Ostiral honetan, urtarrilak 21, “Ekialde Urruneko musika-tresnak / Instrumentos del Lejano Oriente” erakusketa irekiko da Amaia KZn. Erakusketa otsailaren 13ra arte egongo da zabalik, eta ohiko ordutegian bisitatu ahal izango da: asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.
Amaia KZko erakusketen bidez kultura-ondarea zabaltzeko ildoari jarraituz, kasu honetan, José Luis Loidi eta Lourdes Yarza irundarren “Ikusteko musika” bildumaren zati bat erakutsi nahi da. Seguru asko, Estatuko musika-tresna etnikoen bilduma onena eta Europako onenetako bat. Hirurehun bat tresna hautatu dira, azalpen eta guzti, Amaia KZn erakusteko. Erritual, ohitura edo zeremoniekin zerikusia duten esanahiaz gain, oso tresna ederrak dira, eta gure begietara exotikoak gertatzen dira. Modu egokia, nahiko ezezagunak izan daitezkeen eskualde batzuetako kulturak ezagutzeko.