Auntxa Trikitixa Eskolak hainbat emanaldi eskainiko ditu Eguberrietako egun esanguratsuenetan
Auntxa Trikitixa Eskolak Irungo Gabonen parte ezinbestekoa diren hainbat hitzorduetan parte hartzen du. Trikitixa eta Panderoaren irakaskuntzara zuzenduriko Irungo eskolak errepertorio zabala joko du Gabonetan. Iñaki Aranaga irakasleak akademiaren egoeraren eta hurrengo kontzertuen daten berri eman du.
Nola ibili zarete aurten Auntxa Trikitixa Eskolan?
Pandemia ondoren normaltasunera iritsi gara, pandemia aurreko egoerara, bai emanaldien aldetik bai besteetan ere.
Gabonak datoz eta bertan musika taldeentzako emanaldiak eta hitzorduak ugaritu egiten dira, ezta?
Bai, horrela izaten da beti, baina egun hauetan gehiago, egun berean ekitaldi asko baitaude. San Tomas egunean bertan, lehenengo Donostian joko dugu eta gero Irunen. Aurretik ere, abenduaren 16an Hendaian, Olentzeroren etorreran 23an eta Txingudi Ikastolako Guraso Elkartearekin 24an. Lanez gainezka gaude egun hauetan, baina kanpoan jotzea interesgarria da ikasleentzako.
Horiek izango dira, gutxi gorabehera, aurten izango dituzuen hitzorduak, ezta?
Bai, hori da, 16an Hendaian joko dugu. Era berean, San Tomas egunean, 21ean, Donostian egongo gara 14:30ean eta arratsaldean Irunen 19:30ean. Ama Shantalen zahar egoitzan ere joko dugu. Olentzeroren etorreran 23an, 24an eta Errege Egunean tren geltokian ere joko dugu.
Beraz, Gabonak lanez gainezka izango dituzue, baina emanaldi horiek ikasleentzako motibazio bat ere izango dira, ezta?
Bai, bai. Adibidez, San Tomas egunean jende askoren aurrean jotzea ikasleentzako oso motibagarria da. Azkenean, errepertorioak prestatzen ditugu horretarako, ikasleei helburu bat jarriz. Batzuetan presioa sortzen da, baina helmuga bat finkatuz gero ikasleak askoz gehiago saiatzen dira.
Erraza ote da hain denbora eta egun gutxitan hainbeste emanaldi antolatzea?
Esan bezala hainbeste emanaldi dituzunean aldez aurretik errepertorioak prestatzen dituzu. Denborarekin esaten diezu ikasleei “hau, hau eta hau lantzen joango gara”, baina azkenean urtean zehar entsegu mordoxka egiten ditugu eta tartean edozein emanaldi sortzen bada ere, egiten dugu. Errepertorioak landuak dituzunean, oinarri bat duzunean, errazagoa da beti. Hasiberrientzako bai izaten dela pixka bat zailagoa, baina urte mordoxka jotzen daramatzatenentzako ez.
Errepertorioak Gabonetarako ere egokitzen dituzue, ezta?
Bai, azkenean tokiaren arabera. Urdanibia Plazan, adibidez, ez ditugu Gabon kantak joko, erromeria girokoak baizik. Bertan Joko ditugunak tradizionalak dira, fandango eta arin-arinak eta bestelakoak. Denetarik, pixka bat nahasiak, jendeak ezagunak dituen kantak.
Abesti tradizionalez gain, errepertorioak ere gaurkotzen dituzue?
Bai. Azkenean, denetik izan behar duzu jotzeko garaian, tokiaren arabera aldatzeko. Zahar egoitza batera joaten garenean Gabon kantak jotzen ditugu eta egoiliarrak emozionatu egiten dira. Orduan hori, tokiaren araberakoa da.
Gabonak alde batera utzita, urtean zehar bestelako hitzordu esanguratsuak izan ohi dituzue?
Aurtengo apirilean hiru orduko erromeria egin genuen Zabaltza plazan, eta erromeria talde batek egingo lukeen antzeko errepertorioa jo genuen. Batetik, betiko abestiak, fandango eta arin-arinak eta, bestetik, gaur egungo trikitixa taldeen kantak eta trikitixa ez diren taldeenak ere bai, noski. Datorren urtean, 2023an, antzeko zerbait egitea pentsatu dugu, auzoetara zabaltzeko helburuarekin.
Kalera ateratzea taldea ezagutarazteko eta jendeak musika estilo honetara hurbiltzeko positiboa al da?
Bai. Batzuetan kalera jotzera ateratzen zarenean eta jendeak ikusten zaituenean harritu egiten da. Ezagutzen ez zaituen jendeak ez du espero ikusten duena eta hau ere ikasleen autoestimuarentzako oso ona da. Plazako jendea harritzeak “subidoia” ematen die ikasleei.
Kurtsoa hasita egonda ere, jende berria onartzen duzue taldean?
Bai, beti izaten da kurtsoa hasita egon arren interesatua dagoena. Momentu honetan nahiko beteta daukagu eta agian uztartzea ez litzateke hain erraza izango. Baina ordutegiarekin moldatuz gero, bai, aukera dago.
Bukatzeko, nola ikusten duzu trikitixaren gaur egungo panorama?
Nik ikusten dudana da trikitixa modan dagoela, zenbait musika estilo ezberdinetan azaltzen baita, ez trikitixa klasikoa bezala bakarrik. Orduan, arlo askotan, musika estilo askotan, uztartzen den instrumentua da azkenean.
Elkarrizketaren bideo Txingudi Onlinen ikusgai.