Garikoitz González, Irun Hiria Musika Bandako zuzendaria: “Musikariok entzulerik gabe ez gara ezer”

Irun Hiria Musika Bandak lotura estua du Irungo festekin. Bereziki, ekainaren 29an, San Pedro Egunean, hiriko bandak hainbat ekitaldietan parte hartzen du. Udalak aurtengo jaiak bertan behera utzi ostean, bandak ez ditu ohiko moduan hiriko kaleak musikarekin alaituko. Garikoitz González Irun Hiria Musika Bandako zuzendariak bandak Irungo festetan duen garrantzia azaldu du.

Jaietako zein ekintzetan parte hartzen du Irun Hiria Musika Bandak?
Denboraren poderioz, Irungo Musika Bandak jaietan izan duen parte hartzea aldatuz joan da. Egun, bandak hiriko jaiekin loturik burutzen dituen ekintza gehienak ekainaren 29koak, San Pedro Egunekoak alegia. Eguna goizeko 8:00etako Dianarekin hasten dugu eta Txanaleta plazatik kalejiran ateratzen garen arte. Arma ikuskatzeetan izan ezik, egun guztia leku batetik bestera ematen dugu. Duela urte asko, bandak ziren herrietan zegoen pizgarri kultural bakarra. Iraganeko jaietako egitarauak aztertuz gero, Irungo jaietan dantzaldi eta kontzertu asko zeudela ikusiko dugu. Irungo bandaz gain, Donostia, Hondarribia, Pasaia edo beste leku batzuetatik etorritako bandek hiriko jaietan parte hartzen zuten. Gainera, 1997. urtera arte bandak alardean eta kantineren aurkezpen ekitaldian parte hartzen zuen, baina alardearen inguruko gatazka piztu zenetik, bandaren jarduna San Pedroko ekitaldietara mugatzen da.

Irungo banda eta hiriko festen arteko lotura aspalditik dator, ezta?
Bai, eta ordutik abesti ia berdinak jotzen direla esan daiteke. Esaterako, San Pedro Eguneko Dianaren partitura kontserbatzen dugu oraindik, aurretik Banda Militarrak jotzen zuena eta orain guk geuk jotzen duguna. XIX. mendearen amaierako lan bat da, beraz, orain arte sortutako piezen oinordekoak direla esan dezakegu.

Iaz ekitaldiak momentuko egoerara egokitzeko modua topatu zenuten?
Bai. Normalean San Pedroko Dianan 50 edo 55 musikarik parte hartu ohi dute eta joan den urtean 25 musikarik osatutako talde murriztuarekin hiriko hainbat puntutan diana jotzea lortu genuen. Irun osoa zeharkatu ostean, goizeko 10:30etan San Juan plazan Diana jotzea lortu genuen. Horrekin batera, San Martzialeko himnoa jo genuen eta bertan bildu ginen pertsonentzat oso momentu hunkigarria izan zen bertan bildutakoentzat. Bestetik, Amaia antzokian obra eta martxa batzuk grabatu genituen. Udaletxeko eskaileretan, Txistularien Bandarekin batera, Alkate Soinua grabatu genituen eta polit bezain berezia izan zen.

Aurten, ordea, festetako ekitaldi guztiak bertan behera gelditu dira?
Hala dirudi. Gure azken kontzertua iazko urriaren amaieran eskaini genuen eta ordutik gure jarduera erabat etenda dago. Izan ere, ez dugu ez entseatzeko ez emanaldiak eskaintzeko aukerarik eta jaiekin gauza bera gertatuko da. Espero dut, behin ikasturtea amaituta eta egoerak hobera egiten badu, entseatzen hasteko aukera izatea.

San Pedro Eguneko zein ekitalditan parte hartzen du Irun Hiria Musika Bandak?
Goizeko zortzietan martxan jartzen gara, udaletxeko kanpaiekin batera diana jotzen. San Juan plazan diana entzuteko esnatu berri direnak eta gaupasa egitetik datozenak elkartu ohi dira. Ostean, autobusera igo eta Irungo auzoetan zehar ibiltzen gara. Orotara, hiru ibilbide dauzkagu, hiru urtean behin ibilbideak errepikatzen ditugu, hiriko auzo eta leku guztietara iristen saiatzeko. 10:00etan San Juan plazan bigarren diana jotzen dugu, kasu horretan udalbatzaren aurrean, ondoren haiekin batera Junkaleko Andre Mari Elizarako bidea egiteko. Ibilaldia Atsegiñako erraldoiekin eta Irungo Txistulari bandarekin egiten dugu Alkate Soinua joaz. Hiri edo herri bakoitzak Alkate Soinuaren bertsio propioa du eta, gure kasuan, José María González Bastidak 60ko hamarkadan egokitutakoa da. Udaletxera itzulitakoan kapela eta jaka kendu eta San Pedroko kontzertua eskaintzen dugu. Nirezat urte osoko emanaldi garrantzitsuena da. Kontzertuaren lehen zatian askotariko errepertorioa jotzen dugu, bigarren zatian, aldiz, San Martzial martxak interpretatzen ditugu. Askok pentsatuko dute San Pedro Egunean San Martzial martxa jotzeko ohitura aspalditik datorrela, alabaina, 1993. urtean hasitako ohitura bat da. Izan ere, partiturak oso baldintza txarretan aurkitu zituzten, asko ordurako galduta zeuden eta Bandako Zuzendaritza Batzordeak Josetxo Silguero bandako kideari partiturak berridaztea enkargatu zion, betiere, partitura originaletan oinarrituz. Horrela sortu zen martxak ekainaren 29an jotzeko ideia. Armen ikuskatzeak ikusi ondoren, gaueko 21:00ak aldera Txanaleta plazatik San Juan plaza arteko bidea egiten dugu, San Martzial himnoa joaz.

Musikari irundarrentzat lan handiko eguna izan arren, gogobetegarria da ekintza horietan parte hartzea?
Bai, zalantzarik gabe. Urteko kontzertu bereziena izateaz gainera, San Pedro egunean pilatzen diren ekitaldi guztiengatik oso egun berezia da bandako musikariontzat. Publikoa oso hurbil sentitzeko aukera ematen digute. Musikariok entzulerik gabe ez gara ezer.

Zein da orain Irun Hiria Musika Bandak bizi duen errealitatea?
Irungo bandaren jarduera erabat etenda dago, izan ere, Eusko Jaurlaritzaren araudiak talde ez-profesionalen entseguak eta kontzertuak eragozten ditu. Pixkanaka entseatzen hasteko aukera ematea espero dut, kirolean bezala, guk ere denboraldi-aurrea behar dugulako kontzertuak ematen hasi aurretik. Beraz, abuztu edo iraila aldera kontzertuak antolatzen hastea gustatuko litzaiguke.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude