Alberto Portok 25 urte daramatza Alarde Publikoan desfilatzen. Festaren barnetik azken urteetan alardeak izandako bilakaeraren lekuko izan da. Alarderik gabeko bigarren urtean, Santiago konpainiako teniente gisa alardearen antolaketa barnetik nola egiten den eta alardearekin loturiko arduraren gainean mintzatu da.
Noiz eta nola hasi zinen Alarde Publikoan desfilatzen?
Duela 25 urte hasi nintzen Alarde Publikoan desfilatzen. 1996. urtean publikoaren artean nengoen alardea ikusteko prest eta han gertatu zena niretzat hunkigarria izan zen. Horrela, alardean parte hartzeko erabakia hartu nuen eta hurrengo urteko alardean parte hartu nuen. Hala hasi nintzen alardean desfilatzen.
“25 urte hauetan alardean gauza asko aldatu direla esango nuke”
25 urteren ostean alardea asko aldatu dela uste duzu?
Bai, 25 urte hauetan alardean gauza asko aldatu direla esango nuke. Lehenik eta behin alardearen ofizialtasuna lortu genuen, ondoren konpainia berriak osatzeko aukera izan genuen eta, hortik, alardeko antolakuntzaren parte izatera pasa nintzen.
Zer esan nahi du alardeko konpainia bateko teniente izateak?
Alardearen barnean teniente edo beste edozein kargu izatea ardura handia da. Lehenik eta behin inguruan dauzkazun kideen konfiantza izan behar duzulako. Hala ere, pozik betetzen dudan ardura bat da. Ez dakit sentimendu pertsonala deskribatzeko hitza harrotasuna izan daitekeen, baina antzeko zerbait dela esango nuke.
“Aurten alarderik izan ez arren, garrantzitsua iruditzen zaigu datorren alardeak nola egingo ditugun antolatzen hastea”
Irungo jaiak ekain amaieran ospatzen diren arren, alardea antolatzeko prestaketa lanak lehenago hasten dira?
Ez, alardearen antolaketak urte osoan zehar lan egitea eskatzen du. Lan asko ematen duen arren, gustura lan egiten dugula esan dezakegu.
Zein dira alardearen antolakuntzaren atzean ezkutatzen diren egitekoak?
Adibidez, urtero alardea bukatu bezain laster bilera bat antolatzen dugu. Bilera alardearen hurrengo edizioetan hobetu daitezkeen gauzak aztertzen ditugu eta nahi genuen bezala atera ez direnei buruz hausnartzen dugu. Horrela, hutsegite horientzat konponbidea bilatzen saiatzen gara, aurrerantzean errepika ez daitezen.
Aurreko urtean ez zen alarderik egin eta aurten bera gertatuko da. Alardea bertan behera uztea erabaki konplikatua da?
Denok dakigu momentu honetan bizi dugun egoerak duen garrantzia eta argi dago orain, gauza guztien gainetik, osasunak duela lehentasuna. Datorren urtean, egoera bestelakoa izango dela espero dugu, eta orduan bai, alardea berriro antolatzeko aukera izatea
Santiago konpainiako teniente gisa dauzkazun ardurek festaz gozatzeko aukera ematen dizute?
Bai, noski, arazorik gabe festez gozatzeko aukera dut. Orokorrean oso giro ona izan ohi dugu eta, esan dudan moduan, teniente postua pozik betetzen dut. Datorren urtean edo hemendik bi urtera teniente postuan norbaitek erreleboa hartzen badit, arazorik gabe berriro eskopeta hartuko nuke eta soldadu arrunt gisa desfilatzera itzuliko naiz.
Erraza da jai giroan erantzukizunak izatea eta jendeak zuen aginduak jarraitzea?
Bai, orokorrean bai. Esaterako, arratsaldean apur bat zailagoa izan daiteke, jendeak egun osoa daramalako jai giroan murgildurik eta konplexuagoa izan daiteke. Dena den, txantxak alde batera utzita, beti giro oso onaz inguratzen gara ez dugu arazorik izaten.
Aurten alarderik izan ez arren, datorren urteko alardea antolatzeko lanean hasi zarete?
Esandakoaren moduan, gutxi gorabehera hilero Alardearen Batzarraren bilera egiten dugu. Orain datozen urteetako alardeen antolaketan egin beharreko berrikuntza edo aldaketak aurreikusten saiatzen ari gara. Aurten alarderik izan ez arren, garrantzitsua iruditzen zaigu datozen alardeak nola egingo ditugun antolatzen hastea.
Alardeak mugitzen duen jende kopuru handia kontuan hartuta, festa pandemia garaira egokitzeko moduak topatzeko zaila izan behar du, ezta?
Bai, gainera, erabaki hori ez dago gure esku. Agintariek ezarritako neurriak errespetatu beharko ditugu eta momentuko egoerara egokitu beharko dugu. Hala ere, espero dut datorren urtean alardea normaltasunez egin ahal izatea.
Pandemiaren etenaldiak etorkizunean alardea egiteko moduan eraginik izango duela uste duzu?
Ez dut uste. Orain arte egin izan dugun moduan gure artean kontaktua mantentzen dugu. Txertaketa kanpainak jaien antolaketa nola baldintzatu zezakeen zain geunden, baina azkenean, beste herri eta hiri askotan gertatu den moduan, festak bertan behera uztea saihestezina izan da.
Zer esanahi dute zuretzat San Pedro eta San Martzial jaiek?
Urte osoan zehar hiriko jaiak iristeko esperoan egon ohi naiz. Festak asko disfrutatzen ditut eta oso garrantzitsuak dira niretzat.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.