu nahi dituen lanen artean kokatu behar da ekimena, alkoholaren eta bestelako droga batzuen kontsumoaren arriskuak prebenitzeko. Adikzio Planetan garatzen ditugu gaiak dira, eta horrelako ekintzek lagundu egiten digute sentsibilizatzen, laguntza ematen eta indarrak batzen, eragile guztien artean, nahi gabeko egoerak saihesteko».
Ikastaroaren lehen egunean droga-menpekotasunean espezializatutako psikologo batek zenbait gai landuko ditu: droga eta haren efektuak, kontsumoari lotutako arriskuak, adingabeei alkohola saldu eta ematearen inguruan legeak dioena, eta arriskuak murrizteko jarraibideak, lokaletan aplikatzeko.
Bigarren egunean, prestakuntza praktiko bat egingo da, jakiteko nola jokatu behar dugun lokalean arazoak daudenean osasun-laguntza iritsi bitartean eta zer jarraibide balia ditzakegun arriskuak murrizteko. Ikastaroa maiatzaren 24an eta 26an emango da Palmera Montero gunean. Ikastaroa amaitzean, prestakuntza egin dela egiaztatzeko ziurtagiri bat emango zaio parte-hartzaile bakoitzari. Plazak mugatuak dira
Aurreko urteetan, jaien aurretik ostalaritzako establezimenduei jakinarazten zaie kontsumoari lotutako arriskuak zeintzuk diren. Aurten ere, Gizarte Ongizateko arloak gutun bat bidali die ostalaritzako establezimenduei ikastaro honi buruzko informazio guztia helarazteko. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 943 505366 telefonora.
Aipatu behar da, halaber, antzeko prestakuntza bat ere emango dela gazte-elkarteekin lan egiten duten profesionalentzat. Kasu horretan, ikastaroa ekainaren 16an eta17an izango da.