Gabonetan haurrentzako arte tailerrak egingo dira Menchu Gal aretoan

Kultura arloak jakinarazi du Eguberrietan familia osoarentzako tailerrak egingo direla Menchu Gal aretoan, Jose Zugazti artistaren lanari buruzko erakusketaren baitan. Guztira lau tailer egingo dira, baina bi tailer-mota egingo dira. Tailerrak arratsaldeko 16:00etan hasiko dira eta bi orduko iraupena izango dute. Antolatutako ekintzetan parte-hartu ahal izateko izen-ematea abenduaren 12tik 30era egin behar dira, Irungo Udalaren webgunearen bitartez. Tailerretan 5 urtetik gorako haurrek eta beren familiek parte hartu ahalko dute.

Abenduaren 27an eta 28an

Marte Sorkuntza Tailerreko Miren González Goikoetxeak tailerra eskainiko du abenduaren 27an eta 28an. Tailer honen helburua da eskultura bat sortzea Zugastiren “LOTUrak” eta “ESPIRALak” serieetan oinarrituta. Ondoren, eskultura behatuz, espazioan sortzen diren forma berriak marraztu eta koloreztatuko dituzte. Prozesu horren ondorioz, Zugastiren eskultura beste era batera ikusi eta ulertuko dugu.

Abenduaren 29an eta 30ean

Itsaso Labariren eskutik, abenduaren 29an eta 30ean beste tailer batzuk egingo dira. Erakusketaren baitan egingo den arte-tailerrean, dimentsioekin jolastuko dira, eta lerroaren eta bolumenaren arteko berezitasunak eta erlazioak aztertuko dituzte. Tailerrak bi zati izango ditu; lehenengoan, neurriak, bolumenak, euskarriak eta teknikak landuko dituzte, eta bigarrenean, jolasaren bidez ikastera bideratuta, marrazkitik eskulturara joango dira, 2Dtik 3Dra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude